BILBO. Koronabirusaren pandemiak kalte ekonomiko handiak eragin ditu sektore ia guztietan, baina batez ere ostalaritzaren sektorean. Hori dela eta, Bilboko Udalak ostalaritza eta jatetxeen sektoreai bideratutako bonuen kanpaina berri bat jarriko du martxan. Gaur, martxoak 11, kanpainaren aurkezpena egin da, Bilboko alkate Juan Mari Aburto bertan zelarik.

#BonoBilbao programa orokorreko 4 ekintza nagusietako bat da. Programa iaz abiarazi zen merkataritzako eta kulturako bonuekin batera (turismokoak kaleratzeke daude oraindik), eta Bilbao Aurrera Planaren neurrietako bat da. Alderdi guztiek covid-19ari aurre egiteko adostutako plan hori ezin izan zen sektore horretan aplikatu pandemiari lotutako araudiaren ondorioz ostalaritza-establezimenduak itxita egon zirelako.

Guztira, 110.000 bonu kaleratuko dira, eta herritarrek martxoaren 15etik, astelehena, aurrera eskuratu ahal izango dituzte. Bilboko Udalak, horretarako, milioi bateko ekarpenena egin du. Hirian 3,4 milioi euroko negozio-eragina izatea lortu nahi du.

Kulturaren eta merkataritzaren kasuan bezala (arrakasta handiko kanpainak, non bonuak ia-ia guztiz agortu diren), kanpaina honen xedea ostalaritzari laguntzea da, eta, horretarako, kontsumo zuzena bultzatu nahi da, bai eta herritarrak bonuak eskuratzeko konpromisoa har dezaten ere. Gogoan izan behar dugu programa horiek 2021. urtean ere garatuko direla beste kanpaina batzuekin.

BERRITASUN NAGUSIAK

Alkateak azaldu duen bezala, «berritasun garrantzitsu ugari» egongo dira, eta ostalaritzaren kasu zehatzerako jarri dira martxan. Besteak beste, sektore honetan bonuen eredua erabiltzen den lehenengo aldia da. Hori dela eta, web-plataforma espezifiko bat prestatu da kanpaina kudeatzeko eta gauzatzeko. Ekimena aitzindaria da, eta, gainera, informazio-hitzaldi ugari antolatu dira. Bestalde, kolektiboak berak eskatuta, kanpainarekin bat egiteko epea luzatu da, bonuak agortu arte.

Horrez gain, aurreko kanpainetan ez bezala, herritarrek establezimendua aukeratu beharko dute webgunean bonua erosten dutenean, baina, hala ere, beren-beregi banatuko dira barrutien artean, hiri osoan kontsumitzen direla bermatzeko.

Sistema horren bitartez, laguntzak ahalik eta lokal gehienetara arin eta zuzenean heltzea lortu nahi da, nahiz eta pandemiagatik itxi behar izan edo edukieran murrizketak egon.

Horretarako, webgunean erosketa egin ondoren ostalariak bonu bakoitzaren % 50 jasoko du, hau da, udalaren zatia, bezeroaren bonua oraindik kontsumitu gabe egon arren.

Establezimendu bakoitzari emango zaion zenbatekoari dagokionez, gehienez, 6.000 euro jaso ahal izango dituzte herritarrek trukatutako bonuetan.

Juan Mari Aburto alkateak zehaztu du: «Ostalaritzaren sektorean lan egiten duten familiei lagundu nahi diegu eskura ditugun baliabide guztiekin. Batzuetan, ekimen berriak jarriko ditugu martxan, oraingoan bezala, eta nola funtzionatzen duten ikusi beharko dugu, eta egokitzen joan. Alabaina, kolektiboari, merkataritzarekin eta kulturarekin egin dugun bezala, alboan gaituztela helarazi nahi diogu, pandemiak aukera ematen digunean turismoarekin egingo dugun bezala; izan ere, ezinbestekoak dira gure hiriarentzat. Segurtasunez, zuhurtasunez eta txertoak iristearekin batera... krisi berri honetatik irten behar dugu, eta hazkundearen bidera iritsi. Horretarako, udalak eta alkateak ekin eta ekin jarraituko dugu, etengabe lan egiten».

10 ETA 20 EUROKO BONUAK: EKARPENAREN ERDIA UDALARENA IZANGO DA

Oraingoan, 10 eta 20 euroko bonuak egongo dira eskuragarri, eta udalak zenbatekoaren erdia ordainduko du.

  • 10 euroko bonua: 5 euro udalak/5 euro bezeroak
  • 20 euroko bonua:10 euro udalak/10 euro bezeroak

110.000 bonuak webgunean egongo dira eskuragarri, eta 2021-03-15etik aurrera eta 2021-06-30era arte eskuratu ahal izango dira (edo agortu arte). Trukatzeko azken eguna 2021-07-31a izango da.

Gogoan izan behar dugu herritarrek (NAN), guztira, 20 bonu erosi ahal izango dituztela 4 kanpainetarako (merkataritza, kultura, ostalaritza eta turismoa), eta erosketa-tikek bakoitzeko 4 bonu erabili ahal izango dira, gehienez ere.

Atxikitako establezimenduetan trukatzeko, bonua establezimenduetan aurkeztu beharko da paperean edo, bestela, QRa erakutsi.

KANPAINAREN EZAUGARRIAK

Honako hauek dira bonuak eskuratzeko baldintzak: adinez nagusia izatea, erroldatuta egotea edo bisitan egotea, eta erosteko unean NANa edo AIZa erakustea.

Aurreko kanpainetan bezala, tiketaren zenbatekoa bonuen zenbatekoaren parekoa edo handiagoa izan beharko da, hau da, oso-osorik agortu beharko da kontsumizio bakoitzean. Era berean, bateragarriak eta metagarriak dira beste administrazioren batek abian jartzen duen beste edozein motatako bonuekin.

Laguntzak establezimenduetara arin iritsi daitezen, astero egingo dira ordainketak:

  • Lehenengo % 50 ordainduko da bonua erosten den unean (hau da, udalaren zatia).
  • Beste % 50a bezeroak kontsumitzen duenean ordainduko da.

OSTALARIEK BAT EGITEA

Ostalaritzarentzat oso erraza izango da kanpainarekin bat egitea, webgunean zehaztutako urratsak baino ez dituzte egin beharko eta. Kontsultak eta zalantzak bonobilbao@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikoaren bidez egin daitezke, baina baita telefono bidez ere: 94 420 53 95. Ordutegia: 09:00etatik 14:00etara.

Ostalaritzaren sektorearen barruan dagoen edozein enpresa-jarduera bat duen pertsona fisiko edo juridiko orok eman dezake izena, baldin eta jendeari irekita dagoen establezimendu bat badu Bilbon eta ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigraferen batean dagokion alta emanda: jatetxeak, kafetegiak, kafeak eta tabernak janariarekin eta janaririk gabe, izozki-dendak eta hortxata-dendak, dantza-aretoak eta diskotekak, saltoki handietako establezimenduak€

Era berean, Bilbon zenbait establezimendu duten negozioek establezimendu guzti-guztiak atxiki ahal izango dituzte, banan-banan.

Gaur den egunera arte, 550 ostalaritza negozio atxiki zaizkio, eta web orrian ikus daiteke zeintzuk diren.

LAGUNTZA ZUZENAK OSTALARITZARENTZAT

Bonuen programaz gain, Bilboko Udalak ostalaritzarentzako laguntza zuzenen plan bat abiarazi zuen iazko abenduan. Ekintza ez da zehazki udalarena, baina sektoreak dituen zailtasunei aurre egiten laguntzeko aktibatu zen, Eusko Jaurlaritzak ezarritakoen osagarri gisa.

Egindako 1.907 eskaeretatik, guztira, 1.900 laguntza onartu eta eman dira, hau da, 2 milioi euro baino zertxobait gehiago. 1.000 eta 1.500 euro arteko laguntzak izan dira.

Neurri hori Bilbao Aurrera 2020 Planarekin bat egin duen aparteko beste ekintza bat da. Udalak prestatu duen eta alderdi politiko guztiekin adostu den programa bat da, eta pandemiak hirian eragingo dituen kalteei aurre egiteko pentsatu da 15 milioi euroko aurrekontuarekin.

Plan horren ostean, Bilbao Aurrera 2021 Plana abiaraziko da, duela gutxi aurkeztu dena. Planak 15 milioi euro baino gehiagoko zuzkidura izango du, eta, batik bat, ekitaldi honetako lehenengo seihilekoan aplikatu nahi da.

Berriz ere eta 2020ko ekitaldian pandemia piztu zenean abiarazitako estrategiari jarraikiz, Bilboko Udalak Covid-19agatik gehien kaltetutako sektoreei lagundu nahi die krisialditik ahalik eta arinen suspertzeko proiektu estrategikoak landuz. Besteak beste, halaber, neurri hau aplikatuko da: Bilboko bonuen beste kanpaina batzuk 2021eko ekitaldirako, 3 milioi euroko aurrekontuarekin.