BILBO. Bilboko Udalak 586.889,74 euroko aurrekontua bideratu du Ibarrekolanda auzoko Erdikoetxe kalea berrurbanizatzeko lanak egiteko. Obra horiek dagoeneko amaitutzat eman ditu Udalak.

Lan horien barruan, espaloiak eta galtzadak berriztatu eta irtenguneak egin dira oinezkoentzako pasabideetan, oinezkoei segurtasun handiagoa emateko.

Gainera, bide-zirkulazioa berriro definitu da. Egindako aldaketekin, beheragoko kotan dagoen Erdikoetxe kaleko zatian, Larrakotorretik bakarrik sartuko dira ibilgailuak (irteera Luis Braille kaletik izango dute). Bestalde, goiko kotan dagoen Erdikoetxeko zatian, ibilgailuen sarbidea Benidorm kaletik egingo da, eta irteera Larrakotorrera.

Horren ondorioz, Etxenagusia Margolariaren eta Larrakotorre kaleen arteko lotura ere aldatu da, eta lehenengotik bigarrenera doan erreia kendu da. Espazio hori aparkaleku gehiago egiteko aprobetxatu da.

Gainera, Larrakotorren egon diren semaforo bi lekuz aldatu dira, inguruaren bide-geometriari egokitzearren.

Bide batez, uriko zerbitzuak ere eguneratu dira. Besteak beste, ur-sarea eta euri-urena eta saneamendu sareak konpondu dira.

AUZOKIDE PLANA

Erdikoetxeko jarduketak auzoak hobetzea xede duen Auzokide Planaren barruan egin dira. Auzokide Plana da Bilboko Udalak herritarrek parte-hartzeko daukan tresnarik garrantzitsuenetako bat.

Planaren aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko. Eta, plan horri esker, Bilboko herritarrek eta eragile politiko eta sozialek Barrutiko Kontseiluen bidez lehenetsitako kale eta auzoetan hobekuntza-lanak eta -jarduketak egitea egituratzen da.