Lanak aurrera doaz

Abusuko Ibaieder parkeak hiru espazio berri izango ditu

26.10.2020 | 17:54
Abusuko Ibaieder parkeak izango dituen hiru espazio berrietako baten 3D irudia.

BILBO. Gero eta denbora gutxiago geratzen da Abusuko Ibaieder parkeko lanak amaitzeko. Aurrera doaz bertan egiten ari diren hobekuntzak, eta jendeak laster gozatu ahal izango ditu. Nobedade gisa, parkeak aisialdirako hiru espazio berri izango ditu.

Azken hilabeteotan, Bilboko Udalak hainbat hobekuntza egin ditu parke honetan, bere aukerak indartzeko eta herritarrak bertara joan daitezen, dela kirola egitera, jolastera, eguzkia hartzera, atseden hartzera edo paseatzera, ingurune natural atsegin batez gozatuz. Egoteko leku berriak egiteko gaur abian jarri diren obrekin inguruaren eraldaketa osatuko da.

Zehatz esateko, bereizitako hiru eremu sortuko dira parkeko bideen artean. Horietako batean begiratoki bat egongo da, itsasadarraren gainean harmailak dituena, txakurren jolasgunearen, erdiko ezpondaren gainean.

Guztira, hiru eremu berri horiekin 580 metro koadro irabaziko dira, eta, horrela, parkearen barruan jendea biltzeko gune txikiak jarriko dira. Horiek egurrezko oholtza bat izango dute ingurunearekin ondo integratzeko eta, eserlekuak eta paperontziak ere jarriko dira.

Hiru gune horiek non jarri erabakitzeko kontuan hartu dira irizpide hauek:

  • Zuhaitzak egotea, gune horiek sortu ahal izateko.
  • Orografia;malda handiko eremuak ez izatea, lur-erauzketak eta harri-lubetak egin beharrik ez izateko.
  • Hurbilekoak eta irisgarriak izatea eta erdi aldean egotea.

Proiektuan beren-beregi zaindu da parkean dauden zuhaitzak aprobetxatzea, egoteko eremu berriak sortzeko eta horrela haien itzala baliatzeko. Jarduketa honi lehentasuna eman diote auzotarrek Auzokide Planaren barruan. Lanak egiteko 4 hilabeteko epea izango da, eta 294.606 euro inbertituko dira.

1. JARDUKETA. EGOTEKO LEKUA, IBAIERTZEKO PASEALEKUA

Parkeko bidegurutze batean dago, ibaiertzeko pasealekurantz begira. 275 m?2;-ko azalera dauka eta zuhaitz bi hartzen ditu, lehendik zeudenak, itzala egingo dutenak. Perimetroan lau jesarleku eta zaborrontzi bi jarriko dira.

2. JARDUKETA. BEGIRALEKUAREN ETA IBAI GAINEKO HARMAILEN GUNEA

Ezponda horretan, txakurren gunearen ondoan, 55 m?2;-ko egonleku bat taxutuko da, egurrezko tarimazko zoladurarekin; hortik harmailetara eta zurezko plataforma batera sartuko da, itsasadarrerako begiratoki bat osatuko dutenak. Plataforman informazio-kartel bat jarriko da, parkeko fauna balioesteko balioko duena. Begiratokia zurezkoa izango da eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitutako bi gune izango ditu.

3. JARDUKETA. EGOTEKO LEKUA, BEHEKO PASEALEKUA

Hirugarren egonlekua beheko pasealekuan dago, Abusu kalearen paraleloan, parkearen erdialdean, eta 250 m?2;-ko azalera du. Hau ere zurezko oholezko zoladuraz egingo da eta perimetroan bost banku eta bi zakarrontzi ipiniko dira. Zuhaitz bi ere badaude, kerizpea emango dutenak.

IBAIEDER PARKEA

Ibaieder parkeak duela hilabete gutxi kirol eremu berriak estreinatu ditu, hala nola skatepark bat (skateboarding-A, BMX patinajea eta Freestyle scooter egiteko) eta cross training eremu bat, era horretako ariketak egiteko eskaera gero eta handiagoari erantzuteko. Umeentzako jolasgunea –jolasak eurak eta estalkia- ere berritu da.

Oraintsu egindako beste hobekuntza batzuk hauek dira: picnic-erako gune berri bat, egurrezko etzaulkiak, ping-pong-eko hiru mahai, hogeita bost metroko tirolina mekaniko handi bat, pasealeku nagusitik bereizitako running zirkuitu bat, eta ibaiertzeko pasealekua babesteko barandaren ordez zurezko hesi bat ipintzea.

AUZOKIDE PLANA

Abusuko Ibaieder parkean egingo diren lanak auzoak hobetzeko Auzokide Planaren barruan daude. Herritarrek parte hartzeko Bilboko Udalak duen tresna garrantzitsuenetako bat da, eta, horri esker, herritarrek, eragile politiko eta sozialek Bilboko barrutietako kontseiluen bidez lehenetsitako hobekuntza-lanak eta -jarduerak gauzatzen dira.

Aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko.