BILBO. Asteburu honetan, azaroak 27 eta 28, amaiera emango zaio #BilbaoUdazkena2020 ekimenari programatutako hiru argi-instalaziorekin, Gauerdiko lorategia, Zubietan Zuri eta Nahi gabeko memoria izenekoak. Gero, abenduaren hasierarekin batera, #BilbaoGabonak programa hasiko da.

Udalak jakitera eman du ez dela beharrezkoa izango sarrera ekitaldi horietara sartzeko, aire zabalean izango direnez gero. Ohartarazi du, ordea, nahitaezkoa dela higiene eta osasun arauak betetzea, baita segurtasunekoak ere, eta gomendatu du saihestea pertsonen elkarretaratzeak eta pilaketak.

Bilboko Udalak lanean jarraituko du, "#BilbaoAurrera" planean azaldutako ildotik, covid-19 pandemiaren ondorioak arintzearren, eraginik latzena jaso duten sektoreei eta kolektiboei laguntzearren. Hori dela eta, udazken honetarako kultur eskaintza, Bizkaiko hiriburuan, oso bertakoa da tankeraz, eta Euskal Herriko sortzaileak, artistak eta hornitzaileak dira gailen.

INSTALAZIOAK

Gauerdiko Lorategia, Casilda Iturrizar parkean.

Casilda Iturrizar parkea magiaz eta kolorez jantziko da, Gauerdiko Lorategiko argi eta soinuekin; naturan paseatzera eta hura bestelako ikuspegitik sentitzera gonbidatzen gaituzte ekimen honetan.

  • Ordutegia: 17:30-20:30.

Zubietan zuri, Zubi Zurin.

Zubi Zuri kolorez jantziko da musikaren erritmoan dantzatzen diren argi-sortekin.

  • Ordutegia: 17:30-20:30.

Nahi gabeko memoria. San Nikolas elizako fatxadan.

San Nikolas elizaren fatxadan irudiak proiektatuko dira, soinuarekin batera, uriaren arkitekturaren eta lurralde-egituraketaren eraldaketa islatuko dutenak.

  • Ordutegia: 17:30-20:30.

#BILBAOUDAZKENA2020

Bilboko Udalak kultura-sektoreari laguntzeko apustua egin du, covid-19aren pandemiak gogor jo duen sektoreetako bat baita, eta #BilbaoUdazkena2020 ekimena aktibatu du, udagoien honetan auzoetan barreiatuta eskainiko diren aisia- eta kultura-proposamenarekin. Hilabete hauetan, tokiko konpainia eta artistek auzoak dinamizatu dituzte kalitatezko kulturarekin: musika, zinema, antzerkia, dantza, magia eta literatura, besteak beste.