Datorren igandean, ekainak 20, Errefuxiatuen Munduko Eguna ospatuko da. Hori dela eta, Bilboko Udalak bat egingo du ekimenarekin.

Aurten, etxe hitzaren esanahian eta kulturarteko hirien zereginean oinarritzen da. Izan ere, pertsona batzuentzat hiria da jaio edo askatasunez aukeratzen den lekua, eta beste batzuentzat, berriz, etxea utzi eta beste bat aurkitu behar dutenek, beste definizio bat bilatu behar dute. Horien guztien omenez, Bilboko Udalak bat egin du ospakizunarekin, "guztiok merezi dugulako etxe seguru bat, eta gure kulturarteko hiria, Bilbo, halakoa da", adierazi du Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak.

Ekainaren 20 honetan, Cities Kulturarteko Programak dei egiten die kide diren hiri eta eskualde guztiei "etxea" zer den hausnartzeko. Aurtengo jardunaldiak kulturarteko hiriak gonbidatzen ditu beren etxeak partekatzera eta kanpaina bat egitera "Gure kulturarteko hiria-Gure etxea" lelopean. Baterako kanpainaren bitartez, Kulturarteko Hiriek Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Mandataritzak (ACNUR) errefuxiatuen aldeko mezu bateratua bistaratzeko egiten duen urteroko kanpaina babestuko dute.

"Helburua da gure gizartean kulturartekotasunaren balioak are gehiago sustatzeko beharraz partekatzea eta kontzientziatzea. Hitz gutxitan esanda, pertsona guztiok, gure jatorria edozein dela ere, elkarrekin osatzen dugu gure hirietako gizarte-sarea. Eta Bilbon eredu gara", azaldu du Itziar Urtasun zinegotziak.

BILBO, GURE ETXEA

Kanpaina datozen egunetan ikusi ahal izango da sare sozialetan, irudi eta bideoen bidez.

Bilboko Udalak CEAR Euskadi erakundeari lotutako errefuxiatuak gonbidatu ditu kanpaina honetan parte hartzera eta "etxea" ulertzeko modua azaltzera.

Meriem, Alesseyni, Oumar, Zarifa, Habib, Aboucabar eta Haidenen testigantzei Intercultural Cities-ekin lotutako 140 hirietako beste hainbat pertsonen lekukotzak gaineratuko zaizkie. Horietan guztietan, lasaitasuna, segurtasuna eta babesa dira lelo nagusiak, baita loturen eta adiskide-sareen garrantzia eta bakebidezko ingurune batean ikasi eta lan egiteko aukera ere.

Halaber, Juan Mari Aburto alkateak eta Itziar Urtasun zinegotziak ekimen honetan parte hartu nahi izan dute.

Alkateak azaldu duenez, "Etxea babesa, laguntza eta errespetua da niretzat. Leku fisiko bat da, baina, batez ere, edonora noala nirekin doan sentimendu bat da. Alkate naizen aldetik, nire nahia da beren migrazio-bizitzaren proiektua Bilbon ezartzen dutenek etxe hitzaren adierazpen gorena sentitzea. Gainera, aldi berean zubi sendo bat egitea lortu behar dute, beren jatorrizko tokiarekin. Gure hiria den etxe honetan, kultur aniztasuna abantaila da".

Bestalde, Itziar Urtasunek honela definitzen du etxea: "familiarekiko eta komunitatearekiko loturek indarra hartzen duten tokia. Esparru horretan berdintasunean sentitzen naiz, bertako kide garen pertsona guztien desberdintasuna aitortzen eta onartzen dugulako. Gure hirian, pertsonen arteko elkarrekintzak auzokoen potentzial osoa garatzen laguntzen du. Bilbo guztion etxea da, hiri inklusiboa da".

CEAR EUSKADIREN 25. URTEURRENA

Urtero, egun hori ospatzeko, CEAR Euskadik "Bilbao Refugio" elkartasunezko lasterketa antolatzen du, eta oraingo honetan, osasun-krisia dela eta, ezin izango da deitu.

Ekainean hasi eta abenduaren 18ra arte (Migratzaileen Nazioarteko Eguna), erakundeak jarduera-programa zabala garatuko du 25. Urteurrena ospatzeko. Egoitza Bilbon duen erakunde hau erreferentea da Eusxkadin eta Estatuan asilo eta babes eskubidearen defentsan, errefuxiatu eta migratzaileekiko esku-hartzeetan eta migrazioaren, babesaren zein kulturartekotasunaren eragin politiko eta sozialean.