Bilboko alkatea

Aburtok Zorrotzaurreko As Fabrik eraikina inauguratu du

15.01.2021 | 15:41
Zorrotzaurren kokatuta dagoen As Fabrik eraikina.

BILBO. Gaur, urtarrilak 15, Zorrotzaurrek aurrerapauso handia eman du talentuaren eta ezagueraren uharte bihurtzeko bidean As Fabrik eraikinaren inaugurazioarekin. Ekitaldian Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxa egon dira, batik bat. 

 

Erakunde-ekitaldi bat izan da, beraz, eta Udalak, behin obra amaiturik eta lehenengoz eraikina irekirik iragan urtarrilaren 7an Mondragon Unibertsitateko lehenengo 228 ikasleentzat, eraikin ospetsuaren barnea erakutsi nahi izan du, zeinak 4.0 industriarako zerbitzu aurreratuen eta ekonomia digitalaren fabrika izateko xedea baitu, beste urrats bat eginik Zorrotzaurre Talentuaren eta Ezagueraren Uharte bihurtzeko bidean. Azken batean, lan egiteko modu berriak, garai berrietarako.

Alkateak azaldu duen legez, Bilbao As Fabrik izan zen "gure eskuetara iritsi zen" lehenengo proiektuetako bat, agintaldia hasi berritan. "Proiektu gaitz bat, hasiera-hasieratik hartu genuena desafio handi baten moduan. Goitik behera aztertu ostean, ausartu ginen hura Europar Batzordearen deialdi oso zorrotz batean aurkeztera, bide honetan guztian lagundu diguten bazkide estrategiko batzuekin batera", hala nola Orkestra, Eiken, Gaia, IDOM eta Mondragon Korporazioa, MIK eta Mondragon Unibertsitatea, betiere Udala zelarik liderra.

Ekimenaren lehen xedea zen bertako enpresen lehiakortasuna hobetzea eta Zorrotzaurreko hiri-eremu jasangarria eta hedatzen ari dena finkaraztea ekosistema berritzaile legez eta 4.0 industriarako zerbitzu aurreratuen eta ekonomia digitalaren eremuko erreferentzia legez, bertara bilduz unibertsitate-formazioa eta enpresa-ekimen berritzaileen eragile izango diren pertsonen komunitate bat.

Prozesu horren guztiaren "erramua" , hala deitu baitio Juan Mari Aburtok, zera zen: bertan behera utzita zegoen eraikin bat birgaitzea, industriazko iragana zeukana, proiektu guztiaren erdigune bihur zedin. BETA 2 izan zen horretarako hautatutako pabiloia, Zorrotzaurren baitzegoen, antzinako torloju-fabrika bat, joan den mendeko 70eko hamartekoa, guztiz utzita zegoena.

Bilbao As Fabrik proiektua hautatu zen herrialde batzuek eta besteek aurkeztutako 400 proposamenen artean, eta, hala, "abentura eder" bati ekin zitzaion, hala deitu dio alkateak, zeina, orain, "itsas-argi" berri baten legez ageri baita, zeinaren egituran beira eta zura baitira nagusi, baina industria eremuaren izaera sendoari eutsiz, betiere.

Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak berriz, aipatu du, "Bilbao As Fabrik proiektu estrategiko bat da Mondragon Unibertsitatearentzat. Bertan, Bilboko Udalaren lankidetzarekin inguru bat garatuko dugu non, bizikidetzan arituko diren, StarUps-ak, zerbitzu aurreratuak eskainiko dituzten enpresak eta gure ereduarekin bat datorren unibertsitate eskaintza, hau da, enpresekin harreman zuzenean". Epe laburrera begira esan du baita ere "Gure helburua da, 800 ikasleri enpresa kudeaketarekin, 4.0 industriarekin, robotikarekin, big datarekin, digitalizazioarekin eta honek humanitateetan eta hezkuntzan duen inpaktuarekin besteak beste formazioa eskaintzeko gune batekin kontatzea."

"Une honetan, Bilbao As Fabrik-en, Mekatronika Ingeniaritza Gradu Duala, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Gradu Duala, Business Data Analytics Gradua eta Humanitate Digital Globalak Gradua eskaintzen ari gara" adierazi du Mondragon Unibertsitateko Errektoreak, Vicente Atxak.

noticias de deia