BILBO. Oso gutxi falta da hain berezia den abenduaren 24ko gauerako. Beraz, Olentzero eta Mari Domingi Bilbora heldu dira dagoeneko, uriko umeentzako opariak prestatzen hasteko. Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzi Itziar Urtasunek Euskal Museoan egin die harrera.

Topaketa hauek, hain justu, gain-gainean dugun bisitaren azken xehetasunak prestatzeko izan dira. Aurtengo bisitak covid-19ra egokitutako agenda izango du. Hala, Olentzerok Bilboko kaleetan zehar egiten zuen kalejira tradizionalaren tokian, musika- eta antzerki-emanaldi solidario bat izango da Arriaga antzokian, Eguna heldu da izenekoa, pandemiaren aurkako osasun- eta segurtasun-neurri zorrotzak hartuta.

Ezinezkoa denez kalejira eta jendetza elkartzen duten ekitaldi masiboak antolatzea, Bilboko Udalak halako ordezko aukerak programatu ditu, eta, inolako zalantzarik gabe, Bizkaiko hiriburuak magiaz eta ilusioz beterik jarraituko du.

Horrekin hasiko da, hain justu, atzerako kontaketa 2020. urte honetan ere urteko unerik magikoenetako baterako. Olentzero eta Mari Domingi ilusioz beteta itzuliko dira Bilbora, Gabonen hirira, eta xehetasun guzti-guztiak zainduko dituzte, ikazkinak berak Udalarekin egin duen lan-topaketan adierazi duen bezala, zeinean komunikabideak ere gonbidatuta baitzeuden.

Alde horretatik, Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak zuzenean adierazi die haurrei euskal jantzi tradizionalak soinean ipinita joan daitezen Arriaga antzokira, abesteko eta dantza egiteko gogoz eta ondo portatzeko prest, Arriagako eserlekuetan jesarrita eta maskarak txintxo-txintxo ipinita. «Geure burua zaindu behar dugu, gehien maite ditugunak zaintzeko. Aurtengo Gabonetan, ardura handiz ibili behar dugu. Inoiz baino gehiago, mesedez: jokatu arduraz».

Horrekin loturik, Olentzerok aurtengo gutunetan hautemandako ezberdintasunak azpimarratu ditu. «Era guztietako jostailuak, panpinak, puzzleak, superheroiak, kontsolak, liburuak eta eskulanak eskatzen dizkigute... Baina osasuna ere eskatu digute, ezertxo ere ez gertatzea haien senideei, aititei eta amamei, eta koronabirusak ospa egin dezala ere bai. Beste bizkorren batek txertoa ere eskatu digu», azaldu du ikazkinak.

ABENDUAREN 23KO ETA 24KO EMANALDIAK, DESINFEKZIOAREKIN SAIO BATETIK BESTERA

Bilboko Udalak bereziki prestatu du formatu egoki bat, Olentzeroren, Mari Domingiren eta laguntzaile guztien -galtzagorriak, Lamia eta euskal mitologia tradizionaleko gainerako pertsonaiak- poza, itxaropena, ilusioa eta osasuna bermatzeko, baita familia guztiena zaintzeko ere.

Iraupen laburreko antzerki- eta musika-emanaldi bat izango da, 30 minutu ingurukoa, ahalik eta haur gehienek gozatu ahal izan dezaten. Horretarako, kontakizun bat sortu da, eta abenduaren 23an eta 24an aurkeztuko da bost emanalditan. Kontuan hartu da Arriaga antzokiak 300 laguneko edukiera markatzen duela funtzioko, segurtasun-araudia betetzeko, eta ordubete behar dela emanaldi batetik bestera garbiketa-lanak egiteko. Hori horrela, hauek izango dira ordutegiak:

  • Abenduaren 23an, 3 emanaldi: 16:00, 18:00 eta 20:00etan.
  • Abenduaren 24an, 2 emanaldi: 11:00 eta 13:00etan.

SARRERAK DAGOENEKO AGORTUTA

Sarrerak gaur goizean bertan ipini dira salgai, 10:00etan, Arriaga antzokiaren webgunean helburu solidarioekin, eta 30 minuturen buruan agortu dira.

Sarrera bakoitzak 2 euroko prezio sinbolikoa zuen, eta gehienez ere 4 sarrera eskuratu zitezkeen erosketa bakoitzeko online Arriaga antzokiaren webgunean. Edukiera-muga errespetatzeko eta erabiliko ez diren sarrerak ez erreserbatzeko baliatu da sistema hori.

Udalak proposatu du adingabeei lekua uztea, haiek baitute lehentasuna haurrentzako ikuskizun honetaz gozatzeko, eta heldu batek bakarrik lagundu ahalko die. Bildutako dirua Aspanovas elkartearentzat izango da, Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen Elkartearentzat, alegia.

Ekitaldi honetaz bertatik bertara gozatu ezin duten familientzat, Bilboko Udalak jakinarazi du sare sozialen bidez emango duela ikuskizuna, bai eta komunikabideen bidez ere (ETB 1 eta Telebilbao).

ILUSIOZ PIZTUKO DA HIRIA

«Gabonak beti heltzen dira, eta ilusioa beti pizten da». Lelo horrekin ipini du Bilbok martxan azken hamarkadetan izandako Gabonik berezienak, birus batek, covid-19ak zeharo baldintzatu baititu mundu osoan. Ez da izan lan samurra, baina Bilbok izango ditu Gabonak. «Udalak ahalegin handia egin du hiria Gabonetako giro tipikoarekin prestatzeko, eta segurtasuna eta prebentzioa ez ezik, ilusioa eta magia ere nagusi izango dituen jarduera-programa bat diseinatzeko. Izan ere, Udalak nahi izan du adin guztietako herritarrek Bilbon Gabon-jaiak bizitzeko gogoa eta ilusioa berreskuratzea», azaldu du Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak.