BILBO. Datorren asteazkenean, maiatzak 19, Euskal Herriko Unibertsitateko Fisiologia Saileko irakasle eta ikertzaile Jon Irazustak hitzaldi bat eskainiko du Bidebarrieta Kulturgunean. ' Actividad física en tiempo de covid-19: Beneficios, barreras y oportunidades' izeneko hitzaldia Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren barruan antolatu da.

Hitzaldia 19:00etan hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian, eta covid-19 eragindako pandemiak bizi-ohituretan izan duen eragin handia aztertuko du, jarduera fisikoa barne. Hala agindutako neurriek (konfinamenduak eta eskaintzaren mugak) nola etxetik ateratzeko edo jardueretara joateko beldurrak jarduera fisikoa murriztu dute herrialde gehienetan.

Fisikoki aktibo izateak, gaixotasun kronikoen prebentzioan duen eragin ezagunaz gain, pertsonak covid-19aren larritasunetik ere babes ditzake, baita heriotza-tasa murriztu ere. Hitzaldian, arlo horretan dauden ebidentzia zientifikoak deskribatuko dira, eta osasunerako alternatiba onuragarriak eta jarduera fisikoarekin zerikusia dutenak proposatuko dira.

Jon Irazusta Astiazaran UPV/EHUko Fisiologia Saileko irakaslea eta ikertzailea da. Zelulen komunikazioaren arloan hasiera batzuk eman ondoren, gaur egun jarduera fisikoari eta osasunari buruzko ikerketa-lerro bat zuzentzen du. Arlo horretan, talde ahuletan egindako ariketa fisikoaren onurei buruzko ekarpenak egin ditu batez ere, eta ondorioak diziplina anitzeko ikuspuntutik aztertu ditu. 150 artikulu baino gehiago argitaratu ditu nazioarteko zientzia-aldizkarietan, eta 26 doktore-tesi zuzendu ditu.

Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako liburutegiaren barruan kulturari eskainitako gunea da. Kultura, literatura eta zientzia garatzea eta sustatzea du helburu.

SEGURTASUN NEURRIAK

Hitzaldi horretara joateko, ezinbestekoa da webgune honetan doako gonbitetako bat erreserbatzea.

Egungo egoeraren ondoriozko segurtasun neurriak direla eta, aretoko ateak 18:15ean irekiko dira, bertaratutakoak beren aulkietan egokitzeko. Ezin bada parte hartu, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da webgune honetan.

Une bakoitzean indarra duten babes eta higiene neurriak zorrotz beteko dira. Era berean, ekitaldia egiten den bitartean maskara erabili beharko da.

BIDEBARRIETA ZIENTIFIKOA

Hitzaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Kulturguneak bultzatutako Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi-zikloaren barruan kokatzen da, zientzia- edo teknologia-gaiak publiko zabalari hurbiltzeko, zorroztasuna galdu gabe.

Hitzaldia #BilbaoUdaberria2021 programazioaren parte ere da. Udaberrian hiria aisialdi- eta kultura-planez betetzen duen udal-ekimena da.