BILBO. Bilboko Arriaga Antzokia izango da urriaren 4an ospatuko den Arte Eszenikoen Max Sarien galaren kokalekua. Gaur goizean egin da sariketa honen XXIV. edizioaren aurkezpena.

SGAE Fundazioak eta Bilboko Udalak gaur sinatu dute elkarlanerako akordioa, eta sarien banaketa berri honetan izango diren berrikuntza guztiak aurkeztu dituzte, hedabideentzako ekitaldi batean.

Topaketa horretan, Amaia Arregi jarduneko alkateak poz handia agertu du arte eszenikoen Estatuko saririk handienak emateko gala Bilbon izango delako; gainera, adierazi duenez, "Bilbo Max hiri" bat izatea aukera bat izango da Euskadiko kultur sektorearentzat. Egoera sanitarioa gorabehera, ekitaldi honen alde egin dugu, lanbideari ezagutza agertzeko aukera baten moduan baliatzearren. Ekintzekin erakusteko, beste behin ere, egiazkoa dela arte eszenikoen aldera daukagun interesa eta konpromisoa. Hori da Udalaren estrategia, eta hori izango da geroan ere: Bilbo arte eszenikoen, sorkuntzaren eta kultur sustapenaren erreferente moduan kokatzea".

Arregik adierazi duenez, "24. aldi hau Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak zuzenduko du, Calixto Bieitok, zeina erreferente handi bat baita nazioartean, arte eszenikoen arloan, eta harritu egingo du publikoa galarako bere proposamenarekin".

Bestalde, Juan José Solanak, SGAE Fundazioaren presidenteak, gogorarazi du zeinen garrantzitsua den Max Sarien ospakizuna: "Une oso gaitza da hau kultur sektorearentzat, baina guk ilusioz jarraitzen dugu gure eginkizunean, arte eszenikoen bozgorailu izatearren, aldarrikatuz nola betetzen duten arte eszenikoek gu sendarazteko eginkizun hori, eta zenbat eta zenbat gauza eskaini diguten kultur sortzaileek pandemiazko eta akidurazko garai hauetan. Max sarien ekitaldiak balio du arteen arlo honi ohartzeko, arlo honetako koreografoei, dramagileei, zuzendariei, eta ohartzeko zeinen modu berezian argiztatzen dituzten gure bideak."

Rubén Gutiérrez Fundazioaren zuzendari nagusiak Udalaren babesa nabarmendu du: "Ostera ere Bilbon ospatzea max sariak, guztiz da garrantzitsua. Arriaga Antzokiarekin egindako hitzarmen honek bururatu egiten du elkarrekiko konplizitate-harreman estu bat, fidantzia ezarririk batak bestearengan. Eskerrak agertu besterik ezin dugu egin, oraingo aldi honetan, Bilboko Udalari, sektore eszenikoari erakutsitako maitasun eta arretagatik, eta Calixto Bieitori, gogotik eta profesionaltasunez itsasteagatik egitekoei, oso zailak diren egitekoetan murgilduko baita beste behin ere. Ziur gaude Bilboko Udalak abegi onez eta poz handiz hartu dituela Max sariak, eta geroan oroituenetako bat izango dela, horregatik, sariak banatzeko aldi hau".

Aurkezpen-ekitaldian, Arregik eta Solanak bi entitateen arteko elkarlan-hitzarmena erakutsi dute. Aurkezpenean izan dira, orobat, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotzia; Ignacio Malaina Arriaga Antzokiko zuzendari gerentea, Garbitxu SGAEren Euskadiko Lurralde Kontseiluko presidentea, Joanes Urkixo SGAEko zuzendaritza-batzordeko kidea eta Ignacio Casado SGAEren Euskadiko zuzendaria.

CALIXTO BIEITO, MAX SARIEKIN LOTURA OSO HANDIA DUEN ZUZENDARI BAT

Calixto Bieito (Miranda Ebro, 1963) oso ibilbide luzeko sortzaile eta eszena-zuzendari bat da, ospe handikoa nazioartean. Urte hauetan guztietan, era askotako muntaiak egin ditu, eta era bateko eta besteko generoetan aritu da, eta gogoratzekoak dira opera klasikoez egin dituen interpretazio arriskutsu eta zirraragarrietako batzuk. Baditu ikusizko estetika eta lengoaia propio batzuk, oso estilo pertsonala eranste diotenak.

2013an, Basileako Antzokiko zuzendari egoiliar izendatu zuten (Basilea, Suitza), eta, gaur den egunean (2016tik), Calixto Bieito Bilboko Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoa da, alde batetik, tokiko eszena sustatzen duelarik, eta, bestetik, Arriaga Antzokiaren nazioarteko proiekzioa eragiten duelarik.

Bieitok ezagutza ugari jaso ditu bere lanagatik, eta berriena, Espainiako Arte Eszenikoen Akademiak emandako Arte Eszenikoen Urrezko Domina. Halaber, aurrenengo eszena-zuzendaria izan zen Europako Kultur Saria jaso zuena -Suitzako Pro Europa Fundazioak ematen du-, 2009an. Bere lanik esanguratsuenen artean daude Pepita Jiménez eta Carmen operak, zeintzuekin irabazi baitzuen, hurrenez hurren, operako eta antzerkiko eszena-zuzendaritza onenaren Campoamor Saria, 2013an eta 2011n. 2018an, Obabakoak egokitu zuen, Arriaga Antzokiaren produkzio propioa, Bernardo Atxagaren eleberri handian oinarritua; antzerki-ikuskizun onenaren Ercilla Saria eman zioten horregatik.

Bigarren aldia izango da Bieitok Max Sariak emateko ospakizuna zuzentzen duena. Burgostar honek lehen ere zuzendu zuen 2006ko aldia, Bartzelonako Teatre Musical antzokian, eta sari-banatzaile apartak izan zituen orduan, hala nola José María Pou, Silvia Marsó edo Pepe Sancho. Era berean, 2007an, berriz ere Bilbon ospatu zen ekitaldi batean (Biltzarren eta Musikaren Euskalduna Jauregian, orduko hartan), sari-banatzaile jardun zen.

HIRUGARREN ALDIZ, MAX SARIAK BILBON

Max Sariak behin leku batean eta hurrengoan beste batean banatze hori dela-eta, Estatuko hirietako antzoki batean eta bestean banatu izan dira bere 24 aldietan. Honako hau hirugarren aldia izango da antzerkiko eta dantzako profesionalei ezagutza agertzeko ekitaldi hau Bilbon ospatzen dena: 2001ean, uria sortu zeneko 700. urteurrena izan eta laster, Arriaga Antzokian ospatu zen Max Sarien laugarren aldia, Emilio Aragón eta Fernando Bernués jardun zirelarik zuzendari, eta José Ibarrola eszenografoa aholkulari. Max Sariak 2007an itzuli ziren Bizkaiko hiriburura, Euskalduna Jauregira, orduko hartan.

Beste hiri batzuk ere, hala nola Bartzelona, Guadalajara, Las Palmas Kanaria Handikoa, Madril, Sevilla, Valentzia, Valladolid, Vigo, Zaragoza eta oraintsuago Málaga, izan dira, aurreko aldietan, sari hauek banatzeko egoitza.

HIRU SARI BEREZI

Arte eszenikoetako Estatuko sari ospetsuenak ospatzen direla 24 urte dira, beren 20 kategoriak eta hiru sari bereziak gordetzen dituztelarik: Ohorezko Max Saria, pertsona baten ibilbidea bereizten duena arte eszenikoei egindako ekarpenagatik, lan kartsuagatik eta arlo horren defentsagatik; Publikoaren Max Saria, #VotaMax online aplikazioaren bidez publikoak emandako botorik gehien jasotzen duen ikuskizunari ematen zaiona, eta ospakizunaren egunean jakitera emango dena; eta Max sari amateurra edo soziala, gizarte integrazioaren eta proiekzioaren aldeko proiektuak eta arte eszenikoei ekarpen bikaina egin dieten konpainia amateurrak biltzen dituena.

Azken urteotan, Arte Eszenikoen Max Sariak finkatu egin dira sektoreko erreferente moduan, eta jarraitzaile kopuru geroz eta handiagoa bildu dute, eta interes handia piztu Estatu osoko eta era guztietako konpainien artean. Atzenengo aldian, 2020ko irailaren 7an Málagako Cervantes Antzerkian ospatu baitzen haren 150. urteurrenaren kariaz, 386 ikuskizun lehiatu ziren.

MAX SARIEN GAINEAN

SGAE Fundazioak antolatzen ditu, 1998tik, Max Sariak, eta garaikurra Joan Brossa (Bartzelona, 1919/1999) poeta eta artista plastikoak diseinatua da, gerra osteko Espainiako artearen berritzaileen kolektiboetako baten bultzatzailea izan zenak; Max Sariak, urteokin, Espainiako arte eszenikoen arloko ezagutzarik handienaren moduan finkatu dira.