BILBO. San Adrián eta Miribilla auzoen artean dauden Emiliano Arriaga lorategiek saskibaloi-kantxa bat izango dute. Bilboko Udalak aisialdirako espazio berri bat irekiko du, kirol ekipamendu berriak bilbotarrei hurbiltzeko helburuarekin.

Emiliano Arriaga lorategiek Martín Barua Picaza kaleak, Zumadi kaleak eta Mirafloresko errepideak mugatzen dute, eta hiruki forma dute; badute erdiguneko eremu bat ere, zeina errepide batek zeharkatzen baitu, mugakide dituen kaleetara hainbat aterabide dituena.

Erdiguneko eremuak, halaber, bi zati ditu. Alde batean, umeen olgeta lekuak daude, eta, bestean, egoteko leu bat, hainbat eserlekurekin. Udalak erabaki du bi gune bereizi horiek berrantolatzea eta umeen olgeta-lekuari beste kokaleku bat ematea, eta haien lekuan saskibaloiko jokaleku bat eraikitzea, arauzko neurriak izango dituena.

Olgetarako lekua egoteko lekura aldatuko da, zeina, une honetan, hutsik baitago, inolako azpiegiturarik gabe.

Beste alde batetik, saskibaloiko jokalekuak neurri ofizialak izango ditu, eta hesi batek inguratuta egongo da, parkearen beste erabiltzaile batzuen segurtasuna eta ondoan ibiliko diren ibilgailuena bermatzearren. itxitura berezia eta metalezkoa izango da, balaustradak eratuko dituzten hodiez eraikia. Garaiera aldakorra izango du, 2,60 metrokoa saskien eremuan, han izango direlarik garaien, eta 1,80 metrokoa alboetan.

Inguru guztian izango duen hesiak bi ate izango ditu jokalekura sartzeko. Jokalekurako sarbide nagusia egungo eremu zolatutik izango da, jokalekuak izango duena baino kota beheragoko batetik, eta, beraz, eskailera batzuk izango dira lurretik jokalekuraino. Beste alde batetik, alboetako sarbidea Martín Barua Picaza kaleko larretik datorren bide batetik izango da, eta arrapala bat izango da horretarako. Saskibalio jokalekuaren zorua hiru koloreko diseinu batekin margotuko da. Jokalekua lau zutabe handiren bidez argiztatuko da, bakoitzak lau argi proiektore dituela.

Lorategi gunea instalazio berriari egokituko zaio, eta, hala, jokalekuak larre bat izango du inguru guztian, larrea muna batek inguratzen duelarik.

UMEEN OLGETA-LEKUA

Umeen olgeta-lekuan gomazko segurtasun-zoladurak ipiniko dira; lehengo kokalekuan zeuden elementuetako batzuk lekuz aldatuko dira, eta beste berri batzuk gehituko zaizkio. Gomazko zoladuraren koloretako diseinua eta marrazkia lotuta egongo dira saskibaloi jokalekuarenarekin.

Hiri altzariei dagokienez, gaur egungo iturria birkokatu egingo da, eta lehendik zeuden hiru eserlekuak berritu egingo dira, eta berriro ipiniko dira.

Lanak egiteko 5 hilabeteko epea izango da, eta 373.000 euro inbertitu dira.

PARTE HARTZE BIDEZKO AURREKONTUAK

Bilboko parte-hartze bidezko aurrekontua bilbotar guztientzat zabalik egongo den prozesu bat da, Udalaren aurrekontuaren zati bat zertan erabil daitekeen proposatzeko aukera izan dezaten.

Bilboko Udalak bi milioi euro izendatu ditu Udal aurrekontuaren proiektua landu aurretik abiarazitako prozesuan jasoko diren proposamenetarako.