BILBO. Joan den asteartean, martxoak 30, uriak kirolaren arloan dituen helburuak eta helburu horiek lortzeko egin beharreko ekintzak ezartzen dituen Kirolaren Estrategia 2021-2024 lanerako dokumentu-markoa aurkeztu zuen Bilboko Udalak.

Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak aurkeztu zuen plan estrategiko hau, erronka hauek dituena: jarduera fisikoa sustatzen jarraitzea, pertsonen bizimodua hobetzeko bidea baita; bizitzeko ohitura osasungarriak sustatzea eta horietan heztea; guztiontzat pentsatutako kirol-eskaintza askotarikoa, zabala, iraunkorra eta inklusiboa antolatzea; eta Bilbao Kirolak tokiko kirol-eragileentzako laguntza nagusietako bat bihurtzea.

Errotetak adierazi duenez, uste dugu kirola hiriaren garapenerako eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko faktorea dela. Eta, hala denez, lanean jarraituko dugu, bilbotarrek kalitatezko kirol-instalazioak ez ezik kalitatezko kirol-hiri bat ere gozatu dezaten.

Azkenik, Erroteta zinegotziak azpimarratu du dokumentuak aurreko estrategiarekin 2017an hasitako lanarekin jarraitzen duela eta "malgua eta dinamikoa" dela; horrela, "hurrengo urteetan beharrezkotzat jotzen badira, ekimen edo ekintza berriak sartzeko aukera izango du", amaitu du. Dokumentua Bilboko Udaleko hainbat sailekin eta hainbat erakunde eta eragilerekin elkarlanean garatu da.

Ezarritako helburuen ildotik, konpromiso hauek ezarri dira:

  • Ohitura osasungarriak zabaldu biztanle guztien artean, eta, ahal bada, modu dibertigarrian.
  • Kirol-ekipamenduak, -instalazioak eta -programak osatzea eta hobetzea, biztanleriaren sektore guztiak eta barruti guztiak kontuan hartuta.
  • Ingurumenaren arloko jasangarritasun-ereduak kontuan hartuz lan egitea.
  • Kirol-eskaintza balioetan oinarritutakoa izatea: unibertsala eta inklusiboa, berdintasunezkoa, berritzailea eta jasangarria.

4 ESTRATEGIA, 11 HELBURU ETA 61 EKINTZA

Helburu nagusia lortzeko eta hartutako konpromisoak betetzeko, Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak-en bidez, 4 estrategia, 11 helburu espezifiko eta 61 ekintza zehatz ezarri eta zehaztu ditu:

1. Estrategia: Bilbao Kirolak Komunitatea: kirol-ekosistema dinamizatu nahi duen estrategia da, Bilboko Udaleko gainerako sailekin, hainbat administraziorekin (Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Osakidetza€), sektore pribatuarekin, elkarteekin eta herritarrekin lankidetzan arituz. 3 dira ardatz honen helburuak:

  • Komunitate aktiboa: prozesu inguruneak sortzea (sozialak eta fisikoak), herritarren eguneroko jarduera txertatzen laguntzeko. Horretarako, 11 ekintza ezarri dira. Horien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: kirol-errezeta edo jarduerak adineko zentroetan, eskola-koordinatzailearen figura sortzea, eskola-kirolaren txartela, ikastetxeetan herri-kirolak sustatzea eta Euskal Pilotako eskolak sortzea.
  • Lankidetza-sareak: publiko-pribatu-soziala: udaleko beste sail batzuekin, administrazioekin eta eragileekin lankidetza-dinamikak aktibatzea, protokoloen bidez, zereginak izendatuz edo topaguneak sortuz. Helburuaren barruan 6 ekintza zehatz biltzen dira: sailen arteko komunikazio- eta lankidetza-sistemen protokoloak, Erasmus +Sport proiektua, unibertsitateekin hitzarmena kirol-berrikuntzako proiektuetarako, lankidetza-gobernantzaren sistema, klubek erabakiak hartzen parte hartuz -Kirol Mahaia suspertzea- edo leihatila bakarra, kluben kudeaketari laguntzeko, besteak beste.
  • Komunikazioa eta komunitatea: komunikazio-plana, kirol-ekosistemako gainerakoekin eta herritarrekin bi noranzkoko komunikazioa lortze aldera, digitalizazioa eta sareak. Hirugarren helburu honek 5 ekintza biltzen ditu, besteak beste, web berria eta RRSS estrategia berria garatzea eta kirolari eta uriari buruzko nazioarteko foroetan parte hartzea.

