Bilbok koronabirusaren pandemiari aurre egiteko garatutako ideiak goraipatu dituzte, 2021 Global Mayors Challenge lehiaketako 50 finalisten artean aukeratuz.

Mayors Challenge-ko finalista denez gero, Bilbo Champion Phase delakoan sartuko da orain. Fase honek lau hilabete iraungo du. Denboraldi horretan, ekainetik urrira arte, 50 finalistek euren ideiak zorroztuko dituzte, Bloomberg Philanthropies-en eta berrikuntzan adituak diren liderren laguntzaz. Fasea bukatzean, 50 hiri finalistetatik 15ek saria jasoko dute. Bakoitzak milioi bat euro eskuratuko du, baita laguntza tekniko sendoa ere, zenbait urtez, ideia edo proiektua gauzatzeko. Hiri irabazleak Grand Prize Winners-en iragarriko dira, 2022. urtearen hasieran.

“50 finalista hauek munduari erakusten diote hiriak, pandemiaren erronka handien erdian, hazten ari direla, erronka horiei aurre egiteko, ideia ausart, berritzaile eta anbiziotsuekin”, esan du Michael R. Bloomberg Bloomberg, LP eta Bloomberg, Philanthropies-en sortzaile eta New York hiriko 108. alkateak. “Hiri hauek, jasoko duten laguntza baliatuz, datozen hilabeteetan euren ideiak gauzatu ahalko dituzte, onak diren jakiteko, eta punta-puntako politikak eta programak identifikatzeko aukera izango dugu, hiriak berreraiki ahal izateko moduan, sendoagoak, osasuntsuagoak, parekideagoak eta bidezkoagoak izan daitezen”, erantsi du.

ZIBERSEGURTASUNA

Bilboren proiektua herritarrentzako zibersegurtasuneko proiektu bat da. Herritarrek gero eta presentzia handiagoa daukate mundu digitalean; horregatik, segurtasuna indartu behar da ziberespazioan, herritarrak euren aurkako erasoetatik defendatzeko. Hala, alor honek azken hilabeteetan izan duen eboluzioarekin, online segurtasuna funtsezko lehentasun bihurtu da Bilboko Udalaren herritarren segurtasunaren politikan.

Proiektu honen bidez, halaber, herritarren ongizate digitala hobetzen duten mekanismoak sortu gura dira, udal wifi sarean aurkitzen diren online mehatxuak identifikatuz eta blokeatuz eta, era berean, ukitutako pertsonari mehatxuaren berri emanez. Modu berean, proiektuak konponbide prebentibo bat eskaintzen du; izan ere, herritarrak trebatzeko programak prestatuko ditu, mundu digitalean euren burua babesteko tresnekin ahaldundu daitezen.

Ziberdelituak 2020. urtea baino lehenagoko erronka bat dira, baina pandemian zehar arazoa larriagotu egin da, online-prozesuak areagotu direlako. Udalak, BilbaoTIK udal enpresaren bidez, eta betiere sorkuntzan eta garapenean adituak diren eragileekin komunikatuta, proiektu hau diseinatu du; bertan, lehenik eta behin, herritarrek zibersegurtasunaren alorrean dituzten kezkak identifikatzen dira, eta gero prestakuntza-ibilbide bat sortzen da elkarlanean, herritarrak kontzientziatu eta babesteko asmoz.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan duenez, “harro egoteko modukoa da Bloomberg Philantrophies-ek gure proiektua, Bilboren proiektua, hautatzea 50 onenen artean, mundu osoko 630 egitasmotatik”. Albiste honek ilusioa sortzen digu, baina modu berean geure erantzukizuna gogorarazten digu: Bilboko alkatea naizen aldetik, nire lehentasuna bilbotarren ongizatea zaintzea da, eta haien bizi-kalitatea hobetzen duen hiri-eredu bat sortzeko lan egitea, ikuspegi guztietatik, baita digitaletik ere. Gai izan behar dugu geure herritarrei zerbitzu eta prestazio teknologiko berriak eskaintzeko, egunero-egunero hobetzen laguntzen digutenak, funtsezko zutabe batekin: etika eta segurtasuna, pertsonengan zentratua”.

50 Champion Cities direlakoek zenbait ideia jakinarazi zituzten, pandemiak sortu dituen lau erronka garrantzitsuenetakoei erantzuteko, alegia, suspertze ekonomikoa eta hazkunde inklusiboa; osasuna eta ongizatea; klima eta ingurumena; eta gobernantza ona eta berdintasuna. Aukeraketa-batzorde prestigiotsu batek Champion City-ko finalisten hautagaitzak baloratu zituen. Batzordeko zuzendariak Mellody Hobson -Bloomberg Philanthropies-eko zuzendaritza-batzordeko kidea eta Ariel Investments-eko zuzendari exekutiboetako bat eta presidentea- eta David Miliband -International Rescue Committee-ko presidentea eta zuzendari exekutiboa- dira.

“Hau Mayors Challenge-ko fase zirraragarri bat da beti. Izan ere, alkateei berrikuntzak maila handiago batera eramaten laguntzen die”, esan du James Anderson Bloomberg Philanthropies-eko Gobernuen Berrikuntzaren Ataleko buruak. “Azkenean, 15 hirik eskuratuko dituzte sari handiak, baina 50 hiriek jasoko dituzte punta-puntako aholkularitza eta laguntza euren ideiak fintzeko eta jendearen bizitza hobetu ahal izateko”.

2021 Global Mayors Challenge-ren oinarria Bloomberg-ek aurretik babestu dituen lau erronkaren arrakasta da: bi Estatu Batuetan (2013 eta 2018), bat Europan (2014), eta beste bat Latinoamerikan eta Kariben (2016). Informazio gehiago hemen: mayorschallenge.bloomberg.org eta @BloombergCities Twitter-en eta Instagram-en.

BLOOMBERG PHILANTHROPIES-I BURUZ

Bloomberg Philanthropies-ek mundu osoko 120 herrialdetan lan egiten du, ahalik eta pertsonarik gehienentzat bizitza hobea eta luzeagoa bermatzeko helburuarekin. Erakundeak bost alor klabe dauzka, aldaketa iraunkor bat sortzeko asmoarekin: artea, hezkuntza, ingurumena, gobernuen berrikuntza, eta osasun publikoa. Bloomberg Philanthropies-ek Michael R. Bloomberg-en ongintzazko jarduera guztiak hartzen ditu barruan, haren fundazioak eta dohaintza pertsonalak barne. 2016an, Bloomberg Philanthropies-ek 600 milioi USD banatu zituen. Informazio gehiago webgunean eta Facebook, Instagram, Snapchat eta Twitter sare sozialetan.