BILBO. Bilboko Sortze Garbiaren Komentuak itxura berria du. Gaurtik aurrera, Ruth Juan artistaren irudiak ikusi ahal izango dira Zabalan kokatutako komentuko hormetan.

Ruthen lan prozesua, komentuko hormetan, Udalaren BLV-ART programa 2020an garatzen ari zelarik abiatu zen: urtero antolatzen du Bilboko Udalak programa hori, kulturaren zeregina nabarmentzearren Bilbo Zaharra eta San Frantzisko auzoen garapenerako eta birgaitze integralerako elementu bultzatzaile moduan. "Era honetako ekimenekin, nabarmendu nahi dugu zer garrantzi duen kulturak Bilbo Zaharreko gune hau eraldatzeko orduan. Beraz, hala, inguru hartan sortu den komunitate artistikoari laguntzen diogu, Uriko kultura eragile kopuru handi bat han bizi baita eta han egiten baitu lan", adierazi dute Udaleko kideek.

100 M2-KO HORMA-IRUDIA

Horma-irudiak 100 m2 ditu hedaduran, eta, han, artistak, iruditxo moduko batzuk margotu ditu, komentuko bizimoduaren iruditeria bat bilduz, jantziekin eta beste osagai batzuekin zerikusia duen esanahi sinboliko batez horniturik, zeintzuk Ruth Juanek berak hauteman baitzituen mojen bizimodu pribatuaren argazkien bitartez; leihoetan ageri dira animalia eta landare exotikoak, horma-irudiak zeharkatzen, eta zeru izarratua ere bai, zeren eta eraikina bera muino baten gainean baitago kokatua, "Zeruaren eta lurraren artean".

Artistak berak esanik, omenaldi bat egin nahi izan die han bizi diren klausurako mojei: "omenaldi bat egin nahi nien, eraikinak historia handia eta ugaria baitu, Gerra Zibilean komentua erre zutelarik, eta guardia eta miliziano batzuen laguntzari esker ihes egin ahal izan zutelarik; auzoko auzotarrik antzinakoenak dira, gizarte lan handia egin dute eta auzotarrek maite dituzte". Gainera, Ruth Juanek berak azaldu duenez, obraren diseinurako inspiraziotzat baliatu zaio esaldi bat, behinola Sortze Garbiaren Komentuko mojei egin zieten elkarrizketa batean irakurri zuena, esaten baitzuten "hemen goian, Komentuan, zeruan ireki den zulo batean bezala da".

SORTZE GARBIAREN KOMENTUA

Komentua, gaur den egunean ere jardunean baita, 1861ean inauguratu zen. Gerra Zibilaren hasieran, 1936ko uztailaren 20an, talde armatuak sartu ziren bertara, eta erre egin zuten, eta komentua uztera behartu serorak. Ihes egitea lortu zuten, ostera, guardia eta miliziano batzuen bihotz onari esker, eta, 1946an, arkitektura multzo osoa berreraiki zuten, eta 1957an berrinauguratu zuten, Zabala auzoaren bihotzean bertan.

BILBO ZAHARREKO BERRIKUNTZAKO ETA BARNE BIRGAIKUNTZAKO PLAN BEREZIA

Horma-irudi hau auzoan ziren beste batzuei gehitzen zaie, beraz. Horma-irudietako esku-hartze hauek Bilboko Udalak sustatuak dira, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoek eratzen duten hiri-eremua biziberritzeko eta berritzeko estrategiaren barruan.