2. Bilbao Kirolak Gizarte Estrategia: ildo estrategiko honetan kirolaren gizarte-izaera azpimarratzen da, pertsonen eta taldeen ongizatea areagotzen lagun dezakeen politika gisa. Bigarren ildo honen helburuak hiru dira:

  • Berdintasuna kirolean: desberdintasunak ezabatzea eta berdintasuna sustatzea. Emakumeen artean kirola sustatzea. Horretarako, lau ekintza hauek aurreikusi dira: genero-ikuspegia duten datu- eta informazio-proiektua, berdintasunaren aldeko ekitaldien eta jardueren programa, klubetan emakumeen parte-hartzea sustatzeko programa eta kluben arteko berdintasunaren arloan trebatzeko programa.
  • Gizarte inklusioa kirolean: kirola egiteko eta bizimodu aktiboak izateko oztopoak gutxitzea eta kentzea, kirolean ekitate-irizpideak sartzea eta jarduera fisikoaren unibertsaltasuna. Eta 7 helburu, besteak beste, gizarte-tarifazioa, kirola Bilbao Balioen Hirian, kulturartekotasunari buruzko prestakuntza-plana Bilbao Kirolak erakundeko langileentzat edo kirolaren eta kultura-nortasunaren programa.
  • Kirol egokitua + kirol inklusiboa: kirol egokituko programak handituko ditugu, dibertsitatea duten eta ez duten pertsonek elkarrekin egin ditzaketen jarduerak sartzeko. Ekintza bi hauekin: instalazioetako irisgarritasunaren diagnostikoa eta Bilbao Kirolak-en programa inklusiboa.

3. Bilbao Kirolak Estrategia Jasangarria: jasangarritasunaren helburura bideratu nahi duen ardatza da kirola. Kirolaren garapena ekologiarekiko errespetuzko ereduan sartu behar da. Kirolak bat egin behar du Garapen Jasangarritasuneko Helburuekin (GJH) eta hura garatzen lagundu. Bi dira helburuak:

  • Hiria kirol-eremu gisa: hirian kirola egiteko zerbitzuak eta espazioak modu orekatuan banatzea, auzo guztiei erantzungo dien eta beren nortasuna indartuko duen eredu estentsibo bati jarraituz. Lau ekintza ezarri dira, eta horien artean nabarmentzekoak dira kirol ekipamendu berriak eta adingabeen jarduera fisikorako espazio irekien dinamizazioa.
  • Kirolaren aztarna ekologikoa minimizatzea: kirol-jardueren eta -instalazioen inpaktu ekologikoa murriztea, ikuspegi integral baten bidez, dimentsio teknikoa eta soziala kontuan hartuta. Eta horretarako hiru helburu hauek: Udalaren kirol instalazio eta jardueren ingurumen diagnostikoa, instalazioen mantentze plana eguneratzea eta instalazioetan energia aurrezteko neurrien programa.

4. Bilbao Kirolak Innova estrategia: datuen eta digitalizazioaren ikuspegitik Bilbao Kirolak-en kudeaketa-planean zentratutako lan-lerroa da. Azken ardatz honetako hiru erronkak:

  • Zerbitzuen zorroa berriz diseinatzea: kirol-zerbitzu berriak ezartzea, herritarren kirol-ohituren eta garapenaren arabera. Honako honetan, 12 ekintza izango dira, besteak beste, zerbitzu berrietarako lan-taldea abiaraztea, euskal dantzak, Home plataforma berrabiaraztea, tarifak berrikustea, kirolak eta enpresa.
  • Erakundea berrantolatzea: kudeaketaren eraginkortasuna handitzeko. Jarduteko 5 ardatz ditu; besteak beste, Giza Baliabideen, Euskararen eta Berdintasuneko planak.
  • Datuen kudeaketa: datuen kultura Bilbao Kirolak-en kudeaketan sartzea. Datuak kudeatzeko ezinbestekoak diren tresnen eta prozesuen beharrak ezartzea. Eta 4 ekintza, hala nola, datuak kudeatzeko plana edo jarraipenerako aginte-koadro bat diseinatzea.