BILBO. Bilboko 2.800 familia baino gehiagok jaso zituzten iaz beren etxebizitzak birgaitzeko laguntzak, Surbisaren bitartez.

Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Sailak 15 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa sustatu zuen eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko obretan, 2020an, Surbisa udal sozietatearen bidez. Iaz baino % 60 gehiago esan nahi du horrek, eragindako inbertsioa 11,6 milioi izan baitzen 2019an, eta 15,3 milioi 2020an.

Guneen arabera, Zazpi Kaleak eta Bilbo Zaharra dira esku-hartze eta dirulaguntza gehien izan dituzten sailak: guztira, 7,2 eta 5,7 milioi euro, hurrenez hurren. Guztira, Bilboko 2.855 familiek jaso zuten beren eraikinak eta etxebizitzak laguntzen eta dirulaguntzen bidez hobetzeko obren onura, 2019an baino 963 gehiagok, beraz.

Hona hemen Surbisaren iazko balantzetik ondorioztatzen diren kopuruetako batzuk, eta urian izan duten eragina erakusten duten kopuru batzuk. "Gure bitartekaritza, aholkularitza eta lagun egiteko eta dirulaguntzak emateko zereginaren ondorioz, guztira 4 milioi euroko dirulaguntzak izapidetu eta onetsi dira, ala Eusko Jaurlaritzarenak ala gureak kontuan izanda, eta, dagoeneko, ia 19 milioi euroko inbertsio pribatua eragin dute. Era honetan, Hiri Berroneratzearen Sailak, Surbisaren bitartez, oraindik ere apustu egiten du auzorik ahulenak birgaitzearren alde eta haien kohesioaren alde, eta, era berean, inguru eta eraikin multzo bereziak hobetzearren alde", azaldu du Nora Abete Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak.

Laguntza bideratzeko moduak hainbat dira. Nabarmentzekoak dira eraikinak eta bizitegiak onik zaintzeko eta haien segurtasunerako laguntzak, 1 milioi euro izan baitira; ondoren datoz irisgarritasunerako eta eraginkortasun energetikorako laguntzak, 560.000 euro izan direnak; eta, azkenik, zaurgarritasun egoeran dauden familientzako laguntzak, 488.000 euro izan direnak.

Horri guztiari gehitu behar zaizkio 500.000 euro, Etxebizitzetarako Renove Planaren lehen deialdikoak, bizitegien barrualdeetan obrak egiteko ematen zirenak, kalitatea, erosotasuna eta eraginkortasuna hobetzearren; eta, beste alde batetik, erreformen eta obren sektoreko enpresen, gremioen eta profesionalen jarduera sustatzea, lanpostuei eustearren edo berriak sortzearren, pandemiak horren gogor erasandako sektorean.

"Surbisaren DNAren osagai dira birgaitze-obrak sustatzea laguntza tekniko eta soziala emanez eta dirulaguntzak bideratuz, betiere egoerarik zaurgarrienean dauden pertsonei emanez lehentasuna, eta haien bizi kalitatea sustatuz", nabarmendu du Nora Abetek.

BIZIKIDETZA ETA GIZARTE KOHESIOA HOBETZEA

Esku hartzen dueneko guneen eta erakinen egoera ezagutzeaz gain, Surbisa, halaber, hurbildu egiten da han bizi diren bizilagunengana, eta baita auzotarren erkidegoetan eratzen diren harremanetara. Iaz, 220 esku-hartze bideratu ziren gizarte-kohesioa eta bizikidetza hobetzera, eta ez bakarrik hitzarmenak lortzeko (birgaitzearen alderdi batzuen eta besteen inguruan), baita ere espazio erkideetan beharrezkoa den bizikidetza hobetzeko eta/edo lortzeko eta espazio horiek onik zaintzeko.

Ohikoenak izan dira erkidegoen bileratarako laguntzak, gizarte ekintzako-kasuak eta zaurgarritasun-egoeretarako eta berankortasunerako laguntzak.

Eta horrek guztiak ekarri zuen Surbisak jarduten duen eraikinetako eta auzoetako bizilagunen bizi kalitatea handitzea. Era horretan, bakezko bizikidetzarako oinarriak ezartzen dituen kidetasun sentimendu bat eragiten da, kohesio sozial eta solidarioa eraginez, birgaitze-prozesu orok behar duen bezala.

SURBISAREN 35. URTEURRENA

2020an, halaber, Surbisak 35 urte bete zituen. Bilboko ondarea jagoteko udal-sozietatea 1985ean sortu zen, Zazpi Kaleak bere onera ekartzeko, deseginda utzi baitzuten bi urte lehenagoko uholdeek; hala ere, 2005etik aurrera, uri osoan jardun dezake, andeapen fisiko eta sozialaren araberako lehentasunak ezarriz.

Izan ere, sortu zenetik, Surbisak uriko 40.000 eraikin eta etxebizitza pribatu baino gehiagotan sustatu ditu egikuneak, urian diren eraikin guztien arteko % 15ean. Horren ondorioz, Surbisak 278 milioi euro baino gehiagoko inbertsio pribatua eragin du 35 urtean, eta, gainera, 76 milioi eurorekin lagundu ditu esku-hartze horiek, Udalaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren baliabideak baliatuz.

Urte hauetan guztietan, Surbisak, batez ere, eraikinen birgaitze integrala sustatu du lehentasunez, eta, kasu askotan, egiturazko finkapenarekin zerikusia zuten arazoak konpondu ditu, zurezko egituren egoera txarra zela-eta. Halaber, zaharberritzeko programa espezifikoak sustatu izan ditu, hala nola begiratokiak eta kultur intereseko beste elementu batzuk bere oneratzea, edo sukaldeen eta bainugelen behar-beharrezko ezaugarriak hobetzeko programa.

Surbisak eragiten duen birgaitze-ereduan sartzen dira orobat eraginkortasun energetikoko neurriak (isolamendu akustikoa eta termikoa); bestalde, igogailuak ipintzea eta haien irisgarritasuna ere sustatzen du. Horrez gain, udal sozietateak bere eskumeneko eremuak biziberritzea eragin du, merkataritzako lokalak hobetzea sustatuz.

Surbisak, halaber, lurraldean gertu egonik gauzatu du beti bere jarduna, eta bere gizarte-ekintzako ildoak lehentasuna eduki izan du zaurgarritasun-egoeran dauden familiei laguntzeko orduan. Horretarako, Surbisarentzat ezinbesteko helburua da pertsona guztiek izatea aukera beren eraikinetan beharrezkoak diren birgaitze-obrak egin ahal izatea, eta beren bizilekuetan erosotasun-maila egokiak lortzea, bizitegiak utzi beharrik izan ez dezaten laguntzarik ez dutelako edo obrei aurre egiteko nahikoa baliabide ez dutelako.

HIRI BERRONERATZEAREN SAILA ETA SURBISA

Hiri Berroneratzearen Sailak urian esku hartze integral bat gauzatzea sustatzen du; hau da, alderdi hirigintzazko, sozial eta ingurumenezkoei begiratzen die. Horrek esan nahi du ez diela hiri-birgaitzeari dagozkion kontuei bakarrik begiratzen, baita ere mugikortasunari, espazio publikoari, suspertze ekonomikoari, gizarte kohesioari, hezkuntzari, kulturari, enpleguari eta abarri.

Surbisa udal-sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Bere esku-hartzeko eremuaren barruan daude Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Otxarkoaga, Irala, Olabeaga, Zorrotzaurre eta Zazpilanda. Surbisak helburu bi ditu: alde batetik, ondare eraikia segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitateko etxebizitzak eskaintzea, eta bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. SURBISAren lanaren helburua da bizi-kalitatea lortzea, jarduera sustatzea eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.

Surbisaren jarduera, hala, uriaren lehentasunezko hainbat baliok eta NBEk sustatzen dituen Garapen Jasangarriko Helburuek (GJH) eratzen duten esparruan gauzatzen da. Alde horretatik, bada, Bilboko Birgaitzearen eta Hiri Oneratzearen programak bat datoz 3. GJHarekin (Osasuna eta Ongizatea) eta 11. GJHarekin (lortzea hiriak inklusiboagoak, seguruagoak eta jasangarriagoak izan daitezela), zeintzuen bidez uri-eredu jasangarri, bizikidetzazko, irisgarriago eta inklusiboago bat bilatzen baita.

Era berean, Surbisaren ekintza bat dator, orobat, Bilboko Balioen Agiriarekin, atxiki egiten baitzaie justizia sozialari, elkartasunari, ingurumen jasangarritasunari eta, oso nabarmenki, bizikidetzari eta ilusioari eta beste hainbat baliori, betiere Bilboko ondarearen hobekuntza sustatuz, eta bere jardun guztien erdigunean nortasunaren balioa ezarriz.