BILBO. Bilboko Udalak 20.000 eurotik 28.000 eurora handituko du urtean sektore eszenikoari laguntzeko bideratutako aurrekontua, Bilbao Aurrera 2021 Udal Planaren bitartez.

Horrez gain, Udalak handitu egin du Otxarkoaga auzoko Harrobia Ekoizpen Eszenikoaren Berrikuntza Zentroaren urteko dirulaguntza, Bilboko sektore eszenikoak doan entseatu ahal izan dezan.

Pandemiaren aurretik, Bilboko Udalak hobariak ematen zizkien Bilboko konpainia profesionalei Harrobia Zentroko instalazioak eta zerbitzuak erabiltzeagatik. Baina Bilbao Aurrera 2020 Planak jaso zuen lehen aldiz Harrobiarako aurrekontu-igoera hori, Bilboko konpainiek instalazioetan inolako kosturik gabe sartzeko aukera izan zezaten. Izan ere, iaz, deskonfinamenduan, 19 konpainiak doan erabili zituzten entsegu-guneak.

Bilboko Udalak sektoreari laguntzeko aparteko beste ekimen batzuk ere baditu. Horietako asko Juan Mari Aburto alkateak bertoko arte eszenikoen sektorearekin egiten dituen aldizkako topaketetan hartutako konpromisoen ondoren jarri dira abian. Orain arte egin diren hiru lan-topaketetan, besteak beste, entseguetarako guneak izan dira jorratu diren gaietako bat, bai eta Euskadiko profesionalek Arriaga antzokiko ekoizpenetan parte hartzea, Arriaga Antzokian eta Campos Antzokian euskal eta Bilboko konpainien lanak programatzea eta Bilboko konpainien euskarazko ekoizpenei laguntzea ere, udal-programetan sartuta.

BILBAO AURRERA PLANAREN KULTURA SEKTORERAKO DEIALDIA

Dirulaguntza hori Bilboko Udalak Bilbao Aurrera 2021 Ezohiko Planaren esparruan sektoreari laguntzeko abian jarritako beste ekimen batzuei gehitu zaie. Plan horrek kultura-sektorearen lana bultzatzeko eta covid-19k sortutako osasun-krisiaren ondorioak leuntzen saiatzeko apustu irmoarekin jarraitzen du.

Neurrien helburua ondorio horien eragina arintzea da, eta, aldi berean, uriko kultura-jardueraren suspertzea bultzatzea. Martxoan abiarazitako lehen deialdia kultura- eta sormen-proiektuak hautatzera zuzenduta dago, eta Bilboko kultura- eta sormen-sektoreko profesionalen eta erakundeen proposamenak bilduko ditu. Proposamen horiek, ondoren, uriko kultura-jardueren programazioan sartuko dira, eta 2021ean garatu beharko dira. Deialdi horretan 59 proposamen diruz lagunduko dira, 500.698 euroko aurrekontuarekin.

Bigarrena, Bilboko ikus-entzunezkoen sustapenerako "Proiektuen poltsa" da, ikus-entzunezko sektoreari eta sektore zinematografikoari zuzendutakoa. Gehienez ere hiru lan aukeratuko dira, eta bakoitzak 14.000 euro jasoko ditu. Helburua uriko ikus-entzunezko ekoizpena sustatzea eta babestea da, Arriaga Antzokiaren eta Zinebi Jaialdiaren bidez.

Hirugarren neurria "Bilbao Arte Gela Irekia - BAGI!" da, arte garaikideari buruzko prestakuntza, hausnarketa, ekintza eta kritika programa. Bilbao Arte Fundazioaren bidez egindako deialdia da, eta udal-egoitza horretan ikastaroak, mintegiak, praktika artistikoak eta jarduerak garatzen dituzten bertoko artistei eta kultura-eragileei zuzenduta dago. "Dirulaguntzen poltsa" hori "Artistak koronabirusaren aurka/ “Ekaitzaren ostean" programaren jarraipena da. Programa hori iaz sortu zen, Udalak Bilbao Aurrera 2020 Planarekin abian jarritako neurri berezien artean, osasun-krisiak eragindako kultura-sektoreari laguntzeko.