BILBO. Bilboko María Díaz Harokoa kalea Kasilda Iturrizar parkea Ametzola parkearekin La Casilla kalean zehar lotuko dituen korridore berdea izango da. Bilboko Udalak kalea eraldatzeko lanak eramango ditu aurrera. Korridoreak kilometro bazeko luzera izango du, eta fatxadatik fatxadarako sekzioa 25 metrokoa da.

Obrak fasetan egingo dira; hala ere, kale osoa diseinatu da proiektuaren koherentziaren alde.

Lehenengo fasean (gaur goizean aurkeztu da), "kalearen amaierako tartea urbanizatuko da; hain zuzen, Simón Bolívar, Pérez Galdós, General Eguia eta Autonomia kaleen arteko etxadiak. 9.000 metro koadro inguruko eremua da, eta, horietatik, 6.000 oinezkoen eremu eta berdegune berrietarako izango dira", Juan Mari Aburto Bilboko alkateak azaldu duenez.

Obraren lehenengo fase honetarako aurrekontua, alkatearen esanetan, "3.115.000 eurokoa da, eta obra gauzatzeko epea, hamalau hilabete".

Beste alde batetik, Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotziak eman ditu xehetasunak Udalak Maria Diaz Harokoa kalerako daukan planaz. Kale horri, "izaera berritu bat eman nahi zaio, baina nortasunaren muina kendu gabe, bizitegi kalea baita nagusiki, tokiko merkataritza delarik nagusi". Alde horretatik, lehentasuna emango zaio oinezkoari, eta beheko solairuetako lokaletarako sarbideari, eta, beraz, "oinezkoen erabilerak izango du lehentasuna, ahaztu barik ibilgailuen erabilera, nahiz igaro beharra dutenena, nahiz auzora sartu behar dutenena".

Horretarako, berrantolatu egingo da kalearen sekzioa, eta gutxitu egingo da galtzadaren eremua, errei bat baino izango ez duelarik. Horri esker, zabaldu egingo dira espaloiak, 4 metro eta erdira arte, oraingo 3 metroen aldean, eta eremu zentral handi bat sortuko da korridore berde moduan. Hantxe kokatuko da parke bat ilaran, egonlekuak eta pasealekuak hartuko dituena. Era berean, umeen olgetarako gune bat sortuko da erdialdeko tartean.

Korridore berde honen diseinua, eta, zehazki, han kokatzekoa den parkearena, bi oinarriren gainean egin da: kaleari egokitutako zuhaizti gehiago izatea, eta landaretzaren eta oinezkoaren arteko harmonia, ikusmenez nahiz gainerako zentzumenez gozatzeko espazio bat sortzearren.