BILBO. Bilboko familia bizimodua eta umeen aisialdi hezigarria sustatzeko Udalak sortutako Haurgune programak 3 eta 5 urte bitarteko umeei bideratutako 72 plaza berri eskainiko ditu bere edizio berrian.

Aurreko edizioetan, Haurguneetan parte hartzeko gutxieneko adina 5 urte zen; baina iragan irailean, Bilboko Udalak abian jarri zuen 3 eta 5 urte bitarteko adingabeentzako programa pilotu bat Abandoko udaltegian.

Ikusirik zer arrakasta izan zuen eta familien eskaria, Udalak erabaki du programan leku gehiago eskaintzea Deustuko, Begoñako, Iralako eta Zorrotzako barrutietako txikienentzat.

Era horretan, 3 eta 5 urte arteko umeentzako Haurgune programa udaltegi hauetan gauzatuko da:

  • Abandoko udaltegian, astelehenetan eta martitzenetan.
  • Deustun eta Zorrotzan, ostegunetan,
  • Begoñan, martitzen eta eguenetan
  • Iralan, martitzetan.

Kasu guztietan, ordutegia 17:30etik 19:30era izango da, eta talde bakoitzean gehienez ere 12 adingabe izango dira.

Kideguneei dagokienez ere bada berritasun bat; Iralan sortu den eskaria dela eta, aste barruan, asteazkenetan, Kidegune bat jarriko da martxan gune horretan, eta izen-ematea 2009 eta 2011 artean jaiotakoei irekiko zaie asteazkenetan.

Haurguneak eta Kideguneak begiraleek dinamizatzen dituzten gune batzuk dira, non aisialdi hezigarriko jarduera asko gauzatzen baitira; aurtengo edizioan, umeek, jolasen bidez, Garapen Jasangarriaren Helburuen inguruko ezagutzak bilduko dituzte, eta bai ere Bilboko Balioen Agirian jasotzen diren balioen ingurukoak.

Interesa duten familiek e-mail bat bidali behar dute haurzerbitzua@bilbao.eus helbidera, zein udaltegitara eta zein egunetan joan nahi duten adieraziz, eta telefono zenbaki bat ere emanez harremanetarako; edo, bestela, 94 420 43 94 telefono zenbakira deitu behar dute goizeko ordutegian.

OSASUN ARLOKO NEURRIAK

Herritarren osasuna zaintzeko helburuarekin, zenbait osasun-neurri jarri ditugu:

  • Nahitaezkoa izango da maskara janztea, salbu eta 3 eta 5 urte bitarteko umeentzat.
  • Zentroan sartu eta irtetean, adingabeek eskuak garbitu beharko dituzte; gel hidroalkoholikoa eskainiko zaie horretarako.
  • Ateak irekita egongo dira, heldulekuak ukitu behar ez izateko, komuneko atea izan ezik.
  • Geletako ateetako heldulekuak desinfektatu egingo dira, jarduera egin baino lehen eta erabili ondoren.
  • Leihoak zabalik egongo dira eguraldia traba ez den guztietan.
  • Haurguneetan eta kideguneetan espazio bat egongo da, leihoarekin eta komunarekin, umeak han isolatu ahal izateko, covid-19 izan dezaketela susmatuz gero.
  • Talde bakoitzak bere materiala edukiko du, eta material hori erabili ondoren desinfektatu egingo da.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren araudia eta gomendioak betetzearren, Ibaiondoko barrutiko Haurgunea eta Kidegunea lekuz aldatu da, Zazpi Kaleetako Belostikaleko lokal batetik San Frantziskoko udaltegira (sarrera Mariaren Bihotzaren plazatik duela).

Udalaren programa horietan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da osasun-neurrien gaineko konpromisoak onartu eta sinatzea, eta programatik kanpo uzteko arrazoia izango da horiek ez onartu edo betetzea. Gerta liteke Haurgune programetan aldaketak eta/edo ezeztatzeak gertatzea, egoera sanitarioa nolakoa.