BILBO. Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzeko Sailak etxebizitzetako obra txikiak egin ahal izateko dirulaguntza-sorta bat jarri zuen martxan. Bada, ekimen horretara bideratutako aurrekontuaren % 60 baino gehiago agortu egin da dagoeneko, planaren epea ekuadorrera iritsi den momentuan.

Etxebizitzen Renove Plana 2020an garatutakoaren jarraipena da. Egokitu 2021 dirulaguntzen programa berezi bat da, Surbisak kudeatuta, enplegua eta ekonomia aktibatzea eta gizarte-kohesioa lortzea helburu dituena Bilboko Udalaren "Bilbao Aurrera" Planaren barruan dago eta covid-19ari aurre egiteko neurri berezietako bat da.

"Programak bi laguntza-lerro dauzka, euren artean bateragarriak direnak. Lehena, Etxebizitzen 2021eko Renove Plana, iazko programaren jarraipena dena. Bigarrena, Egokitu Plana izenekoa, 60 urtetik gorako edo mugikortasun murriztua duten pertsonentzat da, eta etxebizitzen irisgarritasun-baldintzak hobetzera bideratuta dago", azaldu du Nora Abete Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak, ekimenaren aurkezpenean.

Planak 800.000 euroko aurrekontua dauka: 400.000 euro programa bakoitzerako. Renove planak esleituta zeukan dirua agortu du, baina plan honen eskaera berriak onartu litezke Egokitu planaren aurrekontuaren kontura, baldin eta plan horrek ez badu bere aurrekontua agortzen uztailaren 30a baino lehen.

Horregatik, eskaerak onartzen jarraituko dira bi programetarako. Halere, Renove planaren eskaerak "erreserba" egoeran geldituko dira eta ez dute erantzunik jasoko harik eta jakin arte Egokitu planetik aurrekonturik soberan dagoen eta zenbatekoa den. Kalkulatzen da irailaren 15a baino lehen datu horiek jakingo direla.

Dagoeneko Hiri Berroneratzeko Sailak ia-ia 500 laguntza-eskaera onartu ditu eta 3 milioi euro baino gehiagoko inbertsio pribatua sustatu du obra txikiak egiteko.

Programa biek dauzkate helburu bi. Alde batetik, gizarte kohesioa sustatzea, jabeak diren pertsonei dirulaguntzak emanez beren etxebizitzen barruan obrak egin ditzaten kalitatea, erosotasuna eta irisgarritasuna hobetzeko eta ingurumen-neurrietan ere hobetzeko.

Bestetik, eraberritzeen eta obren sektoreko enpresen, gremioen eta profesionalen jarduera ekonomikoa sustatzea, sektore horretako enpleguei eustearren edo berriak sortzearren, ahalik eta arinen, eta deslokalizazioa saihestuz eta, aldi berean, materialen eta instalazioen industria jarduerari eraginez. Osasunarekin eta ongizatearekin lotutako garapen jasangarriaren helburuekin bat datozen bi programa dira, eta hiriak inklusiboagoak, seguruagoak, erresilienteagoak eta jasangarriagoak izatea lortu nahi da.

BALDINTZAK

Eskatzaileek, hala, aukera izango dute beren etxebizitzak barrutik birgaitzeko obrak finantzatzeko; gehienez ere, 6.000 euroko aurrekontua izan daiteke (eta gutxienez, 1.000 eurokoa), eta inbertsioaren % 20a itzuli beharrik gabeko dirulaguntza bat erabiliko da. Gehienez ere 1.200 euro eman daitezke etxebizitzako Renove planaren kasuan. Egokitu planean, berriz, inbertsioaren % 30a lagunduko da (gehienez 1800 euro).

Bi lerro horiek bateragarriak dira SURBISAren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzekin.

2021ean abian jarri den laguntza-lerro berriak, Egokitu izeneko planak, 60 urtetik gorako pertsonen edo mugikortasun murriztua duten pertsonen etxebizitzetan irisgarritasun-baldintzarik onenak lortzeko obrak egiten laguntzea du helburu, hala nola bainuontzia kentzea eta dutxa jartzea, autonomia pertsonala erraztuko duten sistema domotiko eta teknologikoak jartzea, etab.

Dirulaguntzak eskatzeko, hona bideak:

  • Web-orrian webgune bat prestatu da, eskabideak aurkezteko epearekin batera. Posta elektronikoz, bilbaoaurrera@surb.bilbao.eus helbidean.
  • Surbisaren bulegoetan (Erronda 6), aldez aurretik telefonoz hitzordua eskatuta (628 900 181/ 682 472 033), edo mezu bat igorriz helbide elektroniko honetara: bilbaoaurrera@surb.bilbao.eus.

Eskaerak aurkezteko epea 2021eko uztailaren 30ean amaituko da, edo Egokitu programan dagoen aurrekontua agortzen denean.

Iazko deialdian, Etxebizitzen 2020ko "Renove" planak lau milioi euro mobilizatu zituen erreforma-obretan. Surbisak gestionatzen duen dirulaguntzen ezohiko programa honek uriko bizilagunen 800 eskaera jaso zituen, gehienez 6.000 euroko inbertsioa izan duten obren % 20rainoko dirulaguntzak jasotzeko.

Bestalde, deialdi hau Udalaren 2021eko Bilbao Aurrera planaren barruan dator, pandemiaren aurrean urian gizarte-kohesioa eragiteko eta ekonomia, enplegua eta kultura suspertzeko presako neurrien planean, alegia. Planaren aurrekontua 15 milioi eurokoa da bigarren edizioa, salbuespenezko 43 neurri inguru diruz laguntzeko; neurri guztiak aurten bertan ezarriko dira.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak esku-hartze integrala sustatzen du urian; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten die. Horrek esan nahi du uria berroneratzeaz gain, beste gai batzuk ere landu behar direla, hala nola mugikortasuna, espazio publikoa, ekonomia suspertzea, gizarte-kohesioa, hezkuntza, kultura, enplegua eta abar.

Bestalde, Surbisa udal sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Udal sozietateak esku-hartzen duen eremuaren barruan daude Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zorrotzaurre eta Zazpilanda. Surbisak helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitateko etxebizitzak eskaintzea, eta bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. Surbisaren lanaren helburua da bizi-kalitatea lortzea, jarduera sustatzea eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.