BILBO. Gaur, hilak 20, Bilboko Udalaren Osasun eta Kontxumo Sailak perretxikoak identifikatzeko urtero eskaintzen duen zerbitzuaren lehenengo saioa egin du. Zerbitzua erabat doakoa da, eta horren helburua perretxikozaleak jaso dituzten perretxikoak jan ahal diren ala ez jakinaraztea da.

Aurten, covid-19agatik hartu beharreko neurriak direla eta, aurreko astelehenean egin beharko da kontsultetarako hitzordua, 09:00etatik 13:00etara, telefono hauetan: 944204963/ 944204924/ 944204900.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zinegotziak, Yolanda Díezek, Osasun sailak Ugalde kalean duen egoitzan (Ugalde, 7-2) aurkeztu du zerbitzua. Hortxe erantzungo zaie, hain zuzen, mikologiaren zaleen kontsultei. Adierazi duenez, "Perretxikoak Identifikatzeko Zerbitzua ohiko jarduera da dagoeneko, perretxikoak eta onddoak biltzeko zaletasuna dutenek aintzat hartzen dutena, eta Bilboko udalak udazkenero martxan ipintzen duena, kontsumorako egokiak ez diren aleek osasunari egin diezaioketen kaltea txikiagotzeko asmoz".

Zerbitzuak asteartero emango du arreta, urriaren 20tik abenduaren 1era arte, 10:00etatik hitzordua duten guztiak artatu arte (20, gehienez ere). Joan baino lehen, covid-19az kutsatzea saihesteko osasun-neurri modura, aurreko astelehenean hitzordua egin beharra dago, 09:00etatik 13:00etara.

Doako zerbitzu horren helburu nagusia bildutako aleak kontsumitzeko egokiak ote diren zehaztea da, balizko intoxikazioak saihesteko. Hartara, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zinegotziak, Yolanda Díezek, herritarrei dei egin die zerbitzua erabili eta jasotako perretxikoez edo onddoez sortzen zaizkien zalantza guztiak kontsulta ditzaten.

Era berean, elikagai horien kontsumitzaileei gogorarazi egiten zaie ondoezik sentituz gero larrialdi medikuetako zerbitzuetara jo behar dutela.

GOMENDIOAK

Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak hainbat aholku eman nahi dizkie mikologiazaleei, Perretxikoak Identifikatzeko Zerbitzuan jasoko duten arreta optimizatzeko:

  • Hitzordua erreserbatzea aurreko astelehenean, 09:00etatik 13:00etara bitartean, telefono hauetako batera deituz: 944204963/ 944204924/ 944204900.
  • Instalazioetara maskararekin joatea eta pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-tartea uztea.
  • Bildutako espezie bakoitzaren ale batzuk eramatea (oina osorik eta ebaki gabe atera lurpetik), elkarrekin nahastu gabe.
  • Garatutako ale osasuntsuak besterik ez biltzea (harrak jo gabekoak).
  • Ahal den heinean bilketa egin duen pertsona joatea zerbitzura, habitataren eta inguruaren gaineko datuak eman ahal izateko.
  • Perretxikoak bildu ostean albait arinen egitea kontsulta (bi egun geroago, beranduenez) eta aleak plastikozko poltsetan ez gordetzea, ahalik eta zabalduen eta hozkailuaren beheko aldean baizik, eta zapi garbi eta lehor batez estalita.
  • Identifikatu aurretik aleak ez garbitzea, ezta izoztea ere, kolore eta usain naturalaren parte handi bat galtzen baitute, eta perretxiko-mota desberdinak ontzi berean ez nahastea.