BILBO. Lau milioi euro bideratuko ditu Bilboko Udalaren Hiri Berronaretzaren Sailak uriko auzoetan berritze-lanak egiteko. Lan horiek Etxebizitzen Renove Planaren bidez egingo dira, eta orain arte 800 eskaera jaso dira, gehienez 6.000 euroko inbertsioa izan duten obren % 20rainoko dirulaguntzak jasotzeko.

Hiri Berroneratzearen Sailaren Etxebizitzen Renove Plana mundu-mailako pandemiak eragindako krisiaren ondorioak arintzen laguntzeko sortu zen. Hartara, programaren helburua izan da enplegua eta ekonomia suspertzea eta gizarte-kohesioa erdiestea. "Renove Plana abian jarri genuenean, gutxieneko helburu batzuk ezarri genituen, aise gainditu ditugunak. Espero genituen eskaeren bikoitza jaso dugu, eta % 60 gehitu dugu mobilizatutako inbertsioa, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagunduz etxebizitzetan", azaldu du Nora Abete Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak.

Programa honekin, lehen aldiz eta aldi baterako, Surbisak bere jarduera urira hedatu du, bere ohiko esku-hartze eremuetatik haratago, eta bere lana hurbiltzea, erlazionatzea eta ezagutaraztea lortu du.

Programa hau Bilboko Udalaren Aurrera Planaren parte da, koronabirusaren ondorioek arrakala soziala gehiago ez sakontzeko. Horregatik, Hiri Berroneratzearen Sailak, Surbisaren bidez, ezohiko programa hau jarri zuen martxan, bi helbururekin. Alde batetik, gizarte kohesioa sustatzea, auzo zaurgarrietan bizi diren pertsonei dirulaguntzak emanez beren etxebizitzen barruan obrak egin ditzaten kalitatea eta erosotasuna hobetzeko eta ingurumen-neurrietan ere hobetzeko. Bestetik, eraberritzeen eta obren sektoreko enpresen, gremioen, autonomoen eta profesionalen jarduera sustatzea, sektore horretako enpleguei eustearren edo berriak sortzearren, ahalik eta arinen, eta deslokalizazioa saihestuz, eta, aldi berean, materialen eta instalazioen industria jarduerari eraginez.

Bilboko 30 auzotan kokatutako etxebizitzen titularrak izan dira dirulaguntza hauen onuradunak. Eskari gehien Santutxu, Txurdinaga, Zazpi Kaleak eta Iralabarri auzoetatik iritsi dira eta lau auzo horietan ere inbertsio handiena egin da. Obren batez besteko inbertsioa 6.965 eurokoa izan da etxebizitza bakoitzeko, eta batez besteko laguntza %12,70ekoa izan da.

Era berean, eskaera gehienek obra mota bat baino gehiago jasotzen dituzte. Gehien-gehienak bainugeletako eta kanpoko arotzeriako obretarako eskariak izan dira. Ondoren, sukaldeetan, barneko arotzerian eta akaberetan. "Balantzearen datuek erakusten digute programa beharrezkoa zela, uriaren zati handi batean jardutea ahalbidetu digula, eta, gainera, Bilboko etxebizitzen kalitate- eta erosotasun-baldintzak hobetzen lagundu digula", adierazi du Nora Abetek.

ETXEBIZITZEN RENOVE PLANA

Hiri Berroneratzearen Sailak sustatutako Etxebizitzen Renove Planean, eskatzaileek aukera izango dute beren etxebizitzak barrutik birgaitzeko obrak finantzatzeko; gehienez ere babestuko den aurrekontua 6.000 euro izango da (eta gutxienez, 1.000 euro) eta itzuli beharrik gabeko dirulaguntza inbertsioaren % 20koa izango da, etxebizitzako, 1.200 euro gehien jota. Auzo zaurgarrienetan bizi diren familiek egiten dituzten obrei emango zaie lehentasuna. Ekainetik abendura bitartean abian egon den programa horren 2020ko aurrekontua 500.000 eurokoa izan da, eta jasotako eskaeren % 81 estaltzea lortu da.

Programa hau kudeatzeko, Bilboko Enplegu Planetik etorritako hiru pertsonaren laguntza izan da, eta, beraz, 2020ko ekitaldian prestakuntza eta okupazioa ematen ere lagundu da.

Ekimen hau Bilboko Udalaren Bilbao Aurrera Planaren barruan dago, alegia, pandemiaren aurrean gizarte kohesioa eragiteko eta urian ekonomia, enplegua eta kultura suspertzeko neurri urgenteen planaren barruan. Planaren aurrekontua 15 milioi eurokoa da, salbuespenezko 50 neurri inguru diruz laguntzeko; neurriak aurten bertan ezarriko dira, guztiak. Programa honetaz aparte, Bilboko Udalak, zerga-onurak ere onartu ditu birgaitze-obrei aplikatzekoak diren zergetarako eta tasetarako.