BILBO. Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egin du aurten ere martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Egunarekin. Udaletxeko Arabiar Aretoan egindako ekitaldian, Juan Mari Aburto alkateak, Berdintasun Saileko zinegotzi Nekane Alonsok eta harekin batera gainerako alderdi politikoetako bozeramaileek, erakunde-adierazpena irakurri dute, "Berdintasunez zaindu. Emakumeen zeregina pandemian zehar eta zainketen Krisi Globala" goiburua duena.

Ekitaldi honen bidez, Udalak testu horrekin bat eginik hartutako konpromisoak eman dira ezagutzera; agiriak berak ezagutza agertzen dio emakumeek pandemiaren eta haren ondorioen kontrako borrokan egindako ekarpenari.

Alde horretatik, bada, agiriak aipagai ditu zer zeregin bete dezaketen udalek zainketekin zerikusia duten lanetan ere emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna defendatzean: "udalok gaude lehenengo lerroan pandemiari eta hark pertsonen eta komunitateen gainean eragiten dituen ondorioei aurre egiteko borrokan, eta udalok gidatu behar dugu zainketei buruzko politika publikoak sustatzeko lana, eta orobat haiek zerbitzu gisa emateko zeregina, eta, betiere erantzunkidetasun publikotik, eta aintzat hartuz ondorioak eta inguruabarrak ez direla berdinak gizonen kasuan edo emakumeen kasuan."

Hala, beraz, Bilboko Udalak, bere eskumenen esparruan, konpromisoa hartzen du:

  • Zainketen antolaketa sozialaren ereduari buruz eztabaida sustatzeko, ikuspegi feminista batetik, zeinaren oinarria biziaren beraren zentralitatea baita, eta zainketari buruz izan beharreko erantzunkidetasun soziala eta komunitarioa.
  • Genero ikuspegiarekin analizatzea kolektiborik zaurgarrienen egoera eta beharrizanak eta covid-19aren eraginak, eta aurre egiteko neurriak ipintzea.
  • Covid-19aren krisiaren ondorioak arintzeko hartuko diren neurri guztietan genero-ikuspegia sartzen dela bermatzea, dela laguntzetan, dela babes programetan.
  • Konponbide bideragarriak aztertzea eta antolatzea adingabeak eta ezindurik dauden pertsonak zaintzeko laguntzetarako, zainketa, bai ematen duenarentzat, bai jasotzen duenarentzat, duintasunez eta bidezkotasunez bideratuz.
  • Berariaz eragitea Udalen berdintasun planetan, emakumeen ahalduntzean, zainketei balioa aitortzean eta gizonek zainketari buruz erantzunkidetasunez jokatzean.
  • Giza baliabideak eta baliabide teknikoak eta ekonomikoak gehitzea eta jagotea, tokiko berdintasun politikak garatzearren eta generoa tokiko politika guztietan zeharkakoa izan dadin eragitearren.
  • Tokian tokiko zainketen komunitate-sareei laguntzea.