BILBO. Azkuna Zentroak jasoko du Bilbao European Encounters nazioarteko elkarrizketen zazpigarren edizioa datorren ostegunean, abenduak 3. Aurten, koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, online formatuan eskainiko da ekitaldia.

Jardunaldien helburua da abenduaren 3an, 10ean eta 17an, arratsaldeko 18:30etik 20:00etara, herritarrei helaraztea pandemiak planteatutako erronka nagusien analisia, eta, hain zuzen ere, nazioarteko adituen ikuspegiaren eta euskal ikuspegiaren bitartez egin nahi da hori.

Besteak beste, nabarmentzekoa da nazioarteko aditu hauen parte hartzea: Lina Gálvez, eurodiputatua eta Sevillako Unibertsitateko Historiako katedraduna; Alberto Alemanno, EBren politika publikoen analisian aditu ezaguna; Joseph Lacey, Dublingo University College-eko irakaslea eta teoria demokratikoan eta europar politika konparatuan aditua, eta Nadia Urbinati, Columbia Unibertsitateko ikerlaria eta pentsamendu moderno eta garaikidean eta tradizio demokratiko eta antidemokratikoetan espezializatua. Horrez gain, tokiko erakundeetako arduradunek ere parte hartuko dute, esaterako, Miren Gotzone Sagarduik, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak.

HIRU ANALISI-EGUN, NAZIOARTEKO ADITUEN ESKUTIK

"Osasun-krisia, bere ondorioak eta EBren erantzuna" izenburupean, abenduaren 3ko arratsaldeko jardunaldian honako hau izango dute aztergai: erakundeek pandemiari emandako erantzuna eta ikasitako irakaspenak eta erronka globalen kudeaketan EBk duen eginkizuna. Horretarako, honako aditu hauek arituko dira Europari buruzko euren esperientziak eta ideiak azaltzen: Gotzone Sagardui, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua; Juan Ignacio Pérez Iglesias, UPV-EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren Zuzendaria, eta Alberto Alemanno, Zuzenbideko Jean Monnet irakaslea eta Europar Batasuneko Politika irakaslea Parisko HECn. Globernanceko ikertzaile eta Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasle Cristina Astierrek egingo ditu moderatzaile lanak.

Abenduaren 10eko biltzarra —"EBren erantzun ekonomikoa"— Cristina Mongek moderatuko du Zaragozako Unibertsitateko irakasle eta Globernanceko ikertzaileak. Bertan, honako gai hau izango hizlariek dute hizpide: pandemiak eragin duen krisialdi sozioekonomikoaren aurrean EBk izan duen erantzuna eta haren ondorioak epe labur eta ertainean. Horrez gain, EBko herrialdeen arteko desberdintasunen inguruan hitz egingo da, baita egoera berri honek dakartzan aukeren inguruan ere. Izaskun Bilbao eta Lina Gálvez Europar Parlamentuko diputatuek eta Lidia Brun ekonomialariak emango dute gai horren inguruko euren iritzia.

Azken jardunaldia abenduaren 17an izango da eta honako izenburu hau izango du "Krisialdiaren eragin politikoak". Saio honetan ondokoek parte hartuko dute: Daniel Innerarity, Ikerbasque-ko ikerlaria, katedraduna eta Gobernantza Demokratikoaren Institutuko zuzendaria; Joseph Lacey, Dublingo University College-eko Nazioarteko Harreman eta Politika Eskolako Teoria Politikoko irakasle laguntzailea, eta Nadia Urbinati, Columbia Unibertsitateko irakaslea eta Teoria Politikoan espezializatua. Eztabaidagai izango dituzten kontuen artean nabarmentzekoak dira, alde batetik, pandemiak Europako eta munduko erronka populistan izan duen eragina eta, bestetik, aldaketa klimatikoaren kudeaketan izango duen eragina.

BILBAO EUROPEAN ENCOUNTERS, NAZIOARTEAN IZEN HANDIA DUEN FOROA

Bilbao European Encounters topaketak 2013. urtean sortu ziren Europar Batasunaren etorkizunari buruzko eztabaida aberasteko, eta, horrela, tokiko, estatuko eta nazioarteko arrakasta duten akademikoak eta adituak biltzeko topagune bihurtu da Bilbo; izan ere, Europaren gainean hausnartzeko leku bat dute, Europak aurre egiteko dituen desafioak aztertzeko eta eztabaida hori herritarrei helarazteko toki bat.

Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutua zentroa maila eta dimentsio guztietan gobernuaren zeregina hobetzeko ezagutzaren gainean hausnartzeko eta horixe ikertzeko zein zabaltzeko entitate bat da. Gobernantza kontzeptuaren zenbait alderdiri buruzko ikerketa jarduerak garatzea du xede, dimentsio globalean, Europakoan, estatu mailan eta toki mailan pentsamendu politikoa berritzeko. Horrez gain, sarean egiten du lan ikerketa sozial eta politikoko munduko erreferentziazko zentro ugarirekin, eta gizarte berrikuntza nahiz gobernantza demokratikoa sustatzeko enpresa eta erakundeekin kolaboratzen du.