BILBO. Datorren ostiral eta larunbatean, hilak 6 eta 7, bilbotarrek #BilbaoUdazkena2020 ekimenak programatutako ekintza bereziez gozatu ahal izango dute. Egun horietan, arratsalde-iluntzean, bi instalazio artistiko egingo dira. Sarrera librea izango da, aire zabalean egingo baitira.

Bilboko Udaletxearen aurrealdea mihise handi bat bihurtuko da, eta eraldatze koloretsu bat "pairatuko" du, "Margo Bizien" bidez. Gainera, Bilboko uria eta haren bazterretako ugari ezagutzen dituztela uste dutenek desafio dibertigarri bat izango dute, "Ezagutu Bilbo" hiru dimentsioko instalazioarekin, zeina Uribitarte pasealekuan egongo baita ezarrita.

Ohikoa den legez, instalazio horiek aire zabalean egongo dira, eta haietan ere nahitaezkoa izango da arau higienezko-sanitarioak nahiz segurtasunekoak betetzea. Udalak gomendatu du pertsonen metatzeak saihestea.

Bilboko Udalak lanean jarraituko du, "#BilbaoAurrera" planean azaldutako ildotik, covid-19 pandemiaren ondorioak arintzearren, eraginik latzena jaso duten sektoreei eta kolektiboei laguntzearren. Hori dela eta, udazken honetarako kultur eskaintza, Bizkaiko hiriburuan, oso bertakoa da tankeraz, eta Euskal Herriko sortzaileak, artistak eta hornitzaileak dira gailen.

INSTALAZIOAK

Margo Biziak, Bilboko Udalaren eraikin nagusian

Paul Caballero marrazkilaria prest dago Bilboko Udalari "koloreak ateratzeko". Horretarako, eraikin nagusiaren aurrealdea hautatu du, eta marrazkia eta proiekzioa nahastuz, bertatik bertara koloreztatuko du udaletxearen etxaurrea, mihise handi bat bihurtuz.

  • Ordutegia: 19:30-21:30

Ezagutu Bilbao, Uribitarte pasealekuan, Ramón Rubialen eskulturaren ondoan

Jolas atsegingarria izango da, mugimenduaren bidez harrapatu edo saihestu beharko baitira proiektatuko diren irudi hiru dimentsiokoak, eta aldi berean igarri beharko baita Bilbo den€ala ez. Uriari buruz jakiteko eta hura ezagutzeko desafio bat.

  • Ordutegia: 17:30-20:30

Itsasargiak, Abandoibarrean

Gainera, egunokaz, argiztatuta jarraituko dute, kolorezko iragazkiekin, Abandoibarreko kale-argiak, itsasargiak bailiran: Itsasargiak.

  • Ordutegia: 19:00-21:30

#BILBAOUDAZKENA2020

Bilboko Udalak aurrera jarraitzen du kultura-sektoreari laguntzeko apustuarekin, covid-19aren pandemiak gogor jo duen sektoreetako bat baita, eta #BilbaoUdazkena2020 ekimena aktibatu du, udagoien honetan auzoetan barreiatuta eskainiko diren aisia- eta kultura-proposamenarekin. Hilabete hauetan, tokiko konpainia eta artistek auzoak dinamizatuko dituzte kalitatezko kulturarekin: musika, zinema, antzerkia, dantza, magia eta literatura, besteak beste.

#BilbaoUdazkena2020 garatzeko, osasun-agintariek unean-unean ezarritako segurtasun-protokolo guztiak beteko dira, eta zorrotz aplikatuko dira gomendioak, dela kultura- eta jai-ekitaldiak egiteari buruz, osasun publikoa bermatzeko beharrezkoak diren mugei buruz, nahiz espazio publikoan aire zabaleko jarduerak nahiz ekitaldi jendetsuak egiteko gehienezko pertsona kopuruari dagokienez. Hori guztia, kultur eragileen eta ekitaldi guztietako ikus-entzuleen segurtasuna bermatzeko asmoarekin