BILBO. Begoñako udaltegiak eta Santutxuko Berriotxoa ikastetxeak 'Bidaiarien Txokoa - Rincón de la gente viajera' izeneko programaren edizio berria jasoko dute. Bilboko Udalak antolatutako ekimen hau otsailaren 16an hasiko da, asteartea, eta hamar egun iraungo du, hau da, hilaren 26ra arte.

Edizio berri honetan BBK Mendi Film jaialdiaren parte izan diren filmak, bi gurpileko ibilgailuen gainean egindako bidaien erakusketa bat eta mariachi kontzertu bat izango dira ikusgai. Horrez gain, hitzaldiak ere izango dira protagonista, eta bidaiariek lehen pertsonan kontatuko dituzte beren periploak, protagonistek komentatu eta azaldutako ikus-entzunezko proiekzioen hitzaldiekin batera.

Hitzordu guztiak 19:00etan hasiko dira eta sarrera doakoa izango da. Ezinbestekoa izango da 688 603 737 telefonoan eskuragarri dauden gonbidapenetako bat eskuratzea. Gonbidapen horiek emanaldiaren eguneko 10:00etatik aurrera eskatu ahal izango dira, hasi baino ordubete lehenago arte.

Ezinbestekoa izango da unean-unean indarrean dauden babes- eta higiene-neurriak betetzea. Halaber, maskara nahitaez erabili beharko da.

BEGOÑAKO UDALTEGIKO PROGRAMAZIOA

Begoñako udaltegiak aurten ere hartuko du udal programa honen programazioa, hitzaldi, ikus-entzunezko emanaldi eta dokumentalekin.

Otsailaren 16, 17, 23 eta 24ko hitzaldietan eta ikus-entzunezko emanaldietan parte hartuko dute protagonistek, euren esperientziez publikoarekin hitz egiten. Haiekin batera, Juanra Madariaga, idazle, artikulugile eta mendizaletasunean aditua, izango da aurkezle gisa.

Otsailaren 18an eta 25ean bi emanaldi bikoitz izango dira udaltegian, BBK Mendi Film jaialdian parte hartu duten izenburuak programatuz.

Otsailaren 16an, asteartea, Arturo Martínezek (subealabici) 'Islandia, tierra de aventura. Tras los pasos de los balleneros vascos' lanarekin irekiko du zikloa. Zuzendariak ondorengo hitzaldian parte hartuko du. 1615ean, Islandiako ipar-mendebaldeko fiordoetan 32 euskal balea-arrantzale hil ziren. Zertan ari ziren han? Zer gertatu zen? Nondik atera ziren? Galdera horiek izan ziren proiektu honen hazia, gerora euskal kostaldea -balea-arrantzaleen jatorria- eta Islandiakoa -gertakarien lekua- egin dituena bizikletan.

Otsailaren 17an, asteazkena, 'Minca, ekologiaren paradigma' proiektua izango da protagonista, Kolonbiako Sierra Nevada mendikatea erakusten duena, tribu eta familia indigenen bizilekua izateagatik ezaguna. Bertako parajeak izugarriak dira; ur-jauziak, bide estuez betetako oihan oraindik estuagoak, zuhaitz eta landare hostotsuak, kakao zelaiak, animalia basatiak. Bertan ikusten da hango indigenek beraien bizileku den naturarekin duten harremana.

Otsailaren 18an, ostegunean, Bilbao Mendi Film Fest jaialdian parte hartu duten bi film proiektatuko dira. Lehena 'L'escalade Libérée', Benoît Regordena izango da. Antoine Le Menestrel goi mailako eskalatzailea da, aitzindaria, eta egun, 55 urterekin, eskalada nola bizi duen eta garai bateko kontuetatik nola eboluzionatu duen agertuko du, zintzotasunez eta sentsibilitate handiz. Buoux-eko labarretan, Frantziako Proventza Garaian, idatzi ziren eskaladaren historiako pasarte batzuk, eta hango bide mitikoek, "Rêve de papillon", "La rose des sables" edota "La rose et le vampire" bideen parekoek, hartuko dute indarra Le Menestrelen emanaldi berri batean.

Bigarrena 'Salto is the King' Pavol Barabáš eslovakiarraren eskutik dator. Eslovakiako lagun talde batek erronka itzela du: munduko ur-jauzirik handienak rapelatu nahi dituzte. Reunion uharteko True de Fer eta Bras Magasin, Hegoafrikako Tugela eta Venezuelako Amazoniko Salto Angel. Eta duda izpirik gabe, azken horrek eragiten die zirrara gehien. 2018 hasieran joan zen taldea bertara, euri sasoi betean, ur-jauziak emari izugarria zuenean. Gainera, erronkari aurre egiteko, gonbidatu berezi bat izan zuen taldeak: 1997an Salto Angel rapelatzen lehena izan zen Becko Ondrejovic.

Bi filmak jatorrizko hizkuntzan proiektatuko dira, euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin.

Hurrengo astean, Begoñako udaltegiak hiru hitzordu gehiagorekin ekingo dio programazioari.

Lehenengoa, asteartean, hilak 23, 'Remoteana: entre la cámara y las montañas, bicicleta'rekin, Ana Zamoranok bere bi urteko bizikletan egindako bidaia kontatuko du, 20.000 kilometro bi kontinentetan zehar, milaka argazki, lagun handi, hiru dokumental, proiektu sozial bat eta udaberri honetan hasiko den ibilbide berri bat ere.

