BILBO. 2002az geroztik urtero egin izan duen moduan, Bilboko Udalak aurten ere 'Bizitzaren aldeko hiriak - Heriotza-zigorraren aurkako hiriak' ekimenarekin bat egin du. Hori dela eta, hainbat ekintza eramango ditu aurrera, hala nola Arriaga Antzokiaren fatxada horiz argiztatzea.

Aldi berean, #stand4humanity #nodeathpenalty deritzon nazioarteko web-mintegia antolatuko da, eta bertan, Asia, Europa zein Ipar-Amerikako aditu, aktibista eta gizarte zibilaren ordezkariek beren-beregi nabarmenduko dute Covid-19ak eragindako mundu mailako egungo osasun-krisia giza-eskubideen krisi ez bihurtzeko premia. Web-mintegi honetan parte hartzeko, izena eman behar da esteka honetan.

“Bizitzaren aldeko hiriak - Heriotza-zigorraren aurkako hiriak” Sant’Egidio Komunitatearen ekimen globala da, Amnesty International eta mundu osoko 60tik gora erakunde, abokatu elkargo, sindikatu eta eskualde zein tokiko agintari kide dituen Heriotza-Zigorraren aurkako Munduko Koalizioarekin batera gauzatutakoa. Azaroaren 30a hautatu izanaren arrazoia estu-estu lotuta dago munduan onartutako heriotza-zigorraren lehenengo abolizioaren urteurrenarekin, 1786an gertatu baitzen, antzinako Toskanako Dukerri Handian.

Egun, 142 estatuk, munduko herrialdeen bi herenek baino gehiagok, heriotza-zigorra indargabetu dute legean edo praktikan, Amnesty Internationalek emandako datuen arabera. 1977an, Amnesty Internationalek heriotza-zigorraren aurkako kanpaina globala hasi zuenean, mundu osoko 16 herrialdetan bakarrik zegoen indargabetuta.

2019an, gutxienez 657 pertsona fusilatu, urkatu, burua moztu, elektrokutatu edo injekzio hilgarriaren bidez exekutatu zituzten 20 herrialdetan, batez ere, Txinan, Saudi Arabian, Egipton, Iraken eta Iranen. Kopurua, 2018koa baino % 5 txikiagoa, azken hamarkadan erregistratutako baxuena. Hala ere, gutxienez 26.604 pertsona heriotza-zigorra exekutatzeko zain daude oraindik mundu osoko heriotza-korridoreetan.