BILBO. Astelehen honetan jokatuko den Itzulia 2021 lasterketaren lehenengo etapak, Bizkaiko hiriburuan hasi eta amaituko dena, eragin handia izango du Bilboko ibilgailuen trafikoan. Horrez gain, aparkalekuak aldi baterako kenduko dira 8:00etatik 19:00etara, gutxi gorabehera, ia barruti guztietan, batez ere Deustu, Uribarri eta Begoñan.

Itzuliaren 60. edizio honen hasierako etapa 13,9 kilometroko banakako erlojupekoa izango da.

Garraio publikoan ere eragina izango du. Bilbobusek eta Bizkaibusek aldaketak izango dituzte ohiko ibilbideetan, eta horien berri emango da zehatz-mehatz markesinetan, sare sozial ofizialen bidez eta 010 telefonoan (944 010 010 Bilbo kanpotik deituz gero). Bilboko Udalak urira etortzeko diren pertsonei gomendatzen die ibilgailu pribatua etxean uztea eta garraio publikoa erabiltzea, ahal dela trenez edo metroz.

Eragin horiek guztiak ezagutarazteko 40.000 informazio-liburuxka banatu dira postontzietan, atarietan eta garajeetan, gune bakoitzean trafikoari ezarritako murrizketen planoekin eta informazio zehatzarekin.

Itzulia 2021eko 1. etapa 14 kilometroko erlojupekoa izango da, Begoñako Basilikako aparkalekutik (12:30etik 16:00etara, gutxi gorabehera) Etxebarria parkera iritsiko da, eta Bilbon egingo duen ibilbidea hau da.

Juan XXIII plaza - Zabalbide -Ibarsusi - Egirleta errepidea - Egirletako errepidea - Artxanda - (udalaren eskumenekoak ez diren beste bide batzuk) -Enekuriko errepidea - Egirleta - (Beste udalerri batzuk) - Enekuri etorbidea- Ibarrekolanda - Enekuri etorbidea - Agirre Lehendakariaren etorbidea - Francesc Maciá - Botikazar Erribera - Unibertsitate etorbidea - Campo Volantín pasealekua- Erkoreka plaza - Quintana - Etxebarria parkea.

Kaleok zirkulaziorako itxita daudenean, horietako bidegurutze eta zeharkale guztiak ere zarratuta egongo dira; beraz, ezingo da bide horietara sartu.

Gainera, larunbateko 08:00etatik apirilaren 5eko (astelehena) 19:00etara, gutxi gorabehera, Begoñako Basilikaren ondoko aparkalekua okupatuko da. Zirkuituko kaleetako garajeak eta aparkalekuak sarrera eta irteerarik gabe geratuko dira.

Martitzenean, apirilak 6, bigarren etapak (Zalla-Sestao) Bizkaiko hiriburuan ere izango du eragina, Zorrotza auzoan, hain zuzen ere. Lasterketa N-634 errepidetik igarotzeko, 14:45etik 15:15era zirkulaziorako itxiko da bi noranzkoetan Fray Juan kalea, Zorrotza-Kastrexana errepidea, baita Zorrozgoiti kaleko, Clara Campoamor kaleko, Zorrotzako geltokiko, Untziola kaleko eta Montevideo etorbideko zeharkako kaleetarako sarbidea ere.