BILBO. Bilboko Udalak 345.780 euroko aurrekontua bideratu du Iralako Eskurtze Parkean gauzatu diren obrak egiteko. Lan horiek dagoeneko amaitutzat eman ditu Udalak, eta, beraz, parkeak aurpegi berri bat estreinatu du.

Horretarako, burutu berri ditu ekipamendu berri batzuk ipintzeko lanak. Batetik, haurrentzako jolasgune bat parkeak Juan de Garaytik duen sarreran; eta, bestetik, kirol-zirkuitu bat parke osoan, fitness-gune batean hasi eta amaituko dena.

Iralako auzora gerturatu dira gaur goizean Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzia, eta haiekin batera udal korporazioko beste kide batzuk. Udalak joan den bi hilabete honetan egin dituen lanak ikusten izan dira han.

Lehenengo, umeentzako jolastoki bat, 530 metro koadro hartzen dituena: oso espazio berezia da. Elementuek zuhaitz gaineko etxeak irudikatzen dituzte, eta batetik bestera joateko sareak izango ditu. Zuhaitz gaineko etxeek egiten duten aireko ibilbideak eratzen du zirkuituetako bat, muturretan tutu erako bi txirrista dituela, itxiak; bata bestearekin lotuta daude igotzeko elementuen bidez. Ibilbidea inguratuz goiko etxeak, zuhaitzen adarrak imitatzen dituzten hodiekin apainduta. Altuera, gehienez ere, 2,5 metro.

Gainera, tirolina bat ipini da, eta bertara igotzeko elementu bat; tirolinak 28 metroko distantziako ibilbidea egiten du. Kulunkatzeko elementu bat eta zabuak ere badira. Horien artean, jolas kolektiborako saski bat.

FITNESS GUNEA ETA KIROL ZIRKUITUA

Era berean, alkateak eta zinegotziek gainerako lanak ere ikusi dituzte, Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailak eremu horretan eginarazi dituenak; izan ere, kirolerako hainbat aukera eskaintzeko moduan egokitu dira. Esate baterako, aire libreko fitness eta norberaren entrenamendurako gune bat, gimnasia egiteko era bateko eta besteko gailuekin. Eremu horretan ipini dira abdominalen bankua, spinning-eko bizikleta, eliptikoa, arraun hidraulikoa, hankak luzatzeko gailua eta aulki presa hidraulikoa.

Aparatuek hainbat zailtasun maila dituzte, aukera emanez gorputz sasoi bateko eta besteko pertsonei norberaren mailaren eta progresio-helburuaren araberako erritmoan egiteko ariketak.

Fitness eremua haurren jolasen ondoren kokatuko da, eta bertatik bi kirol zirkuitu hasiko dira.

Udalak intentsitate desberdineko bi ibilbide diseinatu ditu, parkeko maldak eta eskailerak aprobetxatuz. Bi ibilbideak fitness eremuan hasi eta amaitzen dira. Intentsitate txikikoak 1,3 kilometro ditu, eta intentsitate handikoak, 2,2 kilometro.

Ibilbideak behar bezala seinaleztatu dira, parkearen harmonia estetikoa ez hausteko eta ibilbideetan kirola egiten dutenak gidatzeko.

Parkerako hiru sarbide nagusietan kartel orokorrak jarri dira (informazio-puntuak), ibilbideak, fitness eremua eta gainerako espazio interesgarriak zehaztuz. Bi kirol ibilbideetan metalezko zutoinak jarri dira, zirkuitu bakoitzean jarraitu beharreko norabidea adierazteko, eta kolorearen eta silueta baten bidez bereizten dira, horietako bakoitzean intentsitate-aldea adieraztearren. Gainera, 500 metrotik behin, zoladuran ohar bat jarri da, egindako distantzia adierazteko. Ibilbideetan atsedena hartzeko guneak eta iturriak ere ipini dira.

Udalak 42.200 euroko inbertsioa egin du egikune honetan.

Hortaz, Eskurtze parkeko jarduketa bietan, guztira, 387.980 euroko inbertsioa egin da.