BILBO. Koronabirusaren pandemiak Bilbon eragindako kalte ekonomikoak gutxitzeko asmoz, Udalak #BilbaoBono kanpaina abiarazi du. Kanpaina honi esker, merkataritza, kultura, ostalaritza eta turismoko sektoreek bilbotarren laguntza jaso ahal izango dute. Gaur goizean, hilak 12, #BilbaoBono kanpainaren aurkezpena egin da.

#BilbaoAurrera Planeko neurririk handienetako bat da, shock-programa bat, Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiekin adostua eta sektoreekin eurekin landua; sektoreen ordezkariak aurkezpen ekitaldian izan dira gaur.

Juan Mari Aburto alkatearen arabera, uri batek abian jartzen duen bonu-eskaintza handiena eta osatuena da, eta, Bilboko Udalarentzat, lehenengo aldia da horrelako ekimen bat abian jartzen duena.

Hala, 3 milioi euroko inbertsioa egin da guztira, eta, horietatik, 2,6 milioi euro #BonoBilbao ekimenerako dira, eta gainerako 400.000 euroak Euskadiko erakunde arteko kanpainarako.

2,6 milioi euroko inbertsio honek 9 milioi euroko negozio-bolumena eragingo du urian. Aurrekontu horrekin, 185.000 bonu aterako dira merkatura, 4 sektoreen artean banatuta.

Lehentasunezko xedea da, Juan Mari Aburtok azaldu duenez, ekonomiari eragitea, albait lehen eta iraunkorki, zuzen-zuzen heldu dadin kolektibo profesional horietara, baina "herritarrei eurei ere parte hartu eraginez, bonuak eskura ditzaten barrutietako establezimenduetan eta gertueneko establezimenduetan erosi eta kontsumitzeko. Programa berezi bat da, egungo egoeraren neurrira egina, eta erakargarria izan nahi du, baliagarria eta praktikoa, bai establezimenduentzat, bai erosleentzat".