BILBO. 'Eguna heldu da' antzerki-ikuskizuna Olentzero eta Mari Domingiren aurtengo lehenengo ekitaldia izan da. Koronabirusaren pandemia dela eta, pertsona gutxi batzuk ikusi ahalko dute Arriaga Antzokiko aulkietatik. Besteek, aldiz, streaming bitartez jarraitu ahal izango dute.

Etxeko txikienak eredu izan ditugu atzera ere erantzukizunean, Olentzero, Mari Domingi, Galtzagorriak, Lamia eta gainerakoak segurtasun-neurri eta osasun-aholku guztiak betez hartu baitituzte.

EKITALDIA SARE SOZIALETAN ETA TELEBISTETAN EMITITUKO DUTE

Gaur egungo egoeran ezinezkoa da ekitaldi masiboak egitea eta, hortaz, ohiko kalejiraren ordez, Bilboko Udalak ikuskizun honekin gozatzeko bide alternatiboak bilatu ditu. Horrela, antzezlana Antzokian bertan jarraitu ahal izan duten familiez gain, ehunka haurrek Bilboko Udalaren sare sozialen bidez eta ETB 1eko eta Telebilbaoko saio berezietan izan dute antzezlana ikusteko aukera.

“EGUNA HELDU DA”, IKUSKIZUN MAGIKOA ETA SOLIDARIOA

Antzezlanak magiari eutsi dio hasieratik amaierara. Oihala jaitsita, txirula baten soinua dator aurrena, urrutian soinu gozo bat gutunak irakurtzen eta idazten ari diren neskato-mutikoen eta aita-amen ahots-zalapartarekin nahastuta. Txirularen soinua gero eta gertuago, ahotsak gero eta motelago, oihala igo da eta dena lainotuta dago; orduantxe hasi da Olentzeroren eta Mari Domingiren ikuskizun magikoa. Haurrek Gabonetako kantak dantzatu eta kantatu dituzte, hala nola “Hator, Hator” eta “Ole, Olentzero”.

Sarrerak 2 euroko prezio sinbolikoan salduko dira (erosketa bakoitzeko gehienez ere, 4 sarrera) eta lortutako dirua Aspanovas-Bizkaiko Minbizia duten Haurren Gurasoen Elkartera bideratuko da.

Sistema horren bidez, sartuko den jende kopuruaren muga kontrolatu nahi da, eta eragotzi, aldi berean, ez dadila erreserbatu sarrerarik, gero erabiliko ez badira. Udalak aholkatu du espazioa adingabeentzat gordetzea, lehentasuna haiena baita, umeentzako ikuskizuna baita, eta heldu bakarra joan dadila haiekin.

Udalak Olentzeroren, Mari Domingiren eta laguntzaileen osasuna, baita harrera egingo dieten familiena ere, bermatzeko formatua diseinatu du. Antzerki eta musika emanaldi labur bat izan da, 30 minutu ingurukoa, ahalik eta umerik gehienek izan dezaten aukera gozatzeko.

Horretarako, kontakizun bat prestatu da, eta bost emanalditan aurkeztuko da, abenduaren 23an (asteazkena) eta 24an (osteguna). Kontuan hartu behar da Arriaga Antzokiak 300 pertsona har ditzakeela emanaldi bakoitzeko, segurtasun araudia betetzearren, eta ordubete behar dela emanaldien artean garbiketa lanak egiteko.