BILBO. Bilbok 'Soplo-arnasketa saiakerak' izeneko erakusketa tzar deszentralizatua jasoko du gaurtik, otsailak 17, aurrera. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok gaur goizean bertan inauguratu du #BilbaoAurrera Planaren barruan antolatutako ekimen hau.

Lau gunetan egongo da banatuta, Bizkaiko hiriburuan, Bilboko Udalak antolatuta Bilbao Arte Fundazioarekin elkarlanean, eta krisi sanitarioak artisten sektorean izan dituen ondorioei erantzuteko xedez, 2020an lehen #BilbaoAurrera Plana abian jarrita Udalak tokiko kultur eragileei emandako babesaren emaitza da erakusketa.

Alde horretatik, Zabalguneko Eraikinean egindako aurkezpenean, alkateak azaldu du Udalak, "joan diren hilabeteetan, era bateko eta besteko ekimenak jarri dituela abian Uriko sektore artistikoari laguntzeko, balio kate osora eta arlo guztietara iritsi nahirik. Tokiko kultur eragileekin hartutako konpromisoari zentzua ematen dioten ekintzak dira. Eta, haien artean, deialdi hau, arte garaikideko sorkuntzaren sektorea suspertzeko asmoa duena. Hala lortu dugu erakusketa tzar hau, "Soplo - Arnasketa Saiakerak" izenekoa.

Erakusketa honetan 25 artistaren proiektuak erakusten dira, eta guztira aurkeztutako 128 proiekturen artean hautatu zituen epaimahai batek, zeina Andrea Estankona, Aimar Arriola eta Maite Martínez de Arenazak osatzen baitzuten; erakusketan, pandemiak eragin dituen ondorioei heltzen zaie, gizartean, ekonomian, politikan nahiz artean eragin dituen ondorioei, "betiere bazterrera utziz hitzez hitzezko hurbilkerak, eta erantzun plastiko eta formal zailagoen alde eginez", adierazi du.

Erakusketa deszentralizatua lau gunetan antolatu da, uriko lau egoitzatan, hala nola Zabalguneko Eraikina (han izan da inaugurazioa), Euskal Museoa, Mariaren Bihotzeko Plazako Aztarnategia eta Abandoko Udaltegia. Gune horietako bakoitzeko esku hartze artistikoak ideia edo ardatz nagusi baten inguruan izan dira: hondamendia, etxea, uria eta gorputza. "Elementu horien xedea da indarra ematea irakurketa askotarikoei eta obra eta gune batzuen eta besteen artean gertatzen diren oihartzun eta konexioei, bai eta gune bakoitzaren eta uriaren artekoei ere", adierazi dute obren komisarioek.

ARTISTEN SEKTOREARI LAGUNTZEA

2020ko ekainean Bilboko Udalak argitara eman zuen "Ekaitzaren ostean" izeneko deialdiaren azken emaitza da erakusketa; Udalak, deialdi horren bidez, Covid 19aren krisiak artisten sektorean eragindako ondorioak bigundu nahi izan zituen, eta arte garaikidearen sorkuntzaren tokiko sektorea sustatu. Jatorrizko deialdiarekin batera bigarren deialdi bat egin zen, testu kritikoetarako, "Isiluneen artean" izenekoa, eta biak ala biak 2020ko ekainean eman ziren argitara Bilboko Udalaren finantza-laguntzari esker, guztira 100.000 euro bideratu baitzituen ekimen horretarako.

Hautatutako proiektuek 2.000-na euro jaso dituzte Udalaren ekarpenetik; era berean, erakusketan jarri diren proposamen guztien artean, 5 sari banatuko dira, 5.000 eurokoak, epaimahaiaren iritzian esanguratsuenak izan diren proiektu artistikoetarako.