38. edizioa

Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren deialdi berria deitu du Bilboko Udalak

19.01.2021 | 14:07
Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren 38. edizioko kartela.

BILBO. Hemen da urtero ospatzen den Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren edizio berri bat. Aurten, Bilboko Udalak antolatutako kultur ekitaldi honen 38. edizioa egingo da. Irabazleak 3.500 euroko saria jasoko du, eta horrez gain 1.750 euroko accesit bi banatuko dira modalitate bakoitzean, hau da, euskaraz eta gaztelaniaz.

Kultura eta Gobernantza Sailaren ekimen honek bi helburu ditu: literatura-sorkuntza sustatzea eta euskarazko autore garrantzitsuenetako baten bizitza eta lana ezagutarazten laguntzea. Lehiaketa, 18 urtetik gorako edozein nazionalitateko idazleei dago zabalik, baina aurkezten diren lanen jatorrizko hizkuntza Euskadiko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bat izan beharko da, izan ere, ez da itzulpenik onartuko. Ipuinen gaia librea izango da, eta ipuinak jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste edozein lehiaketan saririk jaso gabeak izan beharko dira. Gehienez ere hamabost orrialde izango dituzte (Times New Roman edo baliokidean, 12 gorputzean) 1,5 espazioan.

Aurreko edizioetan bezala, modalitate bakoitzak bere epaimahaia izango du, literatur munduko pertsona ezagunek osatua. Partaideek martxoaren 30era arteko epea izango dute euren lanak formatu digitalean aurkezteko, udal webgunearen bitartez. Oinarri osoak eta parte hartzeko buletina esteka hauetan daude jada: euskaraz eta gaztelaniaz.  eta .

Aurreko edizioan, Nora Canal eta bere "La tumba de Adam Smith" –gaztelaniaz– eta Mikel Ayllon Corral eta bere "Emakume-bala" kontakizuna –euskaraz– izan ziren aintzatespen handiena jaso zutenak. Era berean, bi accesit, euskararen kategorian, Lourdes Unzueta Zamalloarentzat "Neskatoa ogi bila doanekoa" eta Itziar Ugarte Irizarrarentzat "Beraneantea" ipuinagatik izan ziren. Gaztelaniazko atalean, bat Jesús Barriorentzat izan zen, "Casa Museo" kontakizunarengatik eta Ricardo Chávezentzat bestea, "El día río del perro muerto" kontakizunarengatik.

Gabriel Arestik (Bilbo, 1933-1975) olerkia, eleberria, ipuina eta antzerkia landu zituen, eta, horrez gain, literatura unibertsaleko zenbait lan itzuli zituen euskarara eta Euskaltzaindian egin zuen lanaren bitartez, euskal hizkuntza modernoaren oinarriak sendotzen lagundu zuen. Idatzi zituen lan ezagunenak "Euskal harria" (1968) eta "Harrizko herri hau" (1971) eta 2014an mende erdi bete zuen "Harri eta herri" (1964) olerki liburuak dira.