BILBO. Bilboko Udalak 1,3 milioi euroko aurrekontua bideratu du San Adrian auzoan kokatuta dagoen Floresta parkea eraberritzeko. Lanak amaitu dira dagoeneko, eta horiei esker hainbat hobekuntza egin ahal izan dira. Hala nola, erabilerak berrantolatu eta instalazio eta zerbitzuak eguneratzea.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Asier Abaunza Obretako eta Hiri Plangintzako Saileko eta Proiektu Estrategikoetako zinegotziak, udaleko beste ordezkari batzuekin batera, lan horiek inauguratu dituzte. Parkeak hiru gune bereizi izango ditu, erabilera zehaztuarekin eta espazio horien beharren araberako elementuekin. Zehazki, parke bat, plaza bat eta aisialdirako gune bat egokitu dituzte; hiru espazioak irisgarriak dira eta elkarri lotuta daude.

Berdeguneak berritu, jolasguneak handitu eta atsedenerako eremu estaliak egin dira. Arkitektura-oztopoak kendu eta argiztapena hobetu da, argi funtzionalak eta apaingarriak konbinatuz.

PARKEA

Zuhaitz masa gehien dagoen lekua da. Zonalde horretan zoladura berrituko da, bi akabera erabiliz, egoteko eta pasatzeko eremuak bereizteko.

Parterretan eserlekuak egongo dira, eta argi berezi bat, dauden luminariak eta altuera txikian sartutako beste batzuk konbinatuz, zorua argiztatzeko.

PLAZA

Plaza diafano bat egin da, bere perimetroan eserlekuak dituena eta erdigunea libre, horko zuhaitzak hartzen duen espazioa izan ezik.

Udalak gaixo zeuden zuhaitzak kendu ditu, eta, horien ordez, pergola bat jarri du, plazaren eta beste bi eremuen arteko lotura-elementua dena. Gainera, bi eremu horietan elementu bioosasungarri batzuk instalatuko dira, Bilbon estalita dauden lehenak.

AISIALDIRAKO GUNEA

  • Gune estalia

Tarteko plataforma batean aisialdirako gune estalia eratu da, itxitura malguarekin, gauez zarratu eta egunez zabaldu egingo baita. Txapa zulatuzko erdi-itxitura bat dauka, kanpotik ikusteko aukera ematen duena. Eremu estali honetan daude eserlekuen eta erabilera anitzeko eremua eta haurren jolas-eremua, adinaren arabera banatuta.

Estalkia berezia da. Hiru zatitan diseinatuta dago: altuera handiagoko bi albo, alde garaienetik kurba duten habeekin, eta erdiko estalkia baxuagoa, linealagoa eta zuzenagoa. Estalkiak hiru kolore izango ditu - horia, berdea eta urdina -, tonu berdeko landare-motiboekin apainduta dagoen haurren zoladurarekin ondo emateko.

  • Aire zabaleko aisialdirako gunea

Erabilera anitzeko eremuaren ataria da eta jarlekuak ditu. Mugikorrentzako eguzki-kargagailu bat ere jarri da. Gune horretan, halaber, txirristak jarri dira, parterreen hegaleko desnibela aprobetxatuz, eta umeentzako eskalatzeko eremua ere bai. Saskibaloi kantxa bat eta harmaila bat ere jarri dira, gazteen topagune izango dena.

ARGIZTAPENA ETA BESTE HOBEKUNTZA BATZUK

Argiztapenari dagokionez, lehendik zeuden argiak beste leku batzuetan jarri dira, erabilera berrietara egokitzeko. Gainera, argi apaingarriak jarri dira, espazioari balio erantsia emateko argi naturalik gabeko orduetan: lurzoruaren arrasean dauden perimetroko hormatxoetan sartutako argiak dira, parkeko eremuan oinezkoentzako ibilbideak markatzeko. Zoladuran hostoen irudiak proiektatzen dituzten argiak ere badaude, espazioari berezitasuna emango diotenak.

Estalitako espazioan egiturari lotutako argiztapen espezifikoa jarri da. Saskibaloi-kantxan eta plazan fokuak dituzten makuluak instalatu dira, espazioa luminarietatik libratzeko.

Jarduketaren barruan Goiko Torre kalean dagoen plazako zoladura, altzariak, barandak, zintarriak eta erremateak ere berritu dira. Altzari berrien artean xake-tauladun mahaiak daude, aire zabaleko aisialdirako gune bat sortuz.

AUZOKIDE PLANA

Floresta parkean egingo diren lanak auzoak hobetzeko Auzokide Planaren barruan daude. Auzokide Plana da Bilboko Udalak herritarren parte-hartzerako daukan tresnarik garrantzitsuenetako bat. Aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko.

Floresta parkeko proiektu hau garatzeko batzar ireki bi egin ziren auzokoekin; 150 pertsona bertaratu ziren batzarrotara.