BILBO. Bilboko Udal Txistulari Bandak agur esango dio Euskalduna Jauregiari. Ekitaldia datorren astelehenean izango da, martxoak 15, 'Kantaldia' izeneko kontzertuarekin. Bertan, euskal kantutegi zahar eta berrian dauden abestiez osaturiko errepertorioa joko dute.

Okasiorako Garikoitz Mendizabal (txistu lehena eta zuzendaria), Idoia Kareaga (txistu bigarrena Gorka Zabaleta (silbotea), Sabin Bikandi (silbotea) eta Asier Garciak (perkusioa-atabala), luxuzko hiru gonbidatu izango dituzte beraiekin: Xabier Saldias abeslaria eta Iñar Sastre (pianoa) eta Gorka Eskauriaza (baxu elektrikoa) musikariak.

Gauzak horrela, txistua, baxu elektrikoa eta pianoa protagonista izango direlarik, 19:00etan hasiko den emanaldian zehar, Iñar Sastre, Xabier Otaolea eta Xanet Arozenaren moldaketak dituzten 13 euskal konposizio oso ezagunak interpretatuko dira. Beste batzuen artean, Oskorri, Benito Lertxundi, Egan, Sabin Gereño, Xabier Lete eta John Denverren obrak entzungo dira. Jarduna “Euskal Herrian euskaraz”, “Txantxibiri”, “Oi ama Euskal Herri” izenekoekin hasiko da, jarraitzeko “Maitasun hitzak”, “Gure historia”, “Ikusi mendizaleak”, “Xalbadorren heriotzean”, “Ireki bihotza”, “Behin batian Loiolan”, “Egun da Santimamiña” entzungo dira, eta azkenik “Gora ta gora”, “Mexiko” eta “Lo ez Mexikon” interpretatuko dira. Kontzertu honetan, inoiz baino gehiago, bertaratu guztiak izango dira protagonista.

Jardun honen ondoren, Txistulari Bandak Euskal Museoan jarraituko du bere denboraldiarekin, eta formazio tradizionaleko kontzertu bat eskainiko du hilean behin (martxoak 24, apirilak 21, maiatzak 19 eta ekainak 16). Euskal musika tradizionalik onena entzuteko esparru aproposa izango da, Garikoitz, Idoia, Gorka, Sabin eta Asierren eskutik. Kontzertu hauetarako sarrerak euro 1 balio dute eta eros daitezke, museoaren beraren webgunearen bidez.

BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua” (2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Bihurrikeritan” (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin “Gogoeta” eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko