BILBO. Bilbon berrogeita hamar urte baino gehiago dituzten etxebizitza-eraikin ia guztiek pasatu dute dagoeneko Eraikinen Ikuskapen Teknikoa (ITE) azken 6 urteetan. Inspekzio hori ondare eraikinaren segurtasuna eta kontserbazioa zaintzeko eta bermatzeko helburua du.

Horrela, 2015ean egin zuen Bilboko Udalak EIT txostenak zenbatzeko, antolatzeko eta obligazioari buruzko informazioa emateko egutegia. Ordutik hona, horretara behartuta zeuden eraikinen % 99,18ak EIT txostena aurkeztu du Udalean.

50 urtetik gorako 6.599 etxebizitza-eraikinek ikuskapena egin dute Bizkaiko uriburuan harrezkero, EAEn dekretuz ezarritakoa betez.

Era berean, eta guztira, 2015etik aurrera 7.501 EIT aurkeztu dira Bilboko Udalean. Horien artean, araudi autonomikoak ere behartzen ditu bi kasu hauetan:

  • Administrazio publikoak kontserbazio, irisgarritasun unibertsal edo eraginkortasun energetikoko obrak egiteko ematen dituen laguntzak jasotzeko egiten direnak.
  • Katalogatutako eraikinak direlako, antzinatasuna eta babes-erregimena edozein izanda ere.

2020an, antzinatasunagatik EIT txostena aurkeztu behar izan duten eraikinetatik % 77,8ak bete du izapidea Ehuneko hori handitu egingo da aurten (beti dago EIT txostena dagokion urtean aurkezten ez duten elkarteen ehuneko bat, hurrengoan egiten baitute Udalak egindako errekerimenduen ondoren).

2021ean, araudiaren aplikazioarekin jarraituz, Bilboko 404 etxebizitza-atarik aurkeztu behar dute Ikuskapen Teknikoa (EIT):

  • 140 atarik antzinatasunagatik;
  • 264 atarik, aurreko ITE aurkeztu zenetik 10 urte igaro direlako eta berriro pasatu behar dutelako.

EIT TXOSTENAK, JABEEN ELKARTEEN BETEBEHARRA

Eraikinaren jabeek edo jabeen elkarteek aurkeztu behar dute EITa eta, agirian, eraikina osatzen duten elementuen egoera orokorrari buruzko azalpena jaso behar da: egitura, zimentazioa, fatxadak, estalkiak eta instalazioak; horrez gain, aurkitutako akatsak konpontzeko behar diren obren zerrenda jaso behar du, horrelakorik izanez gero, nolako premia duten adierazita eta haien larritasuna kontuan hartuta.

Agiri horrez gain, irisgarritasunaren gaineko txosten bat eta higiezinaren energia-eraginkortasunaren ziurtagiri bat ere aurkeztu behar dira; dokumentu hori goi-mailako arkitekturako edo arkitektura teknikoko titulua duen teknikari batek egin behar du. Azkenik, EITa Bilboko Udaletxean aurkeztu behar da, eta herri-erakunde honek Eusko Jaurlaritzara igorri behar du.

EIT txostenetatik sor daitezkeen lanak larrialdi-mailatan katalogatzen dira eta, jabeek ez badituzte egiten Udalak obrak eginaraz ditzake, lehentasuna emanez eraikinen egiturari, estalkiari eta bide publikoan kokatuta daudenen fatxadei.

KONTSERBAZIOAREKIN LOTUTAKO LAGUNTZAK ETA DIRULAGUNTZAK

Bilboko Udalak laguntza ekonomikoak ematen ditu etxebizitza-eraikinetan egiturazko elementuak konpontzeko eta arkitekturazko oztopoak kentzeko obrak egiteko. Gainera, lan horiek udal tasa murriztua daukate.

Bestetik, Surbisak EITaren ondoriozko obrak eta era guztietako zaharberritze-lanak egiteko dirulaguntzak ematen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren laguntzak ere kudeatzen ditu, leihatila bakar moduan.

Era berean, EITaren ondoriozko lanetarako onura fiskalak eta dirulaguntzak jaso daitezke, Eusko Jaurlaritzaren babespean egindako zaharberritzeko lanak direnean.

5.900 OBRA-LIZENTZIA BAINO GEHIAGO 2020AN

Nahiz eta koronabirusaren pandemiak eragina izan duen, eta izaten jarraitzen duen, jarduera mota guztietan, Bilboko Udalak 5.904 obra-lizentzia izapidetu zituen iaz, hainbat modalitatetan: obraren aurretiazko komunikazioa, prozedura laburtua, prozedura arrunta eta obra handiko lizentziak.

Datu hori aurreko urtekoarekin alderatuta (6.841 lizentzia kudeatu ziren), % 13 baino pixka bat gehiago murriztu da. Hala ere, egia da obra-lizentzien izapideen murrizketa ez zela hain nabarmena izan obra horren konplexutasuna zenbat eta txikiagoa izan.

Ildo horretatik, 2020an 2.631 obraren aurretiazko komunikazio (CPO) izapidetu ziren; 2019an, aldiz, 2.857, %8 gutxiago. Obraren aurretiazko komunikazioa beharrezkoa da garrantzi txikiko obrak egiten hasteko lokal edo etxebizitzetan (beheko solairuan edo teilatupean ez daudenak, banaketa-aldaketarik gabe eta sukaldeko edo komunetako zorua ukitu gabe egurrezko eraikinetan), bai eta babestu gabeko eraikineko elementu komunetan ere (inguratzailea aldatu gabe eta egiturari eragin gabe). Izapide egokia da, adibidez, patioetako leihoak ordezteko.

Prozedura laburtuko lizentziak edo obra txikietarako lizentziak 2019an 3.160 izatetik 2020an 2.640 izatera igaro ziren, % 16 gutxiago. Horrelako baimenak ematen dira eraikin baten barruan edo haren itxitura-elementuetan (fatxadak, estalkiak...) egiten diren eraikuntzako esku-hartzeetarako, baldin eta hala gomendatzen badute teknikoki errazak izateak eta obren eraikuntza- eta ekonomia-garrantzi eskasak. Hau da, udal-kontrola behar dute, baina ez dute proiektu teknikorik behar.

Prozedura arrunteko lizentziak, berriz, % 22 murriztu ziren, 799tik 621era. Horrelako exekuzioek proiektua eta zuzendaritza teknikoa behar dituzte. Iaz eskatutako 621 lizentzietatik 498 eman zituen Udalak.

Azkenik, obra handiko lizentziak erdira murriztu dira. 2019an 25 eskatu ziren, eta 2020an, berriz, 12 -guztiak eman ziren-. Murrizketa hori, nabarmenena, HAPOren izapidetzeak ekarri duen lizentzien eteteak eragindakoa izan daiteke.