BILBO. Martxan da eguneroko bizitzan euskararen erabilera sustatzea bilatzen duen Euskaraldia ekimenaren bigarren edizioa. Gaurtik hasita eta abenduaren 4ra arte, 16 urtetik gorako herritar guztiak gonbidatuak daude euskaraz mintzatzera.

Euskararekin konprometitutako bilbotar gisa, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak izena eman du Euskaraldiaren bigarren edizioan, 2018ko lehenengoan egin zuen bezala. Bilboko Udalak lehen edizioan parte hartu zuten 17.000 bilbotarrak gonbidatu nahi ditu esperientzia hori errepikatzera, eta hainbat arrazoirengatik hala egin ez zutenak bat egitera eta euskara indartzen eta eguneroko bizitzan euskara gehiago erabiltzen laguntzera animatzen ditu, Euskaraldia mota guztietako pertsonentzako ekimena baita eta Bilboko aniztasunera ondo egokitzen baita.

Horrez gain, Udalak sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian bere langileen artean euskara erabiltzeko. Udal langileek mezu elektroniko bat jasoko dute lanegun bakoitzean, Euskaraldian parte hartzeko gonbitea eginez.

BILBON EUSKARAZ BLAITU

Gaur goizean, Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntzako zinegotziak parte hartu du antolatzaileek Bilboko 2020ko Euskaraldia abian jartzeko egin den ekitaldian.

Bailen kalean jarritako karpa batean interesdunek informazioa bildu eta ekimenean izena eman ahal izan dute. Gainera, modu sinbolikoan eta Euskaraldiaren aldeko jarrera erakusteko, nahi izan duenak argazkia atera ahal izan du Euskaraldia, Belarriprest eta Ahobiziren logoekin.

BELARRIPREST, AHOBIZI

Gutxienez euskara uler dezaketen 16 urtetik gorakoek erabaki beharko dute zein eginkizun izango duten ariketan, beren hizkuntza-ohiturak aztertuz eta, hautatu ondoren, rol bakoitzaren portaerari eutsiz Euskaraldian.

Ahobizi eta belarriprest rolak ez daude lotuta euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin, baizik eta Euskaraldian pertsona bakoitzak izango duen jarrerarekin:

  • Belarriprest: beti euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira; euskara ulertzen dute eta haiekin euskaraz hitz egitea nahi dute. Agian ez dute euskaraz noiznahi hitz egingo ulertzen duten guztiekin, baina ahal dutenean eta nahi dutenean egingo dute. Gakoa portaeran dago, ez ezagutza-mailan.
  • Ahobizi: euskaraz hitz egingo dute ulertzen duten guztiekin. Solaskideak euskaraz ulertzen duen ez dakitenean, lehenengo hitza beti euskaraz izango da; solaskideak euskaraz ulertzen badu, beti euskaraz jarraituko dute. Ahal den guztietan euskaraz hitz egitea da gakoa. Belarripresten kasuan bezala, portaerak definitzen du rola.

Aurten, gainera, Euskaraldiak berrikuntza bat dakar: ariguneen bidez taldean parte hartu ahal izatea. Aukera hori mota guztietako erakundeei zuzenduta dago (erakunde publikoak, enpresak, kooperatibak), eta modu kolektiboan parte hartu ahal izango dute.

  • Arigune: ariguneek uneoro bermatzen dute euskaraz hitz egiteko aukera, erakundearen barruan edo erakundeak herritarrekin duen harremanean. Talde horietako kideak ahobizi eta belarriprest gisa arituko dira Euskaraldiaren 15 egunetan, baina ariketa taldeka egingo dute jarduera guneetan.

Bilbo osoan 307 erakundek osatu dituzte ariguneak, eta horietan saltokiak, finantza-erakundeak edo enpresak ageri dira. Bestalde, Bilboko Udalak ere ariguneak sortu ditu bere sailetan.

Lau modu daude izena emateko:

  • Webgunean.
  • Telefono mugikorretarako sortu den Euskaraldiaren aplikazioaren bidez.
  • Goienkalen dagoen informazio-puntuan.
  • Auzoetan antolatuko diren ekimenetan eta informazio-mahaietan.