BILBO. Bilboko Udalak aurrera darrai Etxebizitzen 2021eko Renove Planarekin. Oraingo honetan, etxebizitzetako obra txikientzako laguntza-programa berri bat jarri du martxan, Hiri Berroneratzearen sailaren bidez.

Laguntza ekonomikoen ezohiko programa hau Surbisak kudeatzen du eta gizarte-kohesioa lortzea eta enplegua eta ekonomia aktibatzea helburu duena. Bilboko Udalaren Bilbao Aurrera Planaren barruan dago eta covid-19ari aurre egiteko neurri berezietako bat da.

"Programa berriak laguntzako lerro bi izango ditu. Lehena, Etxebizitzen 2021eko Renove Plana, iazko programaren jarraipena izango da. Bigarrena, Egokitu Plana izenekoa, 60 urtetik gorako edo desgaitasunak dituzten pertsonentzat da, eta etxebizitzen bizigarritasun- edo irisgarritasun-baldintzak hobetzera bideratuta dago", azaldu du Nora Abete Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak, ekimenaren aurkezpenean.

Programa biek dauzkate helburu bi. Alde batetik, gizarte kohesioa sustatu nahi du, jabeak diren pertsonei dirulaguntzak emanez beren etxebizitzen barruan obrak egin ditzaten kalitatea eta erosotasuna hobetzeko eta ingurumena ere hobetzeko.

Bestetik, eraberritzeen eta obren sektoreko enpresen, gremioen, autonomoen eta profesionalen jarduera ekonomikoa sustatu nahi da, sektore horretako enpleguei eustearren edo berriak sortzearren, ahalik eta arinen, eta deslokalizazioa saihestuz eta, aldi berean, materialen eta instalazioen industria jarduerari eraginez. Osasunarekin eta ongizatearekin lotutako garapen jasangarriaren helburuekin bat datozen bi programa dira, eta hiriak integratzaileagoak, seguruagoak, erresilienteagoak eta iraunkorragoak izatea lortu nahi da.

Asmo horrekin, Surbisaren Administrazio Kontseiluak laguntza horiek arautzen dituzten oinarriak onartu ditu; aurtengo uztailaren 30era arte eskatu ahal izango dira laguntzak.

Eskatzaileek, hala, aukera izango dute beren etxebizitzak barrutik birgaitzeko obrak finantzatzeko; gehienez ere, 6.000 euroko aurrekontua izan daiteke (eta gutxienez, 1000 eurokoa), eta inbertsioaren % 20a itzuli beharrik gabeko dirulaguntza bat erabiliko da. Gehienez ere 1.200 euro eman daitezke etxebizitzako Renove Planaren kasuan. Egokitu Planean, berriz, inbertsioaren % 30a lagunduko da (gehienez 1800 euro).

Bi lerro horiek bateragarriak dira Surbisaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzekin. Programaren 2021eko aurrekontua 800.000 eurokoa da.

Egokitu Plana izeneko laguntza-ildo berriaren helburua da 60 urtetik gorako edo desgaitasunak dituzten pertsonen etxebizitzetan irisgarritasun-baldintzarik onenak lortzeko obrak egiten laguntzea, hala nola bainuontzia kentzea eta dutxa jartzea, komunak edo txorrotak egokitzea, autonomia pertsonala erraztuko duten sistema domotiko eta teknologikoak jartzea, etab.

Dirulaguntzak eskatzeko, hona bideak:

  • Bilboko Udalaren webgunean atal bat prestatu da, eskabideak aurkezteko epearekin batera eta posta elektronikoz bilbaoaurrera@surb.bilbao.eus.
  • Surbisaren bulegoetan (Erronda 6), aldez aurretik hitzordua eskatuta telefonoz 628 900 181/682 472 033 edo mezu bat igorriz helbide elektroniko honetara: bilbaoaurrera@surb.bilbao.eus.

Iazko deialdian, Etxebizitzen 2020ko Renove Planak lau milioi euro mobilizatu zituen erreformetan. Surbisak gestionatzen duen dirulaguntzen ezohiko programa honek uriko bizilagunen 800 eskaera jaso zituen, gehienez 6.000 euroko inbertsioa izan duten obren % 20rainoko dirulaguntzak jasotzeko.

Deialdi berria Udalaren Bilbao Aurrera 2021 planaren barruan dator, pandemiaren aurrean gizarte-kohesioa eragiteko eta ekonomia, enplegua eta kultura suspertzeko presako neurrien planean, alegia. Planaren aurrekontua 15 milioi eurokoa da, salbuespenezko 43 neurri inguru diruz laguntzeko; neurri guztiak aurten bertan ezarriko dira.