BILBO. Bilboko Udaltzaingoak urtero egin ohi duen bide-segurtasunaren balantzea aurkeztu egin du gaur goizean, otsailak 26. Aurreko urtearekin alderatuta, zifrak hobetu egin dira hain berezia izan den 2020. urtean. Abiadura 30 km/h-ra murrizteak eragin handia izan du zifren hobekuntzan.

Zehazki, 2020an urian 1.258 istripu gertatu ziren: 852 biktimarik gabe, eta 406 biktimekin. Beraz, aurreko urtean baino % 27,78 gutxiago. Izan ere, 2019an 1.742 istripu izan ziren: 1.060 biktimarik gabe eta 682 biktimekin.

Hala eta guztiz ere, tamalez lau pertsona hil ziren Bilboko errepideetan iaz. Gainera, kasu guztietan, hildakoak istripuen ondorioz izan ziren.

Istripu mota guztiak murriztu ziren, salbu eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek edo patineteek izan dituztenak. Horrelakoak 2019an 8 izatetik 2020an 17 izatera igaro ziren, seguruenik honelako ibilgailuak gero eta ugariagoak direlako gure kale eta galtzadetan. Honelako ezbehar guzti-guztietan erantzukizuna gidariarena izan zen, arau-hausteak egiteagatik edo arreta faltagatik.

2020an bizikleta gutxiagok izan dituzte zirkulazio-istripuak; seguruenik, osasun-egoerak ekarri zuen konfinamenduaren ondorioz, neurri batean. Guztira, Bilbon 121 ezbeharretan izan ziren bizikletak tartean. Hau da, aurreko urtean baino % 23 gutxiago (2019an 173 ezbehar gertatu ziren).

Biktimak izan zituzten istripuei dagokienez (harrapaketak izan ezik), ezbehar hauen arduradunak izan ziren gidarien adinean, ikusi zen 41 eta 50 urte artekoek izaten dituztela honelako istripu gehien (% 24,9). Halere, alde txikia dago aurreko bi adin-tarteekin: 31 eta 40 urte artekoa (% 21,2) eta 21 eta 30 urte artekoa (% 19,3).

KAUSAK ETA BIDEAK

Bilboko Udaltzaingoak dituen estatistiken arabera, zaurituekin zirkulazio-istripuen kausa nagusiak (harrapaketak izan ezik) askotarikoak izan ziren iaz. Kausa nagusia izan zen gidariak kontrola galtzea (ia ezbehar guztien % 22a), arreta galtzea (% 15,58), segurtasun-tartea ez errespetatzea (% 11,21), beste errei batean sartzea (% 8,41) edo bidea eman behar zenean ez ematea (% 7,79), besteak beste.

Gainera, istripuen % 85a bide zuzenetan (% 44,86) edo bidegurutzeetan (% 40,19) gertatu zen.

Zehazki, istripu gehien izan zituzten bideen artean Egirleta (BI-631), Sabino Arana, Autonomia, Zumalacarregui etorbidea, Kale Nagusia, Zabalbide, Aguirre Lehendakaria eta Gordoniz daude.

HARRAPATZEAK

2020an, harrapaketak nahiko gutxitu ziren. Halere, 2020an Bilboko errepideetan izan ziren lau hildakoak arrazoi horregatik izan ziren.

Iazko kopuruek honelako istripuek Bilbon daukaten beheranzko joera berresten dute; honelakoak benetan kezkagarriak dira Udaltzaingoko arduradunentzat. 2020an izan ziren 85 harrapaketen aldean, 2019an 140 egon ziren, 2018an 155, 2017an 166, eta 2016an 183.

Bilboko Udaltzaingoko Atestatuen Unitateak iaz 85 harrapaketatan esku hartu zuen, 98 biktima eragin zituztenak. Haietatik 80k zauri arinak izan zituzten, 9k zauri larriak, 4 hil egin ziren, eta 5 kasutan ibilgailu harrapatzailean zeuden pertsonek zauri arinak izan zituzten (bidaiariek nahiz gidariek).

Harrapatze gehien jasan zuen adin-tartea 10 eta 29 urte bitartekoa izan zen. Hori aurreko urteetatik ezberdina da, honelako istripuek eragin handiagoa zeukatelako 60 urtetik gorakoen artean.

Harrapatzeen kausen artean hauek nabarmendu behar ditugu:

  • Gidariek oinezkoen bidea ez errespetatzea: kasuen % 36,47.
  • Oinezkoa galtzadan sartzea (behar ez den lekutik, begiratu gabe, korrika, ...), % 20.
  • Gidariak arreta galtzea, istripuen % 15,29.

HELBURUA: 0 BIKTIMA

Bide-segurtasunaren balantzea positiboa da, istripu eta biktima kopurua murriztu egin delako. Hala eta guztiz ere, Bilboko Udaltzaingoak lanean segitzen du, alor honetan izan dezakegun helburu bakarra lortzeko: istripu kopurua, eta batez ere biktima kopurua, 0 izatea.

Azken hamar urteko kopuruen hobekuntza, argi eta garbi, bide-segurtasuneko prebentzio-kanpainei zor zaie. Hirian zirkulazioa baretzeko neurriek ere garrantzi handia izan dute. Hirigintzako aldaketez ari gara. Adibidez, bidegurutzeen diseinua, edo abiadura-muga berriak, abiadura murrizten laguntzen dutenak eta, ondorioz, esate baterako, harrapaketa baten ondorioak hain larriak ez izatea dakartenak.

Ildo horretan, 2020ko irailean abiadura-muga 30 km/h-tan ezarri zen Bilbo osoan, hain zuzen ere istripu kopuruen ratioak hobetzeko eta gertatzen ziren istripuak hain larriak ez izateko helburuz.

PREBENTZIOZKO KONTROLAK ETA ALKOHOLEMIA ISTRIPUETAN

2020. urtean alkoholaren eta drogen prebentzio-kontrol gutxiago egin dira, covid-19aren pandemiaren eraginez. Esan behar dugu honelako kontrolak asko ugaritzen direla Aste Nagusian, eta iaz ez zela ospatu.

Zehazki, 36 prebentzio-kontrol egin ziren. Haien ondorioz, alkohola detektatzeko 478 proba eta drogak detektatzeko 22 proba egin ziren. Zortzi eta bi emaitza positibo izan ziren, hurrenez hurren.

Zirkulazio-istripuetan egindako alkohol eta droga probei dagokienez, Udaltzaingoak iaz 276 proba egin zituen, eta haietatik 89 positiboak izan ziren. Horren ondorioz, 57 pertsona bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik inputatu ziren (haietako bat, ikerketa bat egin ostean), eta gainerakoei administrazio-salaketa bat ipini zitzaien.

Gainera, alkohola eta/edo drogen kontsumoaren ondorioz gertatu ziren 89 zirkulazio-istripu horietatik, 12tan zaurituak egon ziren. Beraz, guztira 20 biktima egon ziren (5 harrapaketetan, eta 15 gainerako istripuetan).

Modu berean, istripu hauetako 40tan, kausa nagusia gidariak edandako alkohola izan zen.

RADARRAK JARRITAKO ISUNAK

Bilbon zenbait radar finko eta radardun ibilgailu bat daude uri barruan abiadura kontrolatzeko.

Iaz, Udaltzaingoak 16.000 ibilgailu inguru salatu zituen, baimendutakoa baino abiadura handiagoan gidatzeagatik, guztira kontrolatu ziren 5.100.000 ibilgailuetatik. Zehapena ezarri zaien ibilgailuen ratioa oso txikia da, % 0,30 baino apur bat gehiago, urte osoan uriko bideetan mugitzen den auto kopurua kontuan izanik.

EUSKADIKO BIDE-SEGURTASUNERAKO ETA MUGIKORTASUN SEGURURAKO PLAN ESTRATEGIKOA

Gure kaleetako bide-ezbeharren ratioak hobetzen jarraitzeko asmoz, Bilboko Udaltzaingoak Ertzaintzarekin eta beste tokiko polizia batzuekin batera Euskadiko Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguruaren Plan Estrategikoan parte hartzen du.

Plan horren testuinguruan, iaz 24 zaintza-kanpaina egin ziren zirkulazioaren zenbait eremutan, eta ibilgailuen kontrolak egin ziren. Hasieran aurreikusitako kanpaina kopurua baino txikiagoa izan zen, osasun-egoeraren ondorioz.

Ildo honetan, harrapaketak prebenitzeko kanpaina bat egin zen. Oinezkoei 153 ohartarazpen eta 4 salaketa egin zitzaizkien (2, oinezkoei, eta 2, gidariei).

Ziklistentzako 3 kontrol-kanpaina, 262 ohartarazpen eta 4 salaketarekin. Motozikletak zaintzeko bi kanpaina: 305 ibilgailu kontrolatu ziren, eta 19 salatu.

Kanpaina bat egin zen segurtasun-gailuen erabilerari buruz (segurtasun-uhala, umeen segurtasun-neurriak, ...). 2.179 ibilgailu gainbegiratu ziren eta 25 zehatu. Beste kanpaina bat egin zen ibilgailuen baldintza teknikoei buruz (IAT), eta horren ondorioz, kontrolatutako 507 ibilgailuei 6 salaketa egin zitzaizkien.

Gainera, bi kanpaina egin ziren arreta galtzeari buruz (sakelako telefonoa edo nabigatzailea erabiltzea eta abar). Horren ondorioz, 15.194 ibilgailu kontrolatu ziren eta 53 salaketa jarri. Beste lau kanpaina egin ziren merkatugaien garraioaz. Azken horietan 325 ibilgailu aztertu ziren, eta 36 zehatu.

Bi kanpaina eskola-garraioaren kontrolaz. Hauetan, urian zehar dabiltzan horrelako ibilgailu guztiak gainbegiratu ziren. Beste bi taxi eta VTC lizentzienak, salaketarik gabe.

Udaltzaingoak abiadura-kontroleko sei kanpaina egin zituen. Haietan, 240.000 ibilgailutik gora kontrolatu ziren; emaitza, 1.113 zehapen.

BIDE-HEZIKETAN LAGUNTZEKO PROGRAMA ESKOLETAN

Bide-segurtasuna herritar guztien erantzukizuna da, bakoitzak mugikortasunean daukan rolarekin. Gai honetara txikitatik hurbiltzea komeni da. Horregatik, Bilboko Udaltzaingoak duela ia hogeita hamar urte ikasleak prestatzeko lan bat egiten du, eskolan bide-heziketa lantzeko programaren bidez.

2001-2002 ikasturtetik hona 9 eta 13 urte arteko 77.710 umek parte hartu dute.

Urtero, uriko lehen hezkuntzako ikastetxe ia guztiek parte hartu ohi dute. Ordea, osasun-egoerak jardueraren garapena baldintzatu du, bai aurreko ikasturtean bai honetan, eta parte-hartzea ia erdira murriztu du. 2020an, jarduera honetan 2.800 ume inguruk parte hartu zuten.

Bai programaren egutegia bai jardueraren ordutegiak ikasturtekoak dira, irailetik ekainera bitartean, eta prestakuntza euskaraz eta gaztelaniaz ematen da.

Prestakuntza-ekintzak lau ordu eta erdi irauten du, eta bi zatitan egiten da: teorikoa ikasgelan eta praktikoa Sarrikondoko pistan (Madariaga etorbidean dagoen udal-instalazioa). Gainera, baldintza meteorologikoek edo ikastetxeko dinamikak uzten duten guztietan, bi saioak egun berean egiten dira.

1993an batu zen Bilboko Udaltzaingoa Bide Hezkuntzan Laguntzeko Eskoletako Euskadiko Programara eta harrezkero, prestakuntzako zereginetan dihardu Udaltzaingoak bide-segurtasunaren arloan balioetan hezteko, irakasteko eta jarrerak garatzeko. Baina ez bakarrik ikastetxeetako ikasleekin, baita adineko pertsonekin eta ezindutako pertsonen kolektiboekin ere.

Horrela, prebentzioarekin, istripuak eta harrapaketak murrizten jarraitu nahi dugu, bide-segurtasunaren azken helburua lortzeko: "zero hildako".