BILBO. Urtero bezala, Bidebarrieta Kulturguneak BilbaoPoesia jaialdia jasoko du. Aurten ekimen berezi honen 22. edizioa ospatuko da, datorren astelehenetik, martxoak 15, martxoaren 24ra bitartean. Aurtengo edizioak 'Berriz aireratu' izenburua darama, koronabirusaren pandemiak eragindako egoerari erreferentzia eginez.

Aurtengo aldi honetan, Udalak atzenengo hilabeteetako lan-ildo berei jarraitu die: tokiko kulturari babes ematea, egungo egoeran sektorerik zigortuenetakoa izan baita. Hori dela eta, jaialdian parte hartuko duten izenen artean, hemengo bertako talentua nabarmentzen da gehienbat. Beste behin ere, aurten, Bidebarrieta Kulturgunean izango da jaialdia, Bidebarrietako Liburutegian, eta letren eta musikaren munduan ospea duten 30 artista baino gehiagok parte hartuko dute.

XXII. EDIZIOKO PROGRAMAZIOA

BilbaoPoesia jaialdiak beste aldi bat estreinatuko du martxoaren 15ean, astelehenean, Blas de Otero (Bilbo, 1916) jaio zeneko urteurrenean. Lehenengo hitzordu honetan, "Mediobiografia" goiburuarekin, produkzio propio bat ere gozatu ahal izango da, Blas de Oteroren prosazko eta poesiazko testuekin. Irakurraldia Emilio Gutiérrez Cabak egingo du, Cecilia Lavilla Berganzak lagundurik eta Miguel Ituarte getxotarrak pianoa joko duelarik; dagoeneko salgai daude sarrerak, 5 euroan, www.bilbaokultura.eus webgunean.

Hilaren 16an, "Abere ba Ulu ala ele" musikaz lagundutako poesia errezitaldiaren txanda izango da: Bigarak (Itziar Aranburu eta Jon Ander García), Amorantek eta Okene Abregok parte hartuko dute. Gainera, Zazpi t'erdi + Bigarak animatuko dute emanaldia. Proposamen hau Loraldiarekin batera antolatua da.

Manuel Vilas, Karmelo Iribarren eta Juanra Madariaga izango dira protagonista "Reencuentros" izeneko ekitaldian, martxoaren 17an, eguaztenean: poesia argitaragabeak irakurriko dituzte, eta baita beste batzuk ere, Iribarrenek eta Vilasek Visor argitaletxearekin 2019an argitaratutako antologietatik hartuak.

Martxoaren 18an, eguenean, Rosana Acquaroni eta Isabel Bono poetak, Pepo Paz Saz argitaratzailearekin batera, poesia sentitzearen zentzuaz eta beharrizanaz jardungo dira. Poema irakurraldiak eta solasaldia tartekatuko dituzte.

Poesia errezitaldiek beteko dute ostera ere beste egun batez Bidebarrieta Liburutegia. Izan ere, martxoaren 20an, zapatuan, Marta sanz eta Bernardo Atxaga arituko dira, Udane Goikoetxea izango delarik solas-eroale, beren poesiazko nahiz narraziozko obran naturari ematen dioten lekua azaltzen. Haiekin izango da, irakurraldian laguntzen, Jou Gonzalez, hainbat musika-obra joaz.

Martxoaren 22an, astelehenean, poesiaren arloan gaur egun nabarmentzen ari diren lau emakumek hartuko dute hitza: Leire Bilbao, Itziar Minguez, Beatriz Chivite eta Julia Piera. Lau emakume poeta horiek sari ugari jaso dituzte, poesia eta narrazio sariak, eta Beatriz Chivite da ezagunenetako bat, 2016ko Blas de Otero - Villa de Bilbao poesia saria irabazi baitzuen, Bilboko Udalak antolatzen duen sariketan.

Martxoaren 23an, ostera ere Loraldiarekin elkarlanean, BilbaoPoesiak "Gaztelondo zer berri. Etxahun" errezitaldia eskainiko du, Mikel Etxekoparren musikarekin, Dominika Rekalten testuarekin eta ahotsarekin, Pierre Vissler-en soinu grabazioekin eta Jean Christian Galtxetabururen perkusioekin.

Eta hau ere produkzio propio bat, BilbaoPoesiaren aurtengo aldiari amaiera emateko: martxoaren 24an, José Fernández de la Sota arituko da, poesia sari ugari eta Euskadi sariak ere irabazitakoa: bere azken liburuko poemak irakurriko ditu, 2020an argitaratu baita. José Luis Canal piano jotzaileak lagunduko dio.

Hitzordu guztiak 19:00etan izango dira.

MUSIKA ZUZENEAN

Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi-aretoa bihurtu da atzenengo hilabete hauetan zuzeneko musikaren habia, Uriko programazioa osatu duten azken proposamenekin. Hala, bada, BilbaoPoesian, aurten ere beste behin, beren proposamenak ekarriko dituzte Bidebarrietako agertokira bi artista hauek: Nacho Vegas madrildarrak eta Izaro mallabiarrak.

Madrildarra martxoaren 19an izango da BilbaoPoesian, eta, ekitaldiaren izaerarekin bat eginez, bere musika-ibilbide luzearen berrikuspen bat egiteaz gainera, bere poema batzuk ere errezitatuko ditu. Vegas da Estatuko musikaren arloan talenturik ospetsuenetako bat.

Izaro, berriz, une honetan euskal artistarik ospetsuenetako bat da. 2020an argitaratu zuen "Limones en Invierno" lana, eta sarrera denak saldu izan ziren lan hori erakustera joan zelarik Kursaal Auditoriumera, Euskalduna Jauregira edo Victoria Eugenia Antzokira. Bidebarrietan izango da zuzeneko emanaldia eskainiz, martxoaren 21ean, domekan, Poesiaren Munduko Eguna ospatzen delarik. Berarekin batera izango da bere banda, zeina Iker Laurobak eta Garazi Esnaolak osatzen baitute.

SARRERAK ETA GONBIDAPENAK

Egungo egoeraren ondorioz segurtasun-neurriak ezarri beharrez, ekitaldi-aretoko ateak 18:15ean irekiko dira: horrela, bertaratzen direnak euren jarlekuetara bideratzeko modua izango da. Indarrean diren babes- eta higiene-neurriak zorrotz bete beharrekoak izango dira. Era berean, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea ekitaldian zehar.

Martxoaren 15eko "Mediobiografía. Blas De Oteroren eguna" ekitaldirako ez ezik, martxoaren 19ko Nacho Vegasen kontzerturako eta martxoaren 21eko Izaroren kontzerturako sarrerak salgai daude dagoeneko, 5 euroan, webgune honetan.

BilbaoPoesiaren gainerako programazioa doan da, baina gonbidapena behar da, eta eskura daude dagoeneko web-gune horretan bertan; joan ezina edukiz gero, streaming bidez ikusi eta entzun ahal izango dira esteka honetan.