BILBO. Gaur, abenduak 7, Bilbobusen Gabonetako kanpainaren aurkezpena egin du Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak, 'Zure osasuna, gure oparirik onena' lelopean.

Aurtengo egoera berezia dela eta, pandemiaren garaian jendearen uriko joan-etorriak bermatzeko lanean jarraitu duten udal-garraio publikoei ere zabalduko zaie kanpaina.

Bilbobusetan, Taxi Bilbaon, Bilbao Bizin, igogailu publikoetan eta funikularrean kanpainaren goiburua daramaten kartelak izango dira, herritarrei zerbitzurik onena modu seguruan eskaintzeko egin den ahalegin handia azpimarratuz, osasun-agintariek une bakoitzean egindako gomendio guztiak betez.

2019an, 50 milioi joan-etorri baino gehiago egin ziren Bilbon udal garraio publikoetan; horrek agerian uzten du garraio publikoak gure eguneroko bizimoduan duen garrantzia.

"Aurten, inoiz baino gehiago ohartu gara udal garraioek garrantzia handia dutela pertsonentzat, eta, beraz, ahaleginak areagotu ditugu segurtasuna eta joan-etorriak bermatzeko", azaldu du Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkariak.

"Aurtengo kanpainaren bidez, gainera, aitorpen publikoa egin gura diegu autobusek, taxiek, bizikletek, igogailuek eta funikularrek funtsezko zerbitzua eskaintzeko helburua bete dezaten lan egin duten pertsona guztiei", esan du Alfonso Gilek.

Izan ere, pandemiaren hasierako hilabeteetan Bilbobus izan zen COVID-19aren aurkako kudeaketa-protokoloetan AENOR ziurtagiria lortu zuen Euskadiko lehen uribarruko garraioko operadorea, eta bere instalazioak egokitu ditu eskaintzen dituen zerbitzu guztiak higiene- eta osasun-berme handienekin egiten direla bermatzeko.

Neurri eta protokolo berberak jarri ziren martxan uriko gainerako garraio publikoetan, pandemiak iraun bitartean zerbitzu guztiak egokitu baitituzte mugikortasuna bermatzeko, osasun-segurtasuneko berme handienekin.