BILBO. Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du aurten ere datorren ostiralean, otsailak 12, ospatuko den Darwinen egunarekin. Bidebarrieta Kulturguneak eboluzioaren teoria asmatzailea omenduko du bere jaiotzaren 212. urteurrenean, arratsaldeko 18:30ean hasiko den giza-koronabirusen jatorriari eta bilakaerari buruzko hitzaldi batekin. Hitzaldia Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da.

Hizlari izango dira Estibaliz Apellaniz Ingunza geologoa eta UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko geologo eta irakasle titular erretiratua, eta Guillermo Quindós Andrés, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Mikrobiologiako katedraduna.

Parte hartzeko, ezinbestekoa da jada eskuragarri dauden doako gonbitetako bat erreserbatzea, helbide honetan.

DARWINEN EGUNA 2021

'Darwinen eguna' Bilboko Udalaren, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Zirkulu Eszeptikoaren artean sustatutako eta antolatutako ekimena da, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.

Darwinen Egunaren hamabosgarren edizio honetan ere, eboluzioa izango da hitzaldien ardatz nagusia, alde batetik, Lurraren historian gertatu diren aldaketa globalak aztertuz, eta bestetik, giza-koronabirusen jatorrian eta bilakaeran sakonduz. Bertaratutakoek gizateriaren zein planetaren etorkizunaz gogoeta egiteko aukera izango dute.

Bi hitzaldi izango dira. Lehena, 'Aldaketa globalak Lurraren historian: norantz goaz?' izenburupean, Estibaliz Apellaniz gure planetaren iragana arakatu eta historiak hutsegiteak ez errepikatzeko ematen dizkigun irakaspenak ateratzen saiatuko da hausnarketa horretatik.

Bigarrena, 'Giza-koronabirusen jatorria eta eboluzioa' aztertuko ditu Guillermo Quindósek, egun puri-purian dagoen koronabirusen inguruko kezkari helduz Komunitate zientifikoak pandemia bat gertatzeko arriskuaz ohartarazi zuen arren, SARS-CoV-2 koronabirusak eragindakao berealdiko kolpea izan da biztanleria osoarentzat. Hala ere, oraingo hau ez da gizakiari eragin dion lehendabiziko koronabirusa. Quindósek hiru pandemia mehatxagarri ekarri dizkiguten koronabirus berri horien jatorria, bilakaera eta hedapena aztertuko ditu hitzaldian.

HIZLARIAK

Estibaliz Apellaniz Ingunza geologoa eta UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko (egungo Geologia Saila) irakasle titular erretiratua da. Gainera, Goi Kretazeoko eta Paleogenoko gertaera paleoklimatikoak, paleoekologikoak eta paleobiologikoak ikertu ditu, batez ere mikrofosilen azterketan oinarrituta.

Guillermo Quindós Andrés Mikrobiologiako Katedraduna da UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean. Bere karreran, 22 Doktorego Tesi zuzendu eta Mikrobiologia eta Gaixotasun Infekziosoei buruzko 300dik gora argitalpen idatzi ditu. Zientzia dibulgazioan ere dihardu zenbait komunikabidetan.

Egun hau Bidebarrieta Kulturgunearen barruan kokatzen da. Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegiaren kulturari buruzko gunea da eta kultura, literatura eta zientzia garatzea eta sustatzea du helburu.

SEGURTASUN NEURRIAK

Egungo egoeraren ondoriozko segurtasun neurriak direla eta, ekitaldi-aretoko ateak 17:45ean irekiko dira, bertaratutakoak beren aulkietan egokitzeko. Ezin bada parte hartu, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da webgune honetan.

Une bakoitzean indarra duten babes eta higiene neurriak zorrotz beteko dira. Era berean, ekitaldia egiten den bitartean maskara erabili beharko da.

#BILBAONEGUA2021

Aisiak eta kulturak beteko dute hiria hilabete honetan eta martxoan #BilbaoNegua2021 udal ekimenarekin, jende guztiarentzat da eta gustu guztietako planak eskaintzeko pentsatuta dagoena.

Udalaren kultur ekimen honen baitako plan guztiek osasun agintariek ezarritako segurtasun protokoloei jarraituko diete.