BILBO. Bihar, maiatzak 14, Areatzako kioskoak Bilboko udal musika bandaren 'Bidaia klasikoekin' izeneko kontzertua jasoko du. Ekitaldi hau bandaren udaberriko lehenengo kontzertua izango da, ekainaren 24ra arte iraungo duen Udaberriko Denboraldiari hasiera emateko.

Denboraldi honetan, José R. Pascual-Vilaplana zuzendari titularra eta Iñaki Urkizu zuzendariordea txandakatuko dira zuzendari lanetan. Kontzertu zikloak 7 musika hitzordu izango ditu, eta, ohitura denez, guztiak Areatzako Kioskoan eskainiko dira. Aipatzekoa da hiru saiotan Bandak Garikoitz Mendizabalek zuzentzen duen Bilboko Udal Txistulari Bandarekin batera joko duela. Kontzertu guztiak ostiraletan izango dira, 19:00etan, azkena izan ezik, ekainaren 24an izango da, ostegunean, San Juan jaiarekin bat eginez.

Lehen kontzertuan, bandek XX. mendearen hasieran asko interpretatutako partituren arteko singladura proposatuko digu. Garai hartan, aire zabaleko talde hauen kontzertuek musika sinfonikoa hedatzeko bide gisa balio zuten, transkripzioen bidez. Hainbat lekutan oinarritutako lanak entzungo ditugu, hala nola, Franz Suppék deskribatutako Viena, Ippolitov-Ivanovek irudikatutako Kaukasoko paisaiak, Tchaikovskyren Marcha Eslava, edo Edward Elgar eta Eric Coatesen soinuaren prisman oinarritutako Londresen edertasuna.

Zikloa osatzen duten gainerako kontzertuetan, Euskal Herriko hainbat egileren konposizioak entzun ahal izango dira, hala nola, Pelayo Marín, José Antonio Erauskin Aiestaran, Domingo Eguileor, Eduardo Gorosarri, Federiko Korto, Raimundo Sarriegui, Rodrigo de Santiago, Santos Intxausti, Enrique González Arroitajauregui edo José Inazio Ansorena, Eduardo Moreno edo Ruper Lekue Bernaola garaikideak. Jacques Offenbach, Georges Bizet, Grabriel Pierné, Moritz Moskowski, Léo Delibes edo Aram Katchaturian bezalako musika sinfonikoaren autore klasikoen transkripzioak izango ditugu. Julius Fucik, Emilio Cebrián, Henry Filmore edo Jef Penders bezalako musika bandako klasiko handiak ere izango dira. Eta bandarako autore garaikideen artean Robert Jager, Martin Ellerby, J. Enric Canet, Carlos Pellicer edo Ferrán Camposen partiturak izango ditugu.

Egungo egoera dela eta, artisten, publikoaren eta teknikarien segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko helburuarekin, espazioa mugatuta egongo da eta aulkien artean gutxienez 1,5 metroko distantzia errespetatuko da, indarrean dauden arauen arabera. Era berean, jendearentzat osasun-jarraibideak jasotzen dituen kartel bat ipiniko da, eta aulkiak, instalazioak eta gainerako elementuak dagokion saioa hasi aurretik desinfektatuko dira.