San Ignazio auzoko obra sindikaleko 97 atarietan igogailuak jartzea ahalbidetuko du Bilboko Udalak. Surbisa Berregokipenerako Udal Elkarteak aurrera eramango duen proiektu honek auzoko 968 etxebizitza hartuko ditu, eta 2.071 pertsonari eragingo dio.

23 etxaditan batuta daude, eta beste 55 eraikinen ondoan daude, etxadi itxurarekin eta igogailuarekin, baina denak ez dira irisgarriak. Surbisaren bidez, Hiri Berroneratzearen Sailak igogailuak instalatzen eta irisgarritasuna hobetzen lagunduko die jabeen elkarteei. Zehazki, bere lana lau urratsetan gauzatuko da: egoeraren diagnostikoa, konponbiderako proposamena, kontratazioa bultzatzea eta finantzaketan laguntzea.

“Gure helburua da igogailuak jartzea bizileku-eraikinetan, pertsona guztiek, bereziki adinekoek eta mugitzeko zailtasunak dituztenek, beren bizi-kalitatea eta ataritik etxebizitzetarako irisgarritasuna hobetu dezaten, errotzea eta autonomia pertsonala eta gizarteratzea sustatuz”, azaldu du Nora Abete Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak. “Helburua da pertsonek beren etxeetan bizitzen jarraitu ahal izatea, haien egoera edozein dela ere, eta, beraz, auzoan bizitzearen aldeko apustua egiten jarraitzea”.

Lehenengo urratsetan, Surbisak aholkularitza teknikoa emango du igogailuaren kokapenari eta ezaugarriei buruz, eta aholkularitza juridikoa emango du erabakiak hartzeko: gehiengoak, formalitateak, deialdiak, plangintza, Surbisan bilerak egiteko aukera, etab. Hori guztia adostasunak formalizatze aldera.

Gainera, kontratazioa sustatuko du, arkitektoak eta kontratak hautatzeko aholkularitza teknikoaren bidez. Behar den finantzaketa lortzeko, laguntza ekonomikoak bilatu, transmititu eta tramitatzen lagunduko du. Azkenik, obran zehar arreta jarriko du berankortasunean, eta aholkularitza emango du lanak irauten duen bitartean sor litezkeen arazoen aurrean.

ZAILTASUN TEKNIKOAK

Obra sindikaletako etxebizitzek igogailuak jartzea zaildu eta garestitzen duten ezaugarriak dituzte. Horregatik, orain arte atari batek ere ez du igogailua jartzeko pausua eman. Esaterako, eskailerak oso estuak dira eta hor ez dago igogailurik jartzerik. Irtenbide bat izan daiteke eskailera eraistea, haren ordez igogailua jartzea eta fatxadatik irteten den bolumen batean eskailera berri bat egitea. Baina hiri-multzo homogeneoa osatzen duten eraikin babestuak dira; horregatik, Bilboko Udalak baldintza zehatzak ezarri ditu bere balioa errespetatzeko eta eraikin guztien estetika berdina edo antzekoa izan dadin.

Izapideak konplexuak dira, bloke bakoitza osatzen duten eraikin guztien igogailuak modu homogeneoan eta errespetuz jartzeko aukera emango duen aurreproiektu teknikoa behar delako eta eraikinak babestearen ondorioz Udalaren oniritzia behar delako.

Horren arabera, Surbisak laguntza hauek emango ditu:

  • Irisgarritasunaren arloko orientazio- eta aholkularitza-zerbitzu tekniko-juridikoa.
  • Egoiliarrentzako eta, bereziki, adineko pertsonentzako arreta pertsonalizatua.
  • Leihatila bakarrean informazioa eta izapideak.
  • Udalaren dirulaguntzak eta Eusko Jaurlaritzarenak.

INFORMAZIO HITZALDIA

Era berean, duela egun batzuk, Hiri Berroneratzearen Sailak hitzaldi informatibo bat antolatu zuen 97 jabe-elkarteentzat auzoan. Bertan, Surbisa aurkeztu zen, igogailuen instalazioa, zailtasunak, irtenbide teknikoak eta prozesu osoan lagun egitea errazteko. Bilera horretan, bertaratutakoei gonbita egin zieten Surbisari eraikinera bisita teknikoa egiteko eska zezaten, igogailuaren kokapen zehatza, baldintzak eta bizilagunen kezkak argitu eta bisita horretan sor zitezkeen gainerako gorabeherak azaltzeko.

Gainera, urrian, Surbisak bulego bat irekiko du auzoan, informazioa eta laguntza behar duten pertsonei hurbiletik erantzuteko. Astelehenetan atendituko dute San Ignazioko Udaltegian.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak esku-hartze integrala sustatzen du urian; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten die. Horrek esan nahi du uria berroneratzeaz gain, beste gai batzuk ere landu behar direla, hala nola mugikortasuna, espazio publikoa, ekonomia suspertzea, gizarte-kohesioa, hezkuntza, kultura, enplegua eta abar.

Bestalde, SURBISA udal sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal sozietateak esku-hartzen duen eremuaren barruan daude Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zorrotzaurre eta Zazpilanda. Surbisak helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitateko etxebizitzak eskaintzea, eta bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. Surbisaren lanaren helburua da bizi-kalitatea lortzea, jarduera sustatzea eta urira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.