Uriko hainbat puntutan

Doako wifi sarea zabaltzen darrai Bilboko Udalak

20.05.2021 | 19:23

BILBO. Bilbotarren eguneroko bizitza egiteko neurrietan lanean darrai Bilboko Udalak. Oraingo honetan, urian doako wifi sarea zabaltzeko aurrerapauso handia eman du Abusu-La Peña auzoan beste bederatzi wifi puntu jarriz. Horri esker, orain 14 wifi puntu daude guztira.

Udal sarera sartzeko puntuak horrela areagotuta, estaldura osoa ematen zaio orain Ibaieder parkeari, auzoan dagoen aisiarako eremu nagusiari, eta baita ere Lekanda kalean dagoen plazari. Eremu horiek gehitzen zaizkio orain lehendik Bilbao wifiren estaldura bazutenei: auzoko futbol zelaiko guztientzako eremuak, liburutegiaren barruko aldea eta Bilbao Kirolak-en kiroldegia.

Hobekuntza horrekin, Udalak aurrera egin du udal-wifira sartzeko guneak uri osoan ezartzeko konpromisoan, eta erantzun egiten dio Abusu auzoko bizilagunen eta han lan egiten duten gizarte entitateen eskaerari, auzoko wifi sarbideen estaldura areagotzea erreklamatzen baitzuten.

Gainera, ez da hau era honetako lehen esku-hartzea. Bilboko Udalak, areagotu egin ditu udal-wifiaren sarbide puntuak, Bilboko 25 markesinetan bana ipinita, hara non: Agirre Lehendakariaren Etorbidean, Ernesto Erkoreka plazan, Areatzako zubian, Elkano kalean, Kale Nagusian, Hurtado de Amezaga kalean, Gregorio de la Revilla zumarkalean, Urkixo zumarkalean, Basurtu Ospitalean, Basurtuko Geltokiko kalean, Campo Volantín pasealekuan, Arriaga plazan, Gernika lorategian eta Zorrotza-Kastrexana errepidean.

#BILBAOAURRERA2021 PLANA

Bilbon hurrengo ezarriko diren wifi sarbideen artean daude #BilbaoAurrera2021 Planean jasota datozenak, hau da, covid-19ak eragindako egoeraren aurrean Bilboko gizarte-kohesiorako eta ekonomia eta enplegua eta kultura suspertzeko neurrien artean datozenak.

Zehazki, beste 62 sarbide daude aurreikusita, eta aldirietako auzoetan jarriko dira, lehentasunezkotzat jota irizpide soziala, eten digitalak eraginik handiena duen auzoetan: Ibaiondo, Uribarri, Otxarkoaga, Begoña, Deustu, Txurdinaga, Errekalde, Basurtu eta Zorrotza.

1.600 SARBIDE BILBON

Bilbok baditu dagoeneko 1.600 puntu urian barreiatuta, eta urian erreferentziako eta zerbitzuko diren eremu gehienei ematen diete estaldura, bai eta Uriko auzo guztiei ere. Bilbao wifi sarea uriko alde estrategiko askotan dago:

  • Udal eraikin guztietan.
  • Osakidetzan (Basurtuko ospitalea, Santa Marina eta 6 osasun-zentro).
  • Eusko Trenbide Sarean (tranbia linean, estaldura dago geraleku guztietan, eta metroaren 3. linean).
  • Euskalduna Jauregian (barruan eta inguruan).
  • Bizkaia Frontoian (barruan eta inguruan).
  • Guggenheim Museoan.
  • Bilboko Itsas Museoan (barruan eta inguruan).
  • Azkuna Zentroan (barruan eta inguruan).
  • Arriaga Antzokian (barruan eta inguruan).
  • Athletic Club: kanpoko estaldura San Mamesen.

Gainera, ia Uriko herritar guztiek dute udal wifiaren estaldura beren ohiko bizilekutik 300 metrora.

noticias de deia