Asteazkena 24an 'Elur goritan. Kamchatka' proiektatuko da, Jurek Ziemkiewicz eta Iker Larrañagarena. Euskaraz grabatutako dokumental honetan Kamchatka erakusten dute, toki bakarti, basati eta isolatua. Zazpi abenturazale murgilduko dira, sua eta elurra batzen diren toki zoragarri honetan beraien ametsak betetzeko, paradisu berriak aurkitzeko eta leku hauetan eskiatzeko.

Ostegunean, hilak 25, Mikel Sarasolaren 'The Tears Of Shiva' proiektatuko da. Garapena eta aldaketak eskutik doaz ia beti eta, molde horretan, Nepal birmoldaketa sakon batean murgilduta dago. Energia sortzeko baliabide hidrikoak erabiltzea da etorkizuneko oinarrietako bat, nahiz eta horrek prezio altuegia ordaintzea eskatzen duen. Lau kayak gidariek Karnali ibai sakratuaren ur biziak jaistea pentsatu dute aldarrikapen moduan, Nepalgo ibai urrunenetako eta muturrekoenetako batera espedizioan. Ibaiaren ezkutuko sekretuak ezagutu eta gozatu nahi dituzte, gizakion kontzientzia faltaren erruz betiko suntsitu baino lehen.

Gainera, egun honetan 'Everest - The hard way' Pavol Barabášen lana ere izango da ikusgai, BBK Mendi Film jaialdiaren aurreko edizioan Publikoaren Saria jaso zuenak. 1988ko udazkenean, Dušan Becík, Peter Božík, Jaroslav Jaško eta Sólo Jozef eslovakiarrak Everesteko hego-mendebaldeko isurian sartu ziren "The Hard Way" bidea estilo alpinoan igotzeko asmoz. Chris Boningtonek zuzendutako talde britainiar batek zabaldu zuen bide hura 1975ean, eta Everesteko gogorrena dela uste du jendeak. Ivan Fialak, 1988ko Eslovakiako espedizioko buruak, Chris Boningtonek berak eta Peter Habeler-ek, oxigenoaren laguntzarik gabe Everestera igotzen lehenak, zorigaitzeko amaiera izan zuen espedizio abangoardista eta muturreko hura ekarri dute gogora euren testigantzekin.

Bi izenburuak jatorrizko hizkuntzan proiektatuko dira, euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin.

Begoñako udaltegiak 'Bidez bide bi gurpil gainean' erakusketa ere hartuko du bere liburutegian, bi gurpileko ibilgailuetan egindako bidaiei buruzkoa, motoetan eta bizikletetan batez ere. Erakusketaren funtsa Bilboko Udaleko Liburutegi Sareko liburuek (bidaien deskripziokoak zein literaturakoak) eta filmek osatuko dute. Begoñako Liburutegian egongo dira ikusgai 'Bidaiarien Txokoa' programaren lehen astean eta ondoren maileguan atera ahal izango dira.

BERRIOTXOA IKASTETXEAREN ARETOKO NAGUSIKO PROGRAMAZIOA

Berriotxoa Ikastetxeko areto nagusia ere programa honen egoitza izango da, eta bi hitzordu izango dira otsailaren 19an eta 26an.

Otsailaren 19an, ostirala, 'Cholitas' proiektatuko da, BBK Mendi Film jaialdiaren Epaimahaiaren Saria. Jaime Murciego eta Pablo Iraburuk zuzendutako dokumentalean, Boliviako bost emakume indigena espedizio paregabe baten protagonistak dira. Aconcagua, Ameriketako mendirik garaiena, igo nahi dute, askatasunaren eta ahalduntzearen erakusle gisa. Haien itxura deigarria da oso: gona tradizionalak jantzita eskalatzen dute. Ez dira eskalatzaile hutsak, mendian libre, zoriontsu eta bizirik sentitzen diren emakume adoretsuak baizik. Abentura honek, emakume izaera inspiratzailea erakutsiko dio munduari eta, bidenabar, tradizioa zaintzeko eta ama naturarekin harremanetan jartzeko bide bat.

Otsailaren 26an, ostirala, Puro Relajo mariachien kontzertua izango da 'Bidaiarien Txokoa - Rincón de la gente viajera' programan. Puro Relajo taldea honako hauek osatzen dute: Txuma Gallues Goñi, akordeoia eta ahotsa; Jorge Garcia Erviti, gitarra eta ahotsa; David Garcia Erviti, baxua eta ahotsa; Iosu Burguete Zoco, Eneko Irigoien Martinez, tronpetak eta ahotsa.

Puro Relajok betiko rantxerak berreskuratzen ditu, Sigo siendo el rey edo Juan el charrasqueado abestiak eta txiki-txikitan kaseteetan 70eko hamarkadako talde historikoen abestiak ere bai, hala nola Duo Gala taldearenak. Baina, era berean, Xalbadorren Heriotzean eta Txoria txori bezalako kanta euskaldunekin ere ausartu dira. Rantxerak, korrituak, gai latinoen zertzeladak eta betiko klasikoak ez dira falta izango, talde honetara egokituak.