BILBO. Dentix kliniken itxieragatik kaltetutako erabiltzaileen 104 erreklamazio bideratu ditu Bilboko Udalaren Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Informaziorako Bulegoak (KIUB), 205.000 eurokoak, gutxi gorabehera..

Gaur egun, Dentix Hartzekodunen Lehiaketaren prozedura judizial batean sartuta dago Madrilgo Merkataritza Arloko 2 zenbakiko Epaitegian (1305/2020 lehiaketa arrunta). Hori dela eta, KIUBek amaitutzat eman behar ditu azken hilabeteetan bere eskumenen esparruan egindako bitartekaritza-kudeaketak.

Erabiltzaileek abonatutako eta jaso gabeko zerbitzuen itzultzea eskatu nahi badute, beren zorra jakinarazi beharko diote Account Controlius & Aequitas Administradores COMP-i (administratzaile izendatua); 2021eko urtarrilaren 4ra arte izango dute epea, horretarako prestatutako http://dentixenconcurso.com/ webgunean dagoen inprimakia betez.

Gainera, une horretatik aurrera, eta egokitzat jotzen badute, Dentix hortz-kliniken itxierak eragindako pertsonak kontsumo-elkarte batengana jo dezakete, horri buruzko aholkularitza eskatzeko.

OCUREKIKO LANKIDETZA-LERROA

Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak lankidetza-lerro bat ireki du Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundearekin (OCU), Dentix hortz-kliniken itxierak eragindako Bilboko herritarrek beren erreklamazioari edo interesatzen zaien beste edozein gairi buruzko informazioa jasotzen jarrai dezaten.

OCUren Bilboko Ordezkaritza Pérez Galdós kaleko 6. zenbakian dago eta astelehenetik ostegunera 9:00etatik 14:15era eta 17:00etatik 19:00etara bitarteko ordutegia du. Ostiraletan ordutegia etengabea da, 9:00etatik 15:00etara. 900 907 414 telefonoan ere eska daiteke hitzordua.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Izapideak ahalik eta arinen egiteko, garrantzitsua da erabiltzaileek Dentix enpresarekin duten kontratu-harremana egiaztatzen duen dokumentazio guztia biltzea. Hona hemen zehaztuta:

  • Kreditu bat ordaintzen ari dela egiaztatzen duten finantzaketa-kontratuak edo ordainagiriak.
  • Tratamenduaren aurrekontua eta kontratua, halakorik badu.
  • Finantza-enpresari bidalitako gutuna, kontratua baliogabetzeko edo tratamenduaren kostua beste espezialista batekin ordaintzeko eskatuz.
  • Garrantzitsutzat jotzen duten beste edozein agiri, hala nola publizitate-liburuxkak.

Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak eta Bilboko Udalaren Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Informaziorako Bulegoak (KIUB) gogorarazten dute, nolanahi ere, kaltetutako pertsonek jurisdikzio arruntaren bidera jotzeko aukera dutela beren eskubideen benetako babes judiziala lortzeko.