BILBO. Bizitegi eraikinetan arkitekturazko oztopoak kentzeko dirulaguntzak emango ditu Bilboko Udalak, Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailaren bitartez. Urtero egin ohi duen deialdi honek bizitegi-eraikinetako irisgarritasuna hobetzea du helburu. Dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago jada.

Programa horretan, aurreikuspenen arabera, 600.000 euro banatuko dira etxebizitza-eraikinetan arkitektura-oztopoak kentzeko igogailuak eta irisgarritasuna hobetzen dituzten beste elementu batzuk jartzeko. Beste alde batetik, 75.000 euro emango dituzte etxebizitza-eraikinetako egiturazko elementuak konpontzeko lanak egiteko.

Gertatu liteke zenbateko horiek gehitzea, beharrezkoa balitz, ekitaldian zehar aurkezten diren eskabideen arabera.

Aurreko urteetan bezala, deialdi honen xedea da lan hauen zati bat finantzatzea: etxebizitzetarako eraikinen barrualdeko elementu komunetan dauden arkitektura-oztopoak eta atarian bertan zuzenean sartzeko dauden kanpoko oztopoak kentzeko lanak (mailak edo eskailera-mailak, esaterako) eta igogailua jartzeko lanak, halakorik ez dagoenean.

Era berean, etxebizitza-eraikinen inguruetan lehendik dauden erabilera publiko zein pribatuko titularitate pribatuko kanpoko urbanizazioak eraldatzeko obrak finantzatzeko dirulaguntzak ematea ere izango da deialdiaren helburua, baldin eta obra horiek hirigintza-oztopoak kentzea badakarte.

Bilboko Udalak eraikin partikularretan oztopo arkitektonikoak kentzeko hainbat laguntza-programa sustatu ditu 1998az geroztik, herritar guztiei etxebizitzetarako irisgarritasuna bermatzeko asmoz.