BILBO. Bilboko Udalak parte hartuko du '30 urte pertsonak eta hiriak eraldatzen, mundu hobea lortzeko' izeneko jardunaldi telematikoan. Ekimena gaur, hilak 30, ospatzen den Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Eguna dela eta Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteak antolatutakoa da. Bilborekin batera, Granollers, Bartzelona eta Rosariok (Argentina) hartuko dute parte.

Gaur, azaroak 30, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Eguna eta Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkartearen hogeita hamargarren urteurrena ospatzen dira. Testuinguru horretan eta egun hori ospatzeko, Elkarteak jardunaldi telematiko bat antolatu du, "30 urte pertsonak eta hiriak eraldatzen, mundu hobea lortzeko" izenekoa, eta Bilbok hartuko du parte, Granollers, Bartzelona eta Rosariorekin (Argentina) batera.

Ekitaldi telematikoa 18:00etan hasiko da eta zuzenean jarraitu ahal izango da Bilboko Udalaren webgunean. Hiri anfitrioietako udal ordezkarien arteko elkarrizketarekin hasiko da jardunaldia, eta hiri hezitzaileen konpromiso eta erronkei buruz eztabaidatuko da. Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntzako zinegotziak, Ada Colau Bartzelonako alkateak, Pablo Javkin Rosarioko alkateak eta Josep Mayoral Granollerseko alkateak hartuko dute parte.

Ondoren, 19:00etan, "2020. Mundu baten amaiera. Hiri-aldaketarako agertokiak" hitzaldia izango da Daniel Innerarity filosofoaren eskutik, Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretotik. Munduan gertatzen ari diren aldaketei buruz hitz egingo du, hiriek, batez ere hiri hezitzaileek, kontuan hartu beharko baitituzte.

Innerarity filosofia politikoko eta sozialeko katedraduna da, ikertzailea eta liburu askoren egilea. Prentsa idatzian ere aritzen da, hainbat sari jaso ditu bere lanengatik eta 2004an "Le Nouvel Observateur" aldizkari frantsesak munduko 25 pentsalari handien zerrendan sartu zuen.

Amaitzeko eztabaida zabalduko da Zaida Muxí arkitektoa eta hirigilea, Eulàlia Bosch filosofoa eta Daniel Innerarity beraren artean.

Zaida Muxí arkitekturan doktore, irakaslea eta arkitekturan eta hirigintzan espezialista da, genero eta feminismoaren ikuspegiarekin. Gainera, hainbat liburu idatzi ditu.

Eulalia Bosch, berriz, filosofoa da, erakusketa-komisarioa eta arteak, hezkuntza eta filosofia eguneroko bizitzarekin lotzen dituzten proiektuen sortzailea. Irakaslea, artikuluen eta liburuen egilea eta editorea ere bada.

MUGIMENDUAREN 30. URTEURRENA ETA GUTUN BERRIA

Aurten, Hiri Hezitzailearen Nazioarteko Eguna Hiri Hezitzaileen nazioarteko mugimenduaren sorreraren 30. urteurrenarekin bat dator.

Bilbo Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteko (AICE) kide da 1990ean sortu zenetik. Urte horretan, Bartzelonan antolatu zen Hiri Hezitzaileen Nazioarteko lehen Biltzarra eta, topaketa horren ondorioz, Gutuna idatzi zen. Bertan, 1994an Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkartea (AICE) osatu zuten hiriek beren gain hartu beharko lituzketen balioak eta printzipioak jasotzen dira. Urteurren horrekin batera, gutun honen bertsio eguneratua aldarrikatuko da.

Edizio honen lema hau da: "30 urte pertsonak eta hiriak eraldatzen, mundu hobea lortzeko". Gonbidapen irekia da, AICE osatzen duten 500 hirik baino gehiagok hiru hamarkada hauetako ikaskuntzak partekatu eta herritarrekin ospa ditzaten.