BILBO. Lan handia izan du Bilboko tokiko poliziak asteburu honetan. Ostiraletik igandera, 103 pertsona salatu behar izan ditu urian koronabirusari aurre egiteko ezarritako segurtasun neurriak ez betetzeagatik.

Udaltzaingoak 64 pertsona ere zigortzea proposatu zuen larunbatean, osasun-agintariek koronabirusaren eragin handia geldiarazteko 22:00etatik 06:00etara bitartean ezarri dituzten ordutegi-murrizketak ez betetzeagatik.

Nabarmentzekoa da horietatik 26 ezkutuko bi ospakizunetan harrapatu eta bestelako arau-hausteengatik ere salatu zituztela, hala nola, maskara ez eramatea edota elkarrekin bizi ez diren lau pertsona baino gehiago aldi berean biltzea. Lehenengo polizia-ekintzan, Bailen kaleko lonja batean zeuden 14 pertsona salatu zituzten, 01:30 aldera. Bigarren ekintzan, goizaldeko 4ak igarota, Gorte kaleko eraikin baten laugarren solairuko lokal batean zeuden beste 12 pertsona salatu zituzten.

Igandean, 39 pertsona zigortzea proposatu zuten ordutegi-murrizketak ez betetzeagatik.

ERREPIDEEN ZEIN OINEZKOEN KONTROLAK

Asteburu osoan, Bilboko Udaltzaingoak hainbat kontrol egin ditu errepide-sarbideetan, garraio publikoko geralekuen inguruetan eta hiriko ostalaritza-gune nagusietan, indarrean dagoen araudia betetzen zela zaintzeko.

Kontrol horien ondorioz, zapatutik domekara bitartean, 25 ibilgailuren gidariak salatu dituzte, baita garraioa publikoaren irteetan zeuden 19 pertsona eta ostalaritza-guneetan zeuden beste 36 ere.

Gainera, ostalaritzako lokal bat zigortu dute asteburuan, ezarritako irekiera zein itxiera ordutegiak ez betetzeagatik.

Guztira, Bilboko Udaltzaingoak 10.000 pertsona baino gehiago zigortzeko proposamena egin du iazko ekainaz geroztik, Osasuneko Sailburuaren aginduak eta Lehendakariaren Dekretuak ez betetzeagatik.