Bilbotarrek nota ona jarri diote Udalaren kudeaketari eta garatutako proiektuei, Gizaker enpresak egindako 'Udalaren kudeaketaren azterketa soziala' izeneko azterlanaren arabera. Azterlana egiteko, profil ezberdineko 18 urtetik gorako 1.000 pertsonari egin zaie inkesta maiatzaren 19tik 26ra bitartean.

Besteak beste, Udalaren irudia analizatu da, uriaren proiektuak eta zerbitzuak baloratu dira, Udalak nola eraman duen koronabirusak eragindako pandemiaren kudeaketa edota nola erabiltzen diren teknologiak eta sare sozialak herritarren artean. Atal bat baliatu da jakiteko zer pertzepzio duten herritarrek Udalaz eta haren jardunaz, ea ezagutzen dituzten alderdi politikoak eta haien liderrak, eta zer bilakaera izango duen botoak datozen udal hauteskundeetan.

GOGOBETETZEN DITU BILBOK BIZITZEKO LEKU MODUAN, ETA HARRO DAUDE BILBOKO IZATEAZ

Inkesta egin zaien herritarren artean, % 77,3k uste du Bilbo eboluzionatzen eta hazten ari dela, eta balorazio hobea ematen diote gazteek (% 91,6 dira hala baloratzen dutenak 18 eta 29 urte artekoen artean). Era berean, 10etik 8,37 puntu ematen dituzte, Uriak bizitzeko leku moduan zenbateraino gogobetetzen dituen galdetzen bazaie, eta kasik % 90ek dio harro sentitzen dela Bilbokoa izateagatik.

Beharrizan nagusien artean, ehuneko txikiagoan izan arren, poliziaren zaintza eta presentzia handiagoa aipatzen da (% 10,3, guztien artean), eta ondoren berdeguneak eta parkeak (% 9,2), garraio publikoa hobetzea (% 6,1), edo ez ahaztea auzoez (% 3,7). Arazo nagusien artean aipatzen dira segurtasuna, zirkulazioa eta langabezia.

OSO IRITZI ONA UDALAREN PROIEKTUAK ETA ZERBITZUAK DIRELA ETA

Udalaren zerbitzuek nahiz proiektuek oso puntuazio handia lortzen dute, bikain kalifikazioa, hain zuzen. Horien artean, bereziki baloratzen da zenbait ekimenen beharra, hala nola Itsasadarra Dinamizatzeko Proiektua, Artxanda Biziberritzeko Plana, AHT Abandora ekartzea, Euskal Museo berria eta Zorrotzaurreko uhartea.

Udalaren zerbitzu nagusiez den bezainbatean, herritarrek kalifikazio handia ematen diete garraio publikoari, kulturari, kirolari, obrei eta gizarte zerbitzuei eta herritarren segurtasunari.

Bilbo ea uri garbia eta segurua den galdetuta, oro har, % 71,9k uste du baietz, eta 10etik 8 puntu ematen dizkio ia garbiketari, eta 6,51 segurtasunari. Auzoez den bezainbatean, bilbotarrek adierazten dute San Frantzisko, Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra lehenetsi behar direla.

Oso kalifikazio handia ematen zaio, halaber, turistentzat uri erakargarria izateko kontzeptuari: 10etik 8,10; interes turistikoagatik bisitatzeko leku moduan nabarmentzen dituzte: Guggenheim Museoa, Zazpi Kaleak, Abandoibarra pasealekua, Itsasadarra, Artxanda eta Arte Ederren Museoa eta beste museo batzuk.

KORONABIRUSA BILBON: UDALAK KUDEAKETA ONA EGIN DU

Koronabirusaren inpaktua ere, lehenengo bider jo baitu mundu osoa, analizatu da azterlan horretan. Kasu honetan, Bilboko herritarrek ontzat eman dute Udalaren kudeaketa, eta 6,31 puntu ematen dizkiote; ondoren dator Eusko Jaurlaritza, 6,12 puntu ematen baitizkiote; gero Bizkaiko Foru Aldundia (6,11), eta Espainiako Gobernua (5,25).

Itaundu zaielarik ea Bilbon kutsatzeen agerraldi handi samar bat gertatuz gero zer, % 66,7k arrazoizkotzat joko luke ostera ere etxean itxialdian ezartzea, eta, aldiz, % 26,4 horren kontra agertzen da. Baiezko erantzuna ematen dutenen artean, adinaren arabera, handitik txikira: 60 urte baino gehiagokoen artean, % 75,1 alde; 46-60 urtekoen artean, % 67,9 alde; 30-45 urtekoen artean, % 58,3 alde; eta 18-29 urtekoen artean, % 58,8 alde.

Itauntzen zaielarik, baita ere, ea Udalak salaketa gehiago egin beharko ote lituzkeen edo gogortu egin beharko ote lituzkeen zehapenak pertsonen artean gorde beharreko tartearen araua eta maskara erabiltzekoa bete ezean, % 74 alde agertu dira, eta % 19,9 kontra.

Jendeak auzoan maskara behar bezala erabiltzen ote duen eta segurtasun tartea gordetzen ote duen galdetuta, % 17,2k uste du zorrozki betetzen direla arauok, eta % 60,4ren ustean nahiko zorrozki, eta % 17,5en ustean zorroztasun gutxiz betetzen da.

Txertatzeaz galdetuta, balorazioa oso ona da, ostera ere. Hala, % 88,4k dio berehala hartuko lukeela txertoa, eta, aldiz, % 6,3k dio nahiago lukeela itxaron zer ondorio dituen jakin arte; % 3,7k baino ez du adierazi ez duela jarriko inolaz ere. Era berean, galdeturik zenbaterainoko ardura duten birusa erants dakien, herritarrek 10etik 5,8ko puntuazioa ematen diote kezka horri; bestalde, gogoz nola aurkitzen diren galdetuta, 10etik 7,03 puntukoa da gogo-aldi horren balorazioa.

Urian birusaren agerraldiak eragozteko erantzukizuna hein handiagoan nori dagokion galdetuta, % 67,4k uste du herritarrek eurek dutela erantzukizunik handiena.

UDALAREN JARDUNAREN IRUDI ONA

Bilbotarrek beren Udalaz eta haren jardunaz duten irudia oso ona da: % 7,3k uste du irudia bikaina dela, % 54,8k uste du ona dela, eta 10etik 6,54ko puntuazioa ematen zaio irudi horri.

Hala, Udaleko egungo kudeatzaileek egiten duten lanari 6,36 puntu ematen dizkiote, eta honako hauek nabarmentzen dituzte egikunerik positiboenen artean: hobekuntzekin zerikusia dutenak, oro har; garbiketa; parkeak eta pasealekuak; auzoetan, kale eta espaloietan, berdeguneetan, garraio publikoan eta eremuak oinezkoentzako bihurtzean egin diren moldaketak. Ehuneko handi samar batek ez du ezer txarrik ikusten; hala ere, uste dute hobetu egin beharko liratekeela auzoak eta segurtasunik eza, eta aparkaleku gehiagoren beharra hautematen dute.

NOLA BALORATZEN DITUZTEN ALDERDI POLITIKOAK ETA HAIEN LIDERRAK

Nola baloratzen dituzten galdetuta, % 77,1ek ezagutzen du EAJ eta PSE alderdien arteko gobernu ituna. Alderdi politikoez galdetuta, herritarrek ez diete nahikoa ematen Alderdi Popularrari eta Elkarrekin Podemosi, eta, aldiz, EAJ nabarmentzen dute Bilboren interesak gehien defendatzen dituen alderdi gisa.

Galdetzen zaielarik zein alderdi politikok nahiko luketen irabaztea hurrengo udal hauteskundeetan, azterlanak emaitza hau ematen du: EAJ: % 39,3; EH Bildu: % 11; PSE-EE, % 5,6; Elkarrekin Podemos, % 4,5.

Azterlanean, halaber, lider politikoen analisi bat egin da:

  • Iñigo Urkullu (EAJ) Lehendakaria ezaguna da herritarren arteko % 96,4rentzat, eta 6,36ko puntuazioa lortzen du bere lanagatik eta kudeaketagatik.
  • Juan Mari Aburto (EAJ) Bilboko alkatea ezaguna da herritarren arteko % 95rentzat, eta 6,7ko puntuazioa ematen diote bere lanagatik eta kudeaketagatik.
  • Unai Rementeria (EAJ) Bizkaiko ahaldun nagusia ezaguna da % 69,7rentzat, eta 6,01eko puntuazioa ematen diote.
  • Jone Goirizelaia (EH Bildu) ezaguna da % 62,9rentzat, eta 5,8ko puntuazioa ematen diote.
  • Alfonso Gil (PSE-EE) ezaguna da % 58,6rentzat, eta 5,43ko puntuazioa ematen diote.
  • Ana Viñals (Elkarrekin Podemos Bilbao), ezaguna da % 32,9rentzat, eta 5,42ko puntuazioa ematen diote.
  • Raquel González (PP), ezaguna da % 32,6rentzat eta 3,51eko puntuazioa ematen diote.

Azterlanean, amaitzeko, ikerketa bat egiten da jakitearren botoak zer bilakaera izango duen eta hurrengo hauteskundeetan leialtasunaren maila nolakoa izango den, eta, hala, emaitzak dio % 71,9k lehengo boto bera emango lukeela eta % 13,7k ezetz.

Hauteskunde-prospekzio bat eginik, hauteskundeak orain egingo balira, agintaldiaren une honetan, botoa emateko asmoaren ehunekoak hauek izango lirateke:

EAJk % 43 lortuko luke; EH Bilduk % 17,1; PSE-EEk % 15,7; PPk % 9,5; Elkarrekin Podemosek % 8,8.

Ehuneko horiek Udalean osaera hau emango lukete (29 ordezkari dira guztira, eta gehiengo erabatekoa 15 zinegotzirekin lortzen da):

  • EAJ: 14 zinegotzi, orain bezala.
  • EH Bildu: 5 zinegotzi (orain 4 dauzka).
  • PSE: 5 zinegotzi, orain bezala.
  • PP: 3 zinegotzi, orain bezala.
  • Elkarrekin Podemos: 2 zinegotzi (orain 3 dauzka).

SARE SOZIALAK NOLA ERABILTZEN DIREN BILBON

Bilboko Udalaren inkestak, halaber, atal bat du sare sozialen erabilera aztertzeko. Ikerketak emandako datuen arabera, % 50,3k erabiltzen du sare sozialak, eta % 49,7k ez; Facebook da gehien erabiltzen den sarea, eta ondoren datoz Instagram eta Twiter.

Gaiei dagokienez, % 60,8k egunero jotzen du aisialdiko irudiak eta argazkiak ikustera, eta % 55,9k politika-artikuluak irakurtzera.

Horretan ematen duten denboraz, ordea, esan behar bilbotarrek egunero erabiltzen dituztela mugikorrak, tabletak eta ordenagailuak, ordubetean baino gehiagoan, telefonoz hitz egiteaz eta lanaz besteko zereginetarako.