BILBO. Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoak 'Emakume Migratzaileen Aintzatespenaren' sari-banaketa jaso du gaur goizean, martxoak 11. Bertan, Lankidetza eta Bizikidetza zinegotzi Itziar Urtasunek jatorri eta lanbide ezberdinetako zazpi emakume saritu ditu. Gaurkoa sariketa honen bigarren edizioa izan da.

Zazpiak ere Bilbon gizartearen, ekonomiaren eta kulturaren alorretan egindako ekarpenagatik ezagunak dira. Aurten, Udalak, martxoaren 8a ospatzeko deitu diren ekimenetatik, emakumeek zaintzen eremuan egiten duten ekarpena nabarmendu du. Gainera, lan horiek batik bat emakume migratzaileek egiten dituzte. Halere, zinegotziak adierazi duenez, "beraien ekarpena beste eremu batzuetara iristen da: ekonomia, aktibismoa, politika, komunitatea, kultura eta artea, besteak beste".

Itziar Urtasun, Alba Nury Orozkorekin (Udaleko Immigrazioaren Tokiko Kontseiluaren ordezkaria eta Sierra Maestra elkarteko kidea) egon da. Urtasunek 2019an sortu zen sariketa honen helburuak azaldu ditu: "emakume migratzailearen presentziak Bilboko bizitza sozial eta publikoan daukan garrantzia aitortu gura izan genuen. Modu berean, gure urian dibertsitatea aintzatesteko eta erreferenteak sortzeko beharra antzeman genuen".

Oraingo honetan, 21 hautagai aurkeztu dira, epaimahai batek baloratu dituena. Hauek dira epaimahaiko kideak: Lankidetza eta Bizikidetza zinegotzia eta Bilboko Immigrazio Kontseiluko presidentea; Elisabeth Romero Bilboko Immigrazio Kontseiluko bigarren presidenteordea eta ASOCOLVAS Euskadiko Kolonbiarren Elkarteko kidea; eta Norma Vázquez psikologo eta feminista. Epaia emateko orduan, baldintzak betetzeaz gain, kontuan izan da hautagaien curriculum vitaeen kalitatea, baita euren ekarpena ere, ezarritako sei kategorien arabera:

  • Emakume komunitateko agentea: Mathilde Gros (Frantzia)
  • Emakume ekintzailea: Maylin Vergara (Kuba) eta Farah Ben Ali (Maroko)
  • Emakume politikaria: Lidia Kinson (Ekuatore ginea)
  • Giza Eskubideen aldeko emakumea: Doris Adriana Abonia (Kolonbia)
  • Emakume gaztea: Porciana Ntoto Paulina (Angola)
  • Emakume artista: Nilda Duarte (Argentina)

Saritutako emakumeak zoriondu ostean, Urtasunek emakumeek duten funtsezko papera azpimarratu du: profesionalak, liderrak, pentsalariak, politikariak nahiz ekintzaileak. Gainera, "ongizatearen eta garapenaren motorra dira, bai euren familientzat, bai beste giro sozial batzuetarako". Halaber, zinegotziak esan du "emakume migratzaileei begiratu behar diegula. Kolektibo honek jarduketa-neurri bereziak behar ditu, bere ikusgarritasuna eta aintzatespena bultzatzeko, eta eskubide-berdintasunaren printzipioa aitortu eta bermatzeko".

Horri buruz esan du "emakumeek eskubide asko eskuratu eta defendatu behar dituztela, baina beharrezkoa da talde honi bereziki erreparatzea. Izan ere, berdintasun eza asko aldatzen da hainbat adierazleren arabera: klase soziala, jatorri etnikoa, hizkuntza, adina, nazionalitatea, sexu-orientazioa, erlijioa edo migrazio-estatusa". Ekitaldian azaldu dutenez, emakumeek desberdintasun-arrakala latzagoa pairatzen dute, eta egunero borrokatu behar dira estereotipoen, aurreiritzien, eta bazterketa anitz eta intersekzionalaren kontra.

BALIOEN AINTZATESPENA

Ekimen hau, "Emakume Migratzaileen Aintzatespena", Bilboko Immigrazio Kontseiluak sustatua, bat dator "Bilbao Balioen Hiria" proiektuaren Balioen Agiriarekin. Haren apustua da inklusioa, tolerantzia eta bizikidetza mesedetzen duten ekintzak garatzea, dibertsitate kulturaletik abiatuta, eta beti bermatu daitezela justizia soziala, giza eskubideen errespetua, inklusioa, konpromisoa, elkartasuna eta parte-hartzea.

Azaroan hautagaitzak aurkezteko epea irekita egon zen: egoitza Bilbon duten elkarteek, entitate sozialek, entitateen koordinakundeek eta federazioek aurkeztu zituzten. Bigarren edizio honetan, nork bere burua proposatzeko aukera eman da gainera.

EMAKUME MIGRATZAILEEN EKARPENA FUNTSEZKO ZERBITZUETAN

Bilbon erroldatutako atzerritarren artean, emakumeak dira nagusi (% 52,8), bereziki Latinoamerikatik datozen emakumeak (% 34,4). Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailak datu horiek interpretatu ditu, eta berretsi du lotura dagoela lanbide-nitxoekin. Kasu honetan, zaintzaren alorreko lanekin (etxeko lana eta mendekotasunaren arreta). Halere, beste eremu sozial eta ekonomiko batzuetan egiten duten ekarpena ere aipagarria da.

Ildo horretan, Bilboko Udalak, martxoaren 8aren ospakizunen testuinguruan, zaintzaren eremuan lan egiten duten emakumeak aintzatetsi ditu. "Pandemiak baldintzatutako testuinguru honetan, emakumeen ekarpena aintzatetsi behar dugu, baita migratzaileek egiten dutena ere, askotan beraiek baitira zaintzaz arduratzen direnak. Izan ere, osasun- eta gizarte-krisi honetan funtsezkoak diren zerbitzuetako askotaz beraiek arduratu dira gehienetan", esan du Itziar Urtasunek.

Bilbon bizi diren atzerriko emakume gehienak Latinoamerikatik datoz. Kolonbia eta Bolivia oso jatorri ohikoak dira (udalerrian erroldatuta dauden emakume atzerritarren laurdena bi jatorri horietako batekoa da).

Latinoamerikatik gurera etorri diren emakumeen artean askotan ikusten diren beste jatorri batzuk Nikaragua (atzerriko emakumeen % 8,5), Paraguai (% 5,7) eta Venezuela (% 5,4) dira.

Adinaren araberako banaketari dagokionez, atzerriko emakumeen % 47,5a 18 eta 40 urte arteko tartean dago. Ikasketa mailari dagokionez, emakumeen artean portzentajeak apur bat handiagoak dira ikasketa maila altuenetan (batxilergoa eta unibertsitatea), atzerriko gizonetan baino.

"GEU-NOSOTRAS" DOKUMENTALA

Modu berean, 18:00etan, Golem Alhondiga zineman, "Geu-Nosotras" dokumentala jarriko dute. Dokumentala Bilboko Udalak ekoiztu du, eta emakume migratzaileen aintzatespen honen I. edizioko hautagaiak dira protagonista. Emakume hauek, Begoña Beristain kazetariak zuzenduta, lehen pertsonan kontatu dute zer den Bilbon emakume migratzaile izatea, euren bizitzako historia eta, bereziki, uriko garapen ekonomiko, kultural, sozial eta politikoari egin dioten ekarpena.

Film honetan, emakume hauek etorkizunari begira dituzten oztopoak, itxaropenak, kezkak eta desirak ikusiko ditugu. Zenbait emakume migratzaileren kontakizun koral bat da, kulturarteko klabean, emakumeok Bilboren garapenaren protagonista gisa aurkeztuz.

"Geu-Nosotras" dokumentala Bilboko Udalak YouTuben duen kanalean ere ikus daiteke, esteka hauen bitartez: