BILBO. Asteazken honetan, maiatzak 19, ospatu egin da SUM Bilbao foroaren lehenengo edizioa. Bertan, hirietako pertsonen garraio masiboaren etorkizuna aztertu dute gaian adituak diren hainbat pertsonak.

Topaketa modu presentzialean eta online egin da, Alfonso Gil Bilboko Alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko Zinegotzia buru, eta Garraio, Mugikortasun eta Hiri-Agendaren Ministerioko (MITMA) Garraioaren arloko Azterlan eta Teknologien Dibisioko zuzendari Rocío Báguenak parte hartu du, besteak beste.

Hitzorduan hamar bat pertsonak parte hartu dute, eta guztien artean, pertsonen garraio masiboari buruzko hainbat berrikuntza-proiektu azaldu dituzte hirietako mugikortasun jasangarriaren testuinguruan.

Irungo Garapen Jasangarri, Mugikortasun eta Kirol Saileko Zinegotzi Ordezkari Borja Olazabalek bere udalerriko mugikortasun iraunkorraren estrategia nabarmendu du: "2019an % 100 elektrikoa den hiriko lehen autobus-linea abian jarri genuenetik, sarearen erabiltzaileen % 70ek baino gehiagok hiri-garraio elektrikoaz baliatzea lortu dugu, eta luze gabe, % 90eko muga gainditzea espero dugu. Horrez gain, badugu ekintza-plan bat, Irunen ibilgailu gehien ibiltzen diren bideetan ibilgailu elektrikoak birkargatzeko gune-sarea instalatzeko, errepide-saretik erraz iristeko modukoa, irundarrak modu jasangarrian mugitu eta udalerria ibilgailu elektrikoen erabiltzaileentzako erreferentziazko lekutzat posizionatzen laguntzeko asmoz".

Antoni Poveda Sant Joan Despí-ko alkate eta Bartzelonako Eremu Metropolitarreko Garraio eta Mugikortasuneko presidenteordeak Bartzelonako eremuan izandako aurrerapenak eta hidrogenoan oinarrituta abiaraziko duen garraio-proiektu aitzindaria nabarmendu ditu: "Europako hegoaldean dagoen isurpen txikiko eremurik handiena dugu, eta joan-etorrian ibiltzen diren ibilgailuen % 98k DGTeren ingurumen-etiketa izatea lortu dugu. Horrekin batera, JIVE 2 proiektua abiarazi dugu gure eremu metropolitarrak hidrogenoa darabilten autobusak izan ditzan, eta asmo handiko plan honetan 34 milioi euro inbertituko ditugu 2024ra arte. Bien bitartean, karga azkarreko birkarga-guneen sarea handitzen jarraituko dugu, baita bizikleten aparkaleku seguruen sarea ere".

Andres Galnares H2SITEko CEOak xehetasunez azaldu du nola lortu duen hidrogenoa ekoizteko soluzioetan espezializatutako startup honek garraioaren kostuen erronkari aurre egite, hauxe baita erregai garbi honek aurre egin beharreko erronka handietako bat. "Garraioak hidrogenoaren sorkuntzaren kostua hirukoiz dezake, ekoizpen-gune handietatik urrun dauden kontsumitzaile txikien kaltetan. H2SITEk hidrogeno eraginkorra, tokikoa eta berriztagarria ekoizten du, industria eta mugikortasunaren arloko kontsumitzaile txiki eta ertainentzat, eta horrek oso inpaktu positiboa du ingurunearen garapen sozioekonomikoan. Horren harira, datozen hiru urteotan tokiko industrian 20 milioi sartu eta 200 lanpostu ere sortzea aurreikusi dugu".

Foroan, halaber, eztabaidan jardun dute lurraldeek mugikortasunaren arloko joera berrietara moldatzeko dituzten erronkei buruz eta joera horiek sektoreko berrikuntza sustatzeko eskaintzen dituzten aukerei buruz, Mobility as a Service (Maas) delakoa errazten duen IoMob enpresako gerenteak diren Luciano Strucchi eta Elizabeth Obedienteren partaidetzaz.

Pilar Elejoste DeustoTech-eko zuzendariorde eta Deusto Smart Mobility taldeko ikertzailea arduratu da topaketa moderatzeaz, Bizkaiko hiriburuak zenbait europar proiektu garrantzitsutan duen partaidetza nabarmendu duelarik: "Bilbori lagundu diogu, besteak beste, Europako Batzordeak finantzatutako Atelier proiektuan, hiria kontsumitutakoa baino energia gehiago sortzearen erreferentziazko eredu bihurtzeko asmoz. Zehazkiago esanda, Zorrozaurren garatuko den erabilera-kasuak energia-eraginkortasuna nabarmenduko du barrutiko autokontsumoari dagokionez, eta aldi berean, mugikortasun elektrikoa aztertuko du udal flotetan, baita honen inpaktu energetikoa eta horri lotutako airearen kalitatearen hobekuntzak ere".

Foroa zuzenean eman dute Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretotik, Petronorrek eta Bilboko Udalak antolatutako SUM Bilbao 2021 biltzarraren aurreko jarduera-programaren barruan.

SUM BILBAO 2021 NAZIOARTEKO BILTZARRA

SUM Bilbao 2021 Mugikortasunaren Nazioarteko Biltzarrara urriaren 6an eta 7an egingo da Bizkaiko hiriburuan. Biltzarrean mugikortasunarekin zerikusia duten gaur egungo gairik garrantzitsuenak jorratuko dira, mugikortasun jasangarriaren arloko eragile nabarmenen partaidetzarekin.

SUM Bilbaoren edizio berriak ondorengo arlo tematikoak izango ditu ardatz: batetik, trantsizio energetikoa, hidrogenoari lotutako aukerak, energia garbiak eta energiaren deskarbonizazioa. Bigarren ardatz tematikoa gobernantza eta finantzaketari buruzkoa izango da, hau da, klima-aldaketa arintzeko arau-esparruak eta aliantza publiko-pribatuak. Eta hirugarren ardatz tematikoan mugikortasuna, digitalizazioa eta berrikuntza izango dira aztergai. Izan ere, mugikortasun berria konektatua, irisgarria, planifikatua eta garraio publikoaren bidezkoa izatearen aldeko ikuspegitik aztertuko